Emakume Langileen Nazioarteko Eguna 2021

"Eskubide bat besterik ez da, berdintasuna" kanpaina bisuala aurkeztu du Sopelako Udalak

Erredakzioa 2021ko mar. 3a, 14:30
Teresa Fernandez eta Josu Landaluze erakusketako argazkiakaz. © SOPELAKO UDALA

Sopelako emakumeen argazki-erakusketa jarri dute herriko metro-geltokietan eta autobus-markesinetan. Horiek pentsatzen dutena azaleratzeko Berdintasun Begiradak bideoa ere aurkeztu dute, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta antolatu dituzten ekintzen barruan.

Sopelako Udalak Emakumeen Nazioarteko Egunagaz bat egin du, eta, horretarako, "Eskubide bat besterik ez da, berdintasuna" kanpainari hasiera eman diote gaur, martxoak 3, Larrabasterrako metro-geltokian. Josu Landaluze alkatea eta Teresa Fernandez Gizarte Ekintza eta Berdintasun eta Lankidetza Saileko zinegotzia izan dira martxoaren 8ari begira egingo dituzten ekintzen berri eman dutenak; izan ere, mundu osoan genero-desberdintasunak errealitatea izaten jarraitzen duela gogorarazi gura izan dute.

Kanpaina bisuala dela azaldu dute. Horretarako, Sara de Diego argazkilari sopeloztarrak herriko kultur, kirol, enpresa eta ekintzaile emakume esanguratsuei egindako 14 argazkiren erakusketa antolatu dute. Horiek ikusgai daude Larrabasterra eta Sopelako metro-geltokietan eta herriko autobus-markesinetan. Protagonisten artean daude Ugeraga, Itzartu, Sopelako Igeriketa Kluba, Zirrimarra, Lagun Artea Abesbatza eta Merkataritza eta Ostalaritza Elkarteko kideak eta June Ansoleaga ETBko kazetaria, besteak beste.

Horregaz batera, Beatriz Nieto errealizadore sopeloztarrak Berdintasun begiradak izeneko bideoa ere sortu du. Bertan, aipatutako emakume protagonista batzuen ikuspuntua biltzen da, euren esperientzia eta bizipenak kontutan izanda, gizartearen "benetako berdintasuna" lortzeko duten ikuspuntua adierazita. Bideoa sare sozialen eta Sopelako Udalaren web orrialdearen bidez zabalduko da.

Horretaz gain, martxoaren 8aren aurreko eta ondorengo egunetan, olan bat jarriko dute udaletxearen fatxadan; eta eraikina argi morez argiztatuko dutela adierazi dute.

Sopelako Udala, indarkeria-matxistaren aurka

Berdintasun Planen bidez, bai Sopelako Udalak bai Uribe Kostako Mankomunitateak genero-indarkeriaren aurkako borroka sustatzearen alde egiten dutela azpimarratu dute gaur. Horretarako, azken hilabeteetan III. Berdintasun Plan Mankomunatua onartu dutela gogorazi dute, 2023ra bitartean garatu beharreko hainbat ekintza ezarriz.

Sopelako Udala ere 2016ko emakumeen eta gizonen berdintasunerako ordenantza berrikusten ari dela jakinarazi dute gaur. Horretarako, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren Europako esparrua kontutan hartu dutela adierazi dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun