Udal-hauteskundeak 2019

Sopelako EAJ: "Gu ere prest Sopela garatzeko"

Iker Rincon Moreno 2019ko mai. 23a, 09:09
Josu Landaluzek gidatutako hautagaitza-taldea aurkeztu du EAJk. © SOPELAKO EAJ

Kudeaketan "esperientzia anitza" duen taldea proposatu du Sopelako EAJk domekan izango diren udal-hauteskundeetarako, udalerri "adeitsu, iraunkor, abegitsu eta berdintasunean ardaztua dagoen herri bat garatzeko ilusioz beterikoa".

Jeltzaleek aurkeztutako proposamenen artean Urkoko kirol-gune berria azpimarratu dute: "Futbol instalazioak hobetu eta padeleko pista bi eta teniseko bat egingo ditugu". Horrez gainera, kirol askotarako aretoak, korrika egiteko 1,2 kilometroko zirkuitua, skatepark berri bat eta abentura-gune bat sortuko dutela iragarri dute. Era berean, Iturrieta parkeko pilotalekua estaliko dutela iragarri dute, urteko 365 egunetan erabili ahal izateko rokodromoa, patinajerako guneak, umeentzako parkeak eta gazteentzako azpiegiturak.

Udalerriko gaztetxoentzako eskolak zeresana eman du azken urteotan Sopelan. Konponbide baten beharrean daude; hala, Zipiriñe eskola hedatzea proposatu dute jeltzaleek.

Gazteentzako 47 etxebizitza eraikitzea ere proposatu dute EAJko hautagaiek: 35 alokairuan eta 12 salmentan. Horrez gainera, gazteei begirako SOPELAB azpiegitura sortuko dutela iragarri dute, bertan ikasteko gelak, liburutegi berria eta aisialdirako guneak izango dituena.

Era berean, gune publikoak hobetzeko eta oinezkoen mugikortasuna eta irisgarritasuna bermatzeko neurriak hartuko dituztela jakinarazi dute.

Genero-berdintasunari dagokionez, EAJren helburu "nagusienetako bat" berdintasuna dela azaldu dute jeltzaleek. Hala, Eudeleko Berdinsarea eta Emakundegaz elkarlanean, euren politiketan genero ikuspegia txertatzen jarraituko dutela iragarri dute.

Hondakinen bilketaren harira, horiek batzeko sistema "hobetuko" dutela iragarri dute jeltzaleek, "edukiontzi barriakaz eta herritarren artean egingo diren kanpainei esker".

Garapen ekonomikoa da Sopelako EAJren azken lan-ildoa. Horretan, Uribe Kostako Behargintzaren laguntzagaz, formakuntza eta lan-sustapen programak garatuko dituztela iragarri dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun