Ekintzaileentzako Urdulizko haztegia aurrera doa

Iker Rincon Moreno 2015ko mar. 30a, 12:00

Behargintzako enpresen haztegiak hiru ekintzaile hartzen ditu daborduko. Iazko ekainean zabaldu zuten, eta hurrengo hilabeteetan guztiz betetzea espero dute. Urdulizko Behargintzako enpresen haztegiak hiru ekintzaileren enpresa-proiektu hartzen ditu daborduko. Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko Behargintzak iazko ekainean jarri zuen martxan aipatutako enpresen haztegia, eta, guztira, 6 ekimen hartzeko lekua dauka. Hango arduradunek jakinarazi dutenez, datozen hilabeteetan beste hiru proiektu hartzea aurreikusi dute.

Urdulizko enpresen haztegia Errementariena kalean dago, Udalak utzitako lokal batean. Hura txukundu eta birmoldatu ostean, lokal horiek sei enpresa-proiektu berri hartzeko lekua dute. Bertan lan egingo duten ekimenek, gehienez, bi urte eman ahal izango dituzte.

Lokalaren batez besteko alokairua 100 eurokoa da hilabete bakoitzeko, eta horren barruan elektrizitatea eta garbiketa-zerbitzuak daude. Proiektuak garatzeko tokiez gain, zerbitzu komunak eta bileretarako gela bat ditu lokalak.

Autoenplegua garatuz

Urdulizko enpresen haztegi horrek eskualdeko autoenplegu-proiektuak garatzeko aukera eskaintzen du. Behargintzako arduradunen arabera, mota horretako ekimen ugari daude gurean. Izan ere, iaz 300 pertsonak baino gehiagok negozio bat garatzeko interesa agertu zuten Behargintzako bulegoetan, eta horietatik, 50 lagun inguruk euren helburua lortu zuten.

Gero eta ekintzaile gehiago

Aurten, gainera, lehenengo hiruhilekoan iazko erritmoa handitu da. Daborduko egunero pertsona batek agertzen du negozio berri bat zabaltzeko interesa, batez bestean. Askok krisiak bultzatuta hartzen dute bide hori; beste askok, euren interes propioengatik. Dirudienez, ohikoa da horrelako bidea hartzea Uribe Kostan, Behargintzakoen arabera.

Halaber, ekintzaileentzako 250.000 euroko diru-laguntzak lortu dituztela jakinarazi dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun