Jendartea 2005-10-17 20:45

Sopelan eraikiko diren 75 babestutako etxebizitzak zozketatu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Javier Madrazo Eusko Jaurlaritzako sailburua, Sopelako Udaleko Imanol Garai alkatea, Ricardo Ibarra hirigintzarako zinegotzia eta Jose Vicente Ojinaga EB-Berdeen zinegotziaren babespean Jose Antonio Gonzalez notarioak Etxebidek antolatutako 75 Babes Ofizialeko Etxebizitzen (BOE) zozketa eraman du aurrera Larrabasterrako Urko polikiroldegian gaur goizean. EAJ eta EB-Berdeen politikarien aurrean zozketaren emaitza jakiteko irrikitan zeuden 300 bat bizilagun eta bere protesta agertu duten Sopela Aurrera herri plataforma zein Sopela eta Urdulizko Gazte Asanbladako kideak izan dira. Bere aldetik, Madrazok 650 eta 800 arteko BOE berriak eraikitzeko asmoa azaldu du. Argazkian, erdian, Imanol Garai eta Javier Madrazo.
  Jendartea 2005-10-15 14:31

Babes ofizialeko 75 etxebizitza zozketatuko dituzte astelehenean Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Urriaren 17an zozketatuko dira, Sopelako metro geltokitik hurbil, trenbidea eta Olabide kalearen artean dagoen 9.1 eremuan egingo dituzten babes ofizialeko 46 etxebizitzak; eta Sipiri kaleko plazatik –"balearen parkea" izenarekin ezaguna– hurbil dagoen Zaldu zonaldeko gainontzeko 29ak. Horietako bat eskuratu ahal izateko 300 lagun baino gehiagok eman dute izena Etxebiden, udal iturrien arabera. Bere garaian, "onartutako eskaeren artean, sopeloztarrek lehentasuna izatea" eskatu zitzaion Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Sailari, gogoratu dutenez. Zozketa 12:00etan egingo da, Urko kiroldegian. Zorioneko direnek bi urte barru jasoko dituzte etxeko giltzak. Izan ere, poligono biak 2007rako amaituta egotea aurrikusten dute.
  Jendartea 2005-10-14 12:57

Pertsona bat zauritu da Sopelan furgoneta batek eta auto batek talka egitean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Pertsona bat zauritu da gaur goizean Sopela udalerri parean, furgoneta batek eta auto batek BI-2122 errepidean talka egin dutenean, Plentziarako norabidean, Ertzaintzak jakinarazi duenez. Auto-istripua gaur goizeko 8:40an gertatu da Volkswagen furgoneta baten eta Peugeot 406 baten artean. Ibilgailu bateko gidaria barruan harrapatuta gelditu da eta suhiltzaileek atera behar izan dute. Ondoren Gurutzetako ospitalera eraman dute.
  Jendartea 2005-10-05 14:55

Lonjen auzia dela eta, "hedabideetan nabarmendu nahi izatea" egotzi dio Ezker Batuari Sopelako Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Lonjak etxebizitza bihurtu ahal izateko udal-ordenantza berria eskatuz, EB-Berdeak taldeak aurkeztutako mozioari erantzun dio gaur, prentsa ohar bidez, Sopelako Udalak. "Azken aldian mantentzen ari den jokabideari eutsiz, hedabideetan funtsik gabeko titular arranditsuak izatea da beraien asmoa", EAJk osatzen duen Tokiko Gobernu Batzordeak adierazi duenez. Udal agintarien hitzetan, "proposamen horrek ez luke etxebizitzen prezioa behera egitea lortuko, lonjena garestitzea baizik; eta espekulazioa ekarriko luke horrek". Hori dela eta, arazoari konponbidea bilatzean arreta jartzea eskatu diote Ezker Batuari, "alokatzeko etxebizitza gehiago eta Babes Ofizialeko Etxebizitzen zozketa gutxiago eskainiz, eta Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza jasotzen duten pisuak herritar kopuru handiagoari zabalduz". (Argazkian, Imanol Garai Sopelako alkatea).
  Ekonomia 2005-10-04 12:26

"Zergak ez igotzea bezalakoa da" %3,3 gehiago ordaintzea, Sopelako Udalaren ustez

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Nahiz eta EAJk osatzen duen Sopelako Gobernu Batzordeak gehiengo osoa izan, PSE-EEren aldeko botoak ere jaso zituen, osteguneko osoko bilkuran, 2006rako udal zergak %3,3 (Kontsumorako Prezioen Indizearen igoerarekin bat) igotzeko proposamenak. "Zergak ez igotzea bezalakoa da", adierazi zuten tokiko erakundeko kideek. Tasak ere beste horrenbeste egingo dute gora, zaramari dagokiona izan ezik. Horretan %6koa izango da igoera, "egindako txosten ekonomikoak aurreko tasarekin zerbitzuaren kostuaren %83ra baino ez ginela heltzen agerian utzi zuelako". "Egindako moldaketarekin, berriz, zerbitzuaren %90a ordainduko dute auzotarrek, eta Sopelako Udalak berak hartuko du beregain gainontzeko %10a", azaldu zuen Gonzalo Garcia Ekonomia eta Ogasun zinegotziak. (Argazkian, aurreko osoko bilkura bateko argazkia).
  Jendartea 2005-09-29 12:23

Sahararen aldeko kontzentrazioa egin zuten bart Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ehun lagun inguru batu ziren bart Sopelako udaletxea aurrean, Marokok Mendebaldeko Saharan darabilen okupazioa salatu eta, dagozkion eskubideen defentsan, saharar herriari elkartasuna adierazteko. Getxoko Atfal eta Leioako Fath Sahararen aldeko elkarteen lehendakariek zein Nuyum talde sopeloztarreko kide ugarik parte hartu zuten elkarretaratzean. Bestalde, Rosa Maria Ostogain Berrizko alkate andre eta Euskal Fondoa erakundeko lehendakariak eta Ricardo Ibarra Sopelako alkateordeak (argazkiaren erdialdean) ere heldu zioten pankartari.
  Jendartea 2005-09-28 23:57

Sukaldeko olioaz gain, tabernetako beira birziklatuko dute Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Berangon ezezik, Uribe Kostako Mankomunitatea osatzen duten gainontzeko udalerrietan ere jarriko dute abian erabilitako sukaldeko olioa batzeko egitasmoa, birziklatu eta biodiesel bihurtzeko asmoz. Horretaz gain, Sopelan, sistema berria probatuko du eskualdeko erakundeak, ostalaritza-establezimenduek pilatzen duten beira kopurua "osorik" edukiontzietara heldu dadin. Gauzak horrela, Larrabasterra eta Sopelako udaletxe aldeko 30 taberna zein jatetxe aukeratu eta gurpildun ontzia emango zaie horien jabeei, botilen garraioa erraztu nahian. Urritik aurrera jarriko dute martxan egitasmoa eta, emaitzak ikusita, Mankomunitateko gainontzeko udalerrietara zabaldu ala ez erabakiko da.
  Jendartea 2005-09-28 22:56

Sahararen aldeko enkanterako gaiak utzi daitezke jada Sopelako udaletxean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Aste honetan zehar, Sopelan ospatzen ari den Sahararen aldeko elkartasun astean egingo den enkanterako gaiak eman nahi dituzten guztiek irailaren 30era arte izango dute aukera. Hain zuzen ere, 19:00etatik 21:00etara bitarteko ordutegia jarri dute horretarako, udaletxean. Ostiral horretan bertan ospatuko den enkantean, objektu bakoitzeko ateratako zenbatekoaren %70a horren jabearentzat izango da; eta gainontzeko %30a saharar herriaren aldeko jardueretarako, udal arduradunek jakinarazi dutenez. (Argazkian, irailaren 14an Bilbon egindako kontzentrazioa / Saharatik.com).
  Kirolak 2005-09-28 12:53

Euskal surflaririk onenak norgehiagoka arituko dira Sopelan asteburu honetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Larunbata eta igandean, urriak 1 eta 2, "El Diario Vasco"-Euskal Surf Zirkuituko hirugarren eta azken proba jokatuko da Arrietara-Atxabiribil hondartzan, zirkuitua osatzen duten bost mailetan: Open, emakumeak, 18tik beherakoak, longboard eta taldeka, Euskal Herriko Surf Federazioak jakinarazi duenez. Proba hunkigarria izateko osagai guztiak ditu. Alde batetik, mailarik nagusienean, Open maila, titulua eramango duen surflaria bertan erabakiko delako eta, bosgarren postuan sailkatuta badago ere, Getxo Surf Taldeko Jon Garaik baduelako txapela eskuratzeko aukera. Bestetik, surflari gazteenen artean bat baino gehiago mehatxu bat izatetik titulua eramateko aukera gehien dituztenen artean kokatzera pasatu delako, 15 urteko Marcos Sansegundo zarauztarra kasu.
  Kirolak 2005-09-21 22:24

Somarriba: "Zilar hau urrea bezalakoa da niretzat, ibilbidea ez zelako nire ezaugarrietara egokitzen"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Joane Somarriba txirrindulari sopeloztarra "oso pozik" azaldu da Madrilen jokatzen ari den Munduko Txapelketako erlojuz kontrako lasterketan zilarrezko domina lortu ondoren. Izan ere, Somarribak aitortu du ez zuela espero lehenengo hiruren artean izatea, Europa Press albiste agentziari egindako adierazpenen arabera. "Zilar hau urrea bezalakoa da niretzat, nire ezaugarrietara egokitzen ez zen zailtasun gutxiko ibilbide honetan espero ez nuen emaitza lortu dudalako", adierazi du. Lasterketaren ibilbideari dagokionez, txirrindulari sopeloztarrak esan du azkenean "pixka bat gogorra" izan dela, "jaitsieraren zatian garapen handia mugitu behar zelako".
  Kirolak 2005-09-21 15:13

Joane Somarribak zilarrezko domina lortu du Madrilgo Munduko Txapelketako erlojuz kontrako frogan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Joane Somarriba txirrindulari sopeloztarrak zilarrezko domina eskuratu du gaur Madrilen jokatzen ari den Munduko Txapelketako erlojuz kontrako lasterketan. Ibilbideak 21,9 kilometrokoa luzera zuen eta Karin Thurig suitzarrak bakarrik gainditu du Somarriba, iazko garaipena errepikatuz. Thurigek 28 minutu eta 51 segundoko denbora egin du, Somarribak baino 5 segundo gutxiago, hain zuzen; Amber Neben estatubatuarra izan da hirugarrena, 29 minutu eta 30 segundoko denborarekin.
  Jendartea 2005-09-20 22:01

EAJri "manipulazioa" leporatu eta Sopelako udal komunikabideak aztertuko duen batzordea eratzea eskatu du EBk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Sopelako Ezker Batua-Berdeak taldeak udal aldizkarietan informazioa manipulatzea egotzi dio EAJk osatzen duen Udal Gobernuari. Izan ere, EB-Berdeak udal taldeak "Sopelana Gurea" aldizkariarekin batera TAOren aldeko txosten bat banatu izana salatu du "erabilera alderdikoia" delakoan. Horrelakorik ekiditzeko batzordea osatzea eskatu duten Miren Lopez, Javier Alvarez eta Jose Vicente Ojinaga (argazkian) Ezker Batuko zinegotziek zabaldutako prentsa oharraren arabera, txostenaren asmoa TAO ezarri izana defendatzea da "auzokide gehienok neurri hori baztertzen dugunean". Gainera, zinegotzien iritziz, aipatu txostenean Sopel Busa, Turismo Bulegora egindako bisiten kopurua edota polikiroldegiko erabilpena bezalako gaiak aurkezten dira "TAO abian jarri izanaren etekinak balira" bezala.
  Jendartea 2005-09-18 22:23

Trapagarango gazte bat atxilotu du Ertzaintzak Sopelako etxe batean lapurtu duelakoan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ertzaintzak 25 urteko D.M.M. Trapagarango gaztea atxilotu zuen atzo Sopelako etxebizitza batean, bertako auzokideek lapurretan omen zebilen mutila etxean bertan harrapatu eta atxiki ostean. Goizeko 3:30ak aldera egongelan sortutako zaratek lotan zegoen bikotea esnatu zuten. Zaratak nondik zetozen ikustean aipatutako gaztea aurkitu zuten egongelan. Ertzaintzak kasu honi buruz emandako informazioaren arabera, mutilak lursaila inguratzen duen harresiaren gainetik salto egin zuen eta leiho batetik sartu zen etxe barrura. Herrizaingo Sailaren ildotik jarraituta, bikoteak ustezko lapurra harrapatu zuenean, etxebizitzako jabe baten diru-zorroa zeraman poltsikoan, baita zenbait poltsa bete txanpon ere. Bikoteak mutila heldu eta bertan mantendu zuen Ertzaintzak atxilotu arte.
  Kirolak 2005-09-15 16:03

Ugeragak zilarrezko ezteiak ospatuko ditu larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Orain 25 urte kluba sortu zenetik, edozein mailatako futbol, txirrindularitza eta saskibaloi taldeetan aritu diren lagun guztiak, irailaren 17an Urkon egingo den ospakizunean parte hartzera gonbidatu ditu Ugeraga Kirol Elkarteak. Baita bazkide direnak eta izandakoak, zaletuak eta, orohar, taldearekin bat egiten duen edonor ere. Horretaz gain, oparitxoa jasoko dute antzinako Larrabasterra futbol taldeko kideek eta, sortu zenetik, Ugeragako talde nagusian jardun diren zuzendari, futbolari eta entrenatzaile ohiei. Besteak beste, kirol jarduerak, haurrentzako jokoak eta erromeria hartuko ditu 10:00etan hasiko den ospakizunak. Argazkian, Ugeragako neskak (2004-05).
  Kirolak 2005-09-15 14:12

Lasterketa nudistaren VII. edizioa izango da larunbatean Barinatxe hondartzan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Euskal Naturista Elkarteak antolatuta, larunbatean Patxi Ros sariaren VII. edizioa izango da Barinatxe hondartzan. Uribe Kostako kirol eta nudismoaren data garrantzitsu horretan dozenaka pertsona biltzea espero du antolakuntzak, izan ere, urrun gelditu da 1999ko 49 korrikalarien kopurua eta pasa den edizioan 130 bat korrikalari hartu zuten parte, biluzik, jakina. Lasterketa goizeko 11:00etan hasiko da, izena ordu erdi lehenagotik aurrera eman ahal izango bada ere. Ibilbidea Sopelatik Getxora egingo da, bost kilometroz, harea gogorretik, itsasbeherako orduetan. Argazkia Bizkaie! aldizkariarena da.
  Jendartea 2005-09-13 21:08

Sopelan igandean ospatuko dute Kotxerik Gabeko Eguna

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Sopelako Udalak gaur jakinarazi duenez, irailaren 18an egingo dute herrian Kotxerik Gabeko Eguna. Ekitaldiak 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara luzatuko dira, udaletxeko plazan zein Iturrieta parkean. Lehenengoan, motorrik gabeko kart-ak egongo dira nagusientzat; bigarrenean, berriz, neska-mutilentzakoak. Iturrietan ere birziklapenaren inguruko jokoak izango dituzte txikiek, goizez. Eta, nola ez, bizikletaz egindako ibilaldiak ez dira egun horretan faltako. Informazio gehiagorako: 94 406 55 04 (Kultura Saila).
  Kirolak 2005-09-09 20:05

"Aireko Inauterien" lekuko izango dira asteburu honetan Barinatxeko itsaslabarrak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Urtero legez, "Aireko Inauteriak" ospatuko ditu Larrabasterrako Barinatxe hondartzako labarretan Airetik taldeak. Hain zuzen ere, eguraldiak uzten badu behintzat, larunbat honetan egingo dute mozorrotuta doazen parapente eta delta hegal zaleak biltzen dituen kirol proba bitxia. Bestela, igandean egingo dute. Gainera, luntxa eta argazki lehiaketa ere egongo direla iragarri dute antolatzaileek. (Argazkia, www.sopelana.net-etik hartuta dago).
  Kultura 2005-09-08 21:41

Euskal jai giroko asteburua biziko du Sopelak etzi eta etzidamu

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Sopelak bere Euskal Jaiak ospatuko ditu asteburu honetan, irailak 10 eta 11an, ekitaldiz betetako egitarauak horrela bideratuta. Ekimen garrantzitsuenen artean nekazaritza azoka, pintura lehiaketa, pailazoak, sukalkia eta sagardo festa egongo dira. Tartean trikitrilariak, bertsolariak eta dantzariek giroa berotuko dute eta Oskorri eta Kukubiltxok "Doctor Do Re Mi eta Benedizebra" bere azken lana eskainiko diete Sopelako gaztetxo zein ez hain gaztetxoei.
  Kultura 2005-08-31 20:52

Irailaren 10era arte Sopelan egongo da ikusgai "Skate Uribe Kostan" argazki erakusketa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Abendura bitartean, Uribe Kostako herrietan barrena ibiliko da UK Uribe Kostako Aldizkariak ekoiztutako "SK8UKN, Skate Uribe Kostan" erakusketa fotografikoa. Bada, Sopelako udaletxean izango du kokaleku, irailaren 1etik 10era. Ondoren, Urduliz (irailaren 19tik urriaren 2ra), Gorliz (urriaren 3tik 16ra) eta Plentziako (urriaren 17tik 30era) kultur etxeetan; Leioako Kultur Leioa aretoan (azaroaren 7tik 20ra) eta Erandioko udaletxean egongo da ikusgai Carlos Terrerosek egindako 18 argazkiek. (Irudian, Borja Saez skaterrari Erandion ateratako argazkia / Egilea: © Carlos Terrero).
  Kirolak 2005-08-25 23:48

Mundu mailako surf txapelketarako autobusa antolatu du Peña-Txuri Surf Taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Peña-Txuri Surf Taldeak aurten ere mundu mailako surf txapelketarako txangoa antolatu du, autobusez. Lehiaketa etzi, abuztuak 27, izango da Estatu frantseseko Hossegor herrian. Izena eman nahi duenak Atxabiribilgo hondartzako txosnan egin dezake, bost euroen truke. Irudian, iaz joandakoen talde argazkia (Irudia Peña-Txuri Surf Taldearena da).

Nabarmenak

Zorion agurrak