EAJri "urduliztarron hizkuntz eskubideak urratzea" leporatu dio EH Bilduk

Iker Rincon Moreno 2015ko aza. 11a, 19:25
Urdulizko EH Bilduko zinegotzi bi.

Urdulizko EH Bilduk udalerri horretako EAJ salatu du, ohar baten bidez, legealdia hasi zenetik "EH Bilduko zinegotzion eta urduliztarron hizkuntz eskubideak" urratzeagatik. Koalizio soberanistak argudiatu duenez, Urdulizko Udalean "lau osoko bilkura izan dira orain arte, eta lau osoko bilkura horien aktak erdara hutsean jaso ditugu EH Bilduren ordezkariok". Koalizio abertzalearen ustez, Udalak aktak euskaraz ere zabaltzeko lana hartu beharko luke, besteak beste, koalizioaren zinegotziek udalbatzetan "euskaraz hitz egiten baitugu". "Erdarazaletasuna" ere egotzi diote Urdulizko EAJri.

"Erdara hutsaren alde egiten duenean PNVk ez ditu bakarrik EH Bilduren hizkuntz eskubideak kaltetzen, zinegotzi guztion eskubideak urratzen ditu eta ondorioz urduliztar guztiona. Gure herrian PNVk ez du Urkijo erregeordearen beharrik izan eta zuzen-zuzenean baztertu dute euskara aktak erdara hutsean eginez", kritikatu du Sortuk, Eusko Alkartasunak, Aralarrek eta Alternatibak osatutako koalizioak.

Urdulizko alderdi nagusiaren jarrera "onartezina da gure hizkuntzarekiko, gurekiko eta urduliztarrekiko", EH Bilduren ustez: "Gure hizkuntza ez da alderdi jaietan soilik defendatzen, gure hizkuntza egunerokotasunean defendatu eta bermatu behar da. Bestalde ezin da ahaztu Udala eredugarria izan behar duela eta irudi kaxkarra ematen ari zaiela herritarrei euskara erdararen alde baztertzen duenean, udalbatzako aktetan bada ere".

Horregatik, EAJri "exijitu" diote  urduliztarren hizkuntz eskubideak berma ditzala "eta legeak agintzen dion bezala aktak euskaraz egin ditzala". Era berean, EH Bilduk urduliztarren eskubideak eta euskara defendatzeko "beharrezko diren neurriak" aztertzen dabiltza. Besteak beste, Hizkuntz Eskubideen Behatokira eta Arartekoarengana joko du, "egoera latz honen berri" emateko.

Ekimenaren kartela

Ekimenaren kartela

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun