Azken agurra emango diote gaur Juan Olea Urdulizko alkate ohia zenari

Iker Rincon Moreno 2015ko mai. 31a, 09:14
Juan Olea Mentxaka 2009an.

Urdulizko Andra Mari parrokiak hartuko ditu gaur, hilak 31, 13:00etatik aurrera, Juan Olea Mentxaka zenaren aldeko meza eta hileta eleizkizunak, gorpua aurrean izango dela. Urdulizko alkate eta Uribe Kostako Mankomunitateko presidente ohia pasa den barikuan zendu zen, Urdulizen, 74 urte zituela. Hiletarako lekuz aldatu arte, bere gorpua agurtu daiteke Algortako Sarria tanatoriaren hilbeila gelan, Algortako etorbideko 69. zenbakian.

Juan Olea Mentxakak Mecanica La Peña enpresa handian egin zuen lan. 1983an sartu zen Urdulizko udaletxean, EAJren zinegotzi gisa. 1991ean, berriz, alkate izateko aurkeztu zuen alderdi jeltzaleak eta, hauteskundeak irabazita, 20 urtez gobernatu zuen herria. Garai hartakoak dira udaletxe berria, osasun-etxea, kultur etxea, nagusien etxea, futbol-zelaia, haurtzaindegia edota hilerri berria. 2005etik aurrera Uribe Kostako Mankomunitatea ere presiditu zuen.

2011n, ez zen berriro ere aurkeztu eta Javier Bilbao orduko alkateordeari utzi zion erreleboa. Orduan, egindakoagaz "pozik" zegoela esan arren, Oleak aitortu zuen kontu batek ihes egin ziola: "Ez nuen pentsatu trenaren pasonibela lurrazpian jartzeko lanak martxan jarri barik alde egingo nuela, 2007an lanak egiteko hitzarmena lortuta, baina egin egingo delakoan nago", zioen. Hil aurretik lan horiek zelan abiatu diren ikusi ahal izan du alkate ohiak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun