Kultura 2004-11-23 20:44

Lehiaketako postal irabazlea Sopelako Gabonetako irudia izango da

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Sopelan postalen lehiaketa martxan jarri dute, 9 eta 14 urte bitarteko dituzten neska-mutilei zuzenduta. Postalak ikazkin zaharraren irudian oinarritu eta "Olentzero 2004" leloa agertu beharko da idatzita. Irabazle suertatzen den lana Gabonetako ekitaldiak iragartzeko erabiliko dute. Udaletxeko Hall Kulturalean aurkeztu behar dira, azaroaren 30a baino lehen, astelehenetik ostiralera 18:00etatik 21:00etara.
  Kultura 2004-11-20 21:33

Euskara Asteaz mintzatzean erdara dario Sopelako udal webguneari

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri "A finales de este mes y principios de diciembre se van a celebrar todas las actividades que se han programado con motivo de la Euskararen Astea”, horrela hasten da www.sopelana.net-ek "Euskararen Astea: azaroaren 26tik abenduaren 10era" izenburupean ematen duen albistea.
  Jendartea 2004-11-12 22:33

Sopelako Udaltzaingoko egoitza berria inauguratu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gaur 18:00etan ireki dute Sopelako Udaltzaingoko egoitza berria. Besteak beste, gizarteko estamentu ezberdinetako kideek parte hartu dute ekitaldian, Imanol Garay alkateari polizi-etxea inauguratzeko zinta mozten laguntzeko. Besteak beste, Josu Landaluze Herrizaintza zinegotzia, Lagun Artea eta Itzartu elkarteetako ordezkari bana eta aurreskua eskaini zuen dantzaria lagundu zioten udal mandatariari. Ekipamendu teknikoaz aparte, toki handiagoa izango dute udaltzainek. Izan ere, hiru bulego, bilera aretoa, herritarren arretarako lekua eta komunak jarri dituzte bertan.
  Iritzia 2004-11-09 19:39

Hizkuntza gutxituak - Gabi Basañez / EHEko kidea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Pasa den urtean Parisen burutu zen Europako Foro Sozialetik hiru irakaspen nagusi ekarri genituen EHEkoek. Lehena, gaur egun dugun itzulpen sistemak erabilita eta borondatea egon ezkero europarren arteko harremanak egin daitezkeela bakoitza bere hizkuntzaz ari dela, diskriminaziorik gabe. Bigarrena, globalizazioaren aurkako mugimenduak, mundu anitz baten alde apustu egitean, arreta gehiago eskaini behar ziola hizkuntza minorizatuetako komunitateek garatzen zituzten borrokei. Eta hirugarrena, Europako Itun Konstituzionalak gutxitutako hizkuntzen ofizialtasuna baztertzean, euskaldunon hizkuntza eskubideen zapuzte bidean gainkarga berri bat sortzen zuela eta horri aurre egiteko beharrezkoa genuela beste hizkuntza gutxituetako ofizialtasunaren alde ari ziren herrietako erakundeekin harremanak estutzea.
  Kultura 2004-11-02 22:43

Euskaraz epaitua izateko eskubidea aitortu diote EHEko kideari hiru epailek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Euskal Herrian Euskarazeko (EHE) kidea den Gabi Basañez sopeloztarra gustura agertu da Bilboko Zigor Auzitegiko Lehen Aretoko hiru epaileek itzultzailerik gabe eta euskaraz epaitua izateko eskubidea duela esan diotelako Espainiako Auzitegi Konstituzionalari. Euskara erabili gura duenari eskubide hori ukatzeak eta itzultzaileak erabili behar izateak Espainiako Konstituzioa urratzen duen edo ez argitzeko eskaera ofiziala egin zuten, joan den hilean, Ruth Alonsok, Nekane San Miguelek eta Edorta Herrerak. Besteak beste, herritarrek euskaraz eta itzultzaile gabe epaituak izateko eskubidea dutela esatea, eta hori aitortzeko eskatzen diote Auzitegi Konstituzionalari. Hala ere, Basañezek ez du konfiantza handirik hartuko duten erabakian. Argazkian, Gabi Basañez EHEko kidea.
  Jendartea 2004-10-29 14:42

Domu Santu eguna dela eta, ibilbidea aldatuko du Sopel-busek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Urriaren 30a (larunbata) eta azaroaren 2a (asteartea) bitartean, Sopelako kanposantuan egingo du geldialdia auzo bazterrak eta herrigunea lotutzen dituen autobusak. Beste alde batetik, urriaren 3tik (asteazkena) aurrera, Urkon izango du geltokia Sopel-busek, jardueraren bat egitera edo entrenatzera aipatu zelaietara joaten diren gazteek errazago eduki dezaten bertara heltzea.
  Jendartea 2004-10-27 21:34

Manene-Atxabiribil inguruan aparkalekua egingo dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio eta Lan Publikoen Sailak eta Sopelako Udalak adostutako lankidetza hitzarmena berretsi zuen atzo foru erakundeko Gobernu Batzordeak. Horrela, aparkalekua egingo dute laster Manene-Atxabiribil inguruan, BI-4127 errepidean. Udan jendetza izaten da zonalde horretan eta ondorioz, trafiko "arazo larriak" izaten dira, Patxi Sierra Sesumaga Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramaleak adierazi zuenez.
  Kirolak 2004-10-27 20:28

Euskadiko Txapelketarako izen ematea ostegun honetara arte dago irekita

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Open mailan (surf zein bodyboardean), aurtengo denboraldiko probarik garrantzitsuenetariko bat (azken aurrekoa gainera) jokatuko da, asteburu honetan, Sopelako Arrietara hondartzan. Izan ere, Bizkaiko eta Gipuzkoako kirolaririk onenak parte hartzen dute Euskadiko Txapelketan eta bertatik aterako dira 2004ko txapeldunak. Osteguna honetako 14:00ak arte eman daiteke izena Euskal Herriko Surf Federazioan (EHSF), e-posta edo fax bidez. Inskripzio kuota mailaren arabera izango da eta EHSFko kontu korrontean sartu beharko da dirua.
  Jendartea 2004-10-21 22:55

Oinezkoen gunea egingo dute Atxabiribil inguruan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Atxabiribil hondartzara doan errepideko azken zatian oinezkoen gunea egiteko asmoa iragarri dute Sopelako udal arduradunek. Besteak beste, areatzaren goiko aldean dagoen aparkalekurako sarbideen eta El Peñon-eko errotondatxoaren artean moztuko dute zirkulazioa. Orain egun batzuk Imanol Garai alkateak adierazi zuenez, baliteke aurtengorako martxan egotea aipatu neurria, behintzat horrela espero dute. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak horretarako ematen duen dirulaguntza eskuratu nahi du Udalak. "Lan Publikoetarako foru sailarekin hitzarmena sinatzeko agiri guztiak prestatzen ari gara. Aparkalekurako errotonda eginez, trafikoa hobeto banatu da", azaldu zuen udal mandatariak.
  Kultura 2004-10-21 22:54

Paintball-a egongo da etzi Urkoko zelaietan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Urriaren 29an ospatuko den Udazkeneko Jaiaren harira, painball-a egongo da larunbat honetan, 18:00etatik 23:00etara, Sopelako Urkoko zelaietan. Talde bakoitza zazpi pertsonez osatuta egon beharko da. Parte hartu nahi dutenek bihar arte daukate izena emateko aukera udaletxeko Hall Kulturalean (ordutegia: 18:00etatik 21:00etara).
  Kirolak 2004-10-19 00:21

Perezek irabazi eta Larrinagak euskal zirkuitua erdietsi du Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Atzo jokatu zen Arxabiribil hondartzan euskal bodyboard zirkuituko hirugarren eta azken proba. Open A Mailan, David Perez izan zen garailea Aritz Larrinagaren eta Antonio Hantonen aurretik, bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Joserra Martinez laugarrena izan zen. Gauzak horrela, zirkuituko sailkapen nagusian garaipena Aritz Larrinagak erdietsi zuen Perez bigarren, Hanton hirugarren eta Jon Ander Bengoetxea laugarren izan ziren.
  Kirolak 2004-10-15 21:51

"Euskal Herritar Unibertsala" saria jaso du Joane Somarribak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005eko Munduko Txapelketa eta gero txirrindularitza utziko du sopeloztarrak

Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariaren eskutik hartu zuen atzo Euskal Herritar Unibertsalaren seigarren saria Joane Somarriba txirrindulari sopeloztarrak. Bizikleta gainean lortutako arrakastengatik ez ezik, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna lortzeko "beste inork baino lan gehiago" egiteagatik ere eskerrak eman nahi izan diote horrela txirrindulari sopeloztarrari. Horretaz gain, "Euskal Herriaren izen ona zabaltzeagatik merezi du saria", Ibarretxek nabarmendu zuenez. Bide batez, "profesionalak, babesleak, taldeak eta zaletuak ahaztu gabe", euskal txirrindularitzan diharduten guztien lana goraipatu nahi izan dute.
  Kirolak 2004-10-11 23:50

Data zehatzik gabe atzeratu dute Euskal Bodyboard Zirkuitoko azken proba

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Olatuak falta zirela-eta, epaileek igandera arte atzeratu behar izan zuten larunbatean Sopelako Atxabiribil hondartzan jokatu beharreko Euskal Bodyboard Zirkuitoko hirugarren eta azken proba. Baina atzo egoera antzekoa izan zenez, data zehatzik gabe atzeratzea erabaki zuen Euskal Herriko Surf Federazioak (EHSF). Aste honetan erabaki beharko dute noiz jokatuko den zirkuituari bukaera ematen dion proba.
  Kirolak 2004-10-08 22:48

Bi sopeloztarrek jokatuko dute Atxabiribilen Euskal Bodyboard Zirkuitoko txapela

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Joan den asteburuan surfa izan bazen, urriaren 9an eta 10ean (asteburu honetan) Euskal Bodyboard Zirkuitoko higarren eta azken proba jokatuko da Sopelako Atxabiribil hondartzan, Euskal Herriko Surf Federazioak (EHSF) eta Peña-Txuri Surf talde lokalak antolatuta. Bihar B multzokoak lehiatuko dira eta, igandean, A multzokoen txanda izango da. Azken egunean lehia gogorra espero da gainera. Izan ere, David Perez (Europako zirkuitoan liderra) eta Aritz Larrinaga (euskal zirkuitoko burua) lehiatuko baitira maila gorenean. Biak sopeloztarrak.
  Kirolak 2004-09-30 23:52

Euskal Surf Zirkuitoko txapela egongo da jokoan asteburuan Atxabiribilen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Zumaian eta Donostian lehenengo bi kanporaketak egin ondoren, Euskal Surf Zirkuitorako puntuagarria den azkenengo proba jokatuko da urriaren 2an eta 3an (asteburu honetan) Sopelako Atxabiribil hondartzan. Egongo diren bost kategorietan (Surf Open, Emakumeak, Sub 18, Sub 16 eta Longboard) ehun suflari baino gehiagok parte hartzea espero dute antolatzaileek, Euskal Herriko Surf Federazioak (EHSF) eta Peña-Txuri Surf talde sopeloztarrak alegia. Izan ere, puntuez gain, 1.900 euroko saria egongo da jokoan. Beste alde batetik, urriaren 9an eta 10ean (hurrengo asteburuan), Euskal Bodyboard Zirkuitoko azken proba jokatuko da, Atxibiribilen ere bai. Izena emateko 94 473 51 25 telefono zenbakia eta ehsf@euskalsurf.com e-posta jarri dute.
  Jendartea 2004-09-21 23:49

Marrazkia egiteagatik kamiseta jasoko dute Sopelako umeek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Sopelako udaletxeko hall kulturalean marrazki bat aurkezten duten umeek kamiseta bat jasoko dute opari moduan, asteazken honetan, 18:00etatik 21:00etara. Irudi guztiek Kotxerik Gabeko Eguna edota horren inguruan udalerrian egin diren jarduerak izan beharko dute gai moduan. Horiekin erakusketa egingo da udal pilotalekuan. Beste alde batetik, aipatu lekuan zein turismo bulegoan “Sopel-bus” edo “Hondar-bus”eko 12 bidaia-txartela aurkezten dutenei 2,13 euroko balioa duen creditrans bat oparituko zaie.
  Jendartea 2004-09-20 23:26

Arrietara inguruetara kotxeak sartzeko debekua mantenduko dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Behin udaldia amaituta, Larrabasterrako Arrietara hondartzarako bidea ibilgailuentzat itxita mantentzea erabaki du Sopelako Udalak. Ricardo Ibarra Informazio, Komunikazio eta Turismo zinegotziak "El Correo" egunkariari adierazitakoaren arabera, neurri hori ezartzeak hasieran protestak eragin arren, "beharrezkoa da gunea oinezkoentzat egitea, emaitza onak eman dituelako". Hala ere, areatzatik 100 metrora dagoen langa kendu eta "oraindik erabaki gabe" dagoen beste sistema bat jarriko dute, besteak beste, auzotarrenak edota bestelako baimendutako ibilgailuak sar daitezela errazteko. Eta kostaldean dauden ostalaritza lokaletako zamalanetarako ordutegiak egongo dira. Horiek guztiak adosteko, bilera egingo dute, aste honetan, bertako bizilagun eta kaltetuekin. Barinatxeko aparkalekuari dagokionez, ordaintzeko modua aldatuko dute. Uda honetako 5 euroko kuota finkoa kendu eta aparkatutako denboraren arabera ordaindu ahal izango du kotxeetako jabeek. Baliteke makina bereziak jartzea horretarako.
  Jendartea 2004-09-20 23:25

Abadesolo igerilekuen inguruan, akordio batera heldu dira Gorliz eta Sopelako udalek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Sopelako Abadesolo igerilekuetan tarifa berriak jartzearekin batera sortutako egoeraren ondorioz, Gorlizek ekonomikoki laguntzea erabaki dute bi herrietako udal erakundeek, bigarren horretan erroldatutako aipatu kirol instalazioetako bazkideek orain arte izan dituzten antzeko baldintzak mantendu ditzaten. Halaber, datorren urtera begira, Barrika eta Urdulizko udalek Sopelakoarekin daukatenaren antzeko hitzarmena Gorlizek ere lortzeko lehenengo pausuak ematea adostu dute bi alkateek.
  Jendartea 2004-09-17 00:23

Mugikortasun Iraunkorraren Astearen baitan, bizikletada egingo dute igandean Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Irailaren 22an, Europako herrialdeetan ospatzen den Kotxerik Gabeko Egunarekin bat egin eta, azteazken horretan, "ahal dela" autorik ez erabiltzeko gonbitea luzatu die herritar guztiei Sopelako Udalak. Horrekin batera, Mugikortasun Iraunkorraren Astearen baitan, hainbat jarduera antolatu dituzte irailaren 17 eta 19rako. Besteak beste, igandean, adin guztietako lagunentzako bizikleta ibilaldia egingo dute, Ugeraga kirol elkartearen laguntzaz. Besteak beste, 12:30ean abiatuko dira Udaletxeko plazatik eta udaltzainen kotxea joango da aurretik eta auto erratza eta anbulantzia atzetik. Parte hartzaileei kaskoa ez ahazteko gogorazten diete antolatzaileek.
  Jendartea 2004-09-14 23:37

Auzo bazterrak eta herrigunea lotuko ditu Sopel-busek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Herritarren eskaerei erantzunez, Sopel-bus abian jartzea erabaki du Sopelako Udalak, urrutiko auzoak metro geltokiekin eta herrigunearekin lotzeko. Zerbitzua asteazken honetan bertan hasiko da eta honako hau izango da bere ibilbidea: Urbaso kafetegi aurreko autobus geltokia - Kanpina - Sopelmar - Euskadiko Kutxa - Nagusien Etxea- Larrabasterrako metro geltokia (Jako denda aurrean) - Urbaso kafetegia. Txartelen prezioa, berriz, 0,50 eurokoa izango da eta, 5 euro ordainduz, 12 bidai egiteko bonua eros daiteke. Urbaso kafetegian, Keltse, Yako Konfiturak eta Zutarri tabernan egongo dira salgai txartelak. Bonuak merkeago eskuratu ahal izateko, etorkizunean eskaintza ezberdinak egongo direla adierazi dute udal arduradunek. Momentuz, irailaren 17 eta 19a bitartean, Sopel-buseko 12 bidaientzako bono bat aurkeztuz (Hondar-buseko bonoak ere onartuko dira) 2,13 euroko creditrans-a jasoko dute dohainik, udaletxean dagoen turismo bulegotik pasatzen direnek. Eskaintza izakinak bukatu arte izango da baliogarria.

Nabarmenak

Zorion agurrak