Elkarrizketak

"Euskal historiaren azken 100 urteak kontatu ditut oraingoan"

Jon Goikouria Larrabeiti 2017ko mai. 17a, 09:44
Kirmen Uribe idazle ondarroarra.

Kirmen Uribe Urbieta (Ondarroa, 1975) idazleak Sopelako Kurtzio kultur etxea bisitatuko du maiatzaren 18an. Irakurketa Klubak gonbidatuta, berbaldia eskainiko du bere azkenengo nobelaren inguruan: Elkarrekin Esnatzeko Ordua, Gerra garaian girotutako eleberria da. Idazketa-prozesuaz, pertsonaiez, formaz eta gaiaren inguruaz jardungo da, besteak beste.

Zertan zatoz maiatzaren 18an Sopelako Kurtziora?
Irakurle Klubean nire azken nobelari buruz hitz egingo dut: Elkarrekin Esnatzeko Ordua. Bertan izango dira eleberria irakurri duten pertsona taldea, eta azken lan honetaz arituko gara: idazketa-prozesuaz, pertsonaiez, formaz, gaiaren inguruan... inpresioak partekatzea izango da jardunaldiaren helburua.

Zer kontatzen duzu Elkarrekin Esnatzeko Orduan?
Istorio erreala kontatzen dut eleberrian, pertsonen arteko benetako istorioa. Nobelaren istorioa hirukote baten inguruan jaiotzen da: Karmele Urresti, protagonista nagusia, Ondarroako erizain bat da. Gerrak familiak zuen den-dena kendu dio eta Parisera erbesteratuko da, Eresoinka talde kulturalakaz. Bertan bere senarra ezagutuko du Bilboko Orkestra Sinfonikoko musikari ezaguna den Txomin Letamendi. Elkar ezagutu eta gutxira, Bigarren Mundu Gerra hasiko da eta Venezuelara joango dira, baina bertan egonik, Agirre Lehendakariak Zerbitzu Sekretuan sartzea eskatuko dio Txomini. Horixe da nobelaren abiapuntu nagusia. Istorioko hirugarren pertsonaia Manu Sota da, Ramón de la Sota Llano enpresari aberatsaren semea. Manu Sota, aita ez bezala, bohemioa zen, Cambridgen ikasitakoa eta oso pertsona kultua, 20. hamarkadan Bilboko bizitza kulturala mugiarazten zuena. Euskal Selekzioa sortzeaz gainera, Eresoinka enbaxadako zuzendaria izango da. Gainera, Euskal Gobernuko ordezkaritza zabalduko du New Yorken, lehen aldiz. Txominen lagun mina da, eta hiru pertsonaia honekaz batera Agirre Lehendakaria, Roosevelt, Wallace presidente ordea, Guridi, Hemingway... bezalako pertsonaia historikoak agertzen dira eleberri honetan eta istorioko protagonisten bizitzakaz nolabaiteko harremana izango dute, modu batean edo bestean.

Beti idatzi nahi izan dudan nobela aipua agertzen da Susa Edizioak argitaratutako booktrailer-ean.
Aspaldidanik ezagutu izan dut Karmele Urresti eta bere istorioaren zertzelada batzuk. Bere istorioaren berri izan nuenean euskal historiaren azken 100 urteak kontatu zitezkeela ikusi nuen. Ez bakarrik euskal historia politikoarenak; gerra-aurreko giroa, Gerra Zibila, Bigarren Mundu-Gerra, erresistentzia garaia, erbesteak, euskal kultura babesteko egin ziren ahalegin guztiak, ETAren sorrera... Franco hil arte. Garai hori dena lehen pertsonan kontatu dut liburuan. Emakume honen iraganagaz gure historiaren hausnarketa egin dezakegula uste dut. Liburua irakurtzen duenak Euskal Herrian azken 100 urteetan zer gertatu den jakingo du, zalantzarik gabe.

Zelan ezagutu zenuen Karmele?
Amaren laguna zen. Amak esaten zidan emakume hark istorio ona zuela eta noizbait elkarrizketatu behar nuela. Baina Karmele hil egin zen eta ni oso gaztea nintzen. Momentu horretan ez nintzen gai sentitu istorio hau paperera eramateko. Aurreko nobela biak idatzi ostean eleberria egitea erabaki nuen. ETAren su-etenak adierazi du gizartea atzera begiratzeko prest dagoela. Orduan dokumentatzen hasi nintzen.

Egundoko lana dokumentatzeko.
Lau urte eman ditut dokumentatzen eta nobela idazten. Dokumentaziorako Bilboko Artxibategian, Kataluniako Artxibategi Nazionalean, Estatu Batuetan, senideei elkarrizketa ugari egin dizkiet... Dokumentazio-lanek ezagutzen ez genituen datu ugari eman dizkigute istorioa behar bezala eraiki ahal izateko.

Ideia sortzen zaizunetik liburua idazten duzunera arte, zelakoa da zure sormen-prozesua?
Oso luzea. Liburuak intuizioetatik sortzen dira. Hasieran buruan laino bat baino ez dago, eta laino hori saretu edo gauzatu behar da. Eszena, irudi, esaldi edo pertsonaia batetik sor daiteke nobela bat. Nik Karmele Urrestiren pertsonatik abiatu nintzen. Nobela guztiak ez dira berdin idazten. Nire liburuan, autorea ez da orojakilea; autorea ikertzen dabil denbora osoan zehar, gizon-emakume hauen bizitza arakatzen. Aurkikuntzak egiten diren heinean, eleberriak birak dauzka alde batera edo bestera, eta egileak zein irakurleak ez daki zer gertatuko den istorioan zehar.

Zelan bihurtu zinen idazle?
Betidanik izan naiz literaturzalea eta irakurlea. Gure etxean storytelling asko egon da: amonak, aitonak, amak, aitak... hitz egiteko eta iraganeko gauzak kontatzeko zaletasuna izan dugu betidanik familian. Nire kasuan, oso goiz hasi nintzen irakurtzen eta oso naturala izan da prozesu hau nire bizitzan zehar. Institutu garaian idazle izango nintzela oso argi neukan eta lortu dut dagoeneko.

Liburuak idatziz bizi daiteke gaur egun?
Ni bizi naiz, baina ez dakit... Oso zaila da idazle profesionala izateaz bizitzea: euskal irakurleak ez dira asko eta horregatik norberaren liburuak beste hizkuntzetara itzuli beharra dago. Ez da erraza, baina erabaki hori aspaldi hartu nuen. Hasiera batean ez neukan dirurik kontu-korrontean, baina aurrera jarraitu nuen. Niretzat oso garrantzitsua da idazle profesionala izatea. Ez du zerikusirik oporretan idaztearekin.

Bost eguneko lan-egunak edo zazpi egunekoak?
Bost egunekoak, mesedez! Kar-kar. Zazpi egunekoak ezta pentsatu ere! Bi egunetan jaia behar dut. Literatura esparruko langilea naiz eta gainera etxean beti izan dugu kontzientzia handia langileen eskubideen esparruan, mundu hobeago baten aldekoa. Umeak ditut eta eurekin denbora ematea gustuko dut. Idazlea izatea ez da idazteko kontua soilik; irakurtzeko eta pentsatzeko denbora izatea berebizikoa da ere. Asko pentsatu behar da egunean zehar, idazteak lan gutxiago ematen du pentsatsearekin alderatuta.
Literatura modernizatu du e-bookak. Horren aldekoa ala kontrakoa zara, edo ez dizu axola?
Irakurlegoa zabaldu egiten dute. Jende asko dago paperezko liburuak irakurri ezin dituenak letra-tamaina kontuagatik, erosoak ez direlako agian... jende nagusiarentzat asmakizun izugarria da e-booka, esaterako. Ez daukat gailu honen aurkako iritzirik.

Eta zuretzat?
Nik paperean irakurtzen dut beti, baina internet eta sare sozialak bezalako bestelako baliabide teknologikoak erabiltzen ditut. Teknologia berrien aldekoa naizela esan daiteke, kar-kar. Hala ere, Estatu Batuetan egon naizenean konturatu naiz teknologiaren maitale sutsuak izan arren paperean irakurtzearen ohitura daukatela, azken batean plazerra delako liburuak paperean irakurtzea, kar-kar.

Proiekturik baduzu begi-bistan epe labur edo luzera?
Ez dut astirik izango buruan ditudan ideia guztiak paperera eramateko, kar-kar. Epeak beti jarri behar dira bestera, kontuak gehiegi luzatzen dira, eta nik ideia ugari dauzkat buruan. Kontua da ideiak buruan oso ederrak direla. Arazoa ideia horiek paperera eramatea izan ohi da.

Bertan kontu asko jasotzeko beharra dagoelako?
Liburu baten idazketa gehiegi luzatzea ez da komenigarria. Liburu batek idazleak berak bizitako momentu bat kontatzen du. Epeak ezarri behar dira, azterketekin gertatzen den bezala: ondo edo txarto egin dezakezu proba, baina hiru ordutan azterketa amaitu behar duzu. Gainera, nire ofizioaren sineslea naiz: nobelak bata bestearen atzean idatzi behar direla uste dut. Horrela egiten da idazle on bat.

Zer daukazu buruan oraintxe bertan proiektu berriei dagokienez?
Nobelak, poesiak... Momentu honetan Itoizeko Juan Carlos Pérez artistarekin elkarlanean nabil opera lan baten libretoa sortzen ari naiz egun hauetan zehar.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun