"Jostunak" dokumentala proiektatuko dute gaur Urdulizen

Iker Rincon Moreno 2015ko mar. 13a, 12:30
Ekitaldiaren kartela.

Gaur, barikua, arrastiko 7:30ean, "Jostunak" dokumentala eskainiko du Urdulizko Gure Esku Dago taldeak Txiberri tabernan, Elortza auzoan. Filma "arrakasta handiz" dabil zabaltzen eskualdean eta, taldearen arabera, "ideia, beti lez, grina eta ilusioa herriz herri zabaltzea da". Esperantza dute "ea Urdulizen ere sortuko dugun gure beheko sua piztuko duen txinpart hori!".

“Erabakitzeko eskubidearen inguruko korapilo nagusiak askatzeko ahalegina” da filma, iragarri dutenez. Gure Esku Dago dinamikaren sustraitze prozesua kontatzen du, eta erreferenteak diren hainbat lagunen adierazpenak bildu dituzte.

Batetik, Durango eta Iruñea arteko ekaineko giza katearen eta Gure Esku Dagoren sustraitze prozesua kontatzen du "Jostunak; herritarren borondateak jositako istorio bat" dokumentalak; "hedabideetan agertzen ez den kronika": nola abiatu ziren lehen batzordeak, lehen asmoak...

Bestetik, "erreferentzia" diren hainbat lagunen adierazpenak jaso dituzte. "Erabakitzeko eskubidearen inguruko korapilo nagusiak askatzeko ahalegina" da, dinamikaren arabera: "Zein da euskal subjektua? Erabakitzeko eskubidea abertzaleen kontua da ala demokrazia ariketa hutsa? Zer da lehenbizi, legea ala herritarren borondatea?", galderei erantzuna ematen saiatzen dira. Parte-hartzaileen artean daude, besteak beste, Garbiñe Biurrun epailea, Gemma Zabaleta Jaurlaritzako sailburu ohia, Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusi izandakoa, Carlos Garaikoetxea Jaurlaritzako lehendakari ohia eta Tomas Urzainki historialaria.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun