Elortza eskolak aurkeztu du bere hezkuntza-proiektua

Iker Rincon Moreno 2016ko mai. 31a, 15:33
Elortza eskolako bosgarren mailakoak saguzarrez mozorrotuta. © ELORTZA ESKOLA

Parte-hartze handia izan da Urdulizko Elortza eskolan, ikastetxeko hezkuntza-proiektu berria diseinatzeko orduan. Pasa den zapatuan, jaialditxoa izan zuten Haur eta Lehen Hezkuntzako eskolan. D ereduko zentroak urritik martxora osatzen ibili den hezkuntza-proiektua aurkeztu zuen jendaurrean.

Hezkuntza-komunitateko kide gehienek parte hartu dute prozesuan: neska-mutilek, gurasoek, irakasleek, langileek eta Udalak. Lau urtero egiten duten proiekturako hiru batzar egitea aurreikusi zuten, baina parte-hartze handiaren poderioz bederatzi egin dituzte azkenean.

Planteamendu pedagogiko berriaren ara­bera, neska-mutilak izango di­ra euren ikasketa-prozesuaren protagonistak eta hezkuntzaren lau zutoinak menperatzea izango dute erronka: ezagutzen, egiten eta elkarbizitzen ikastea eta, aldi berean, izaten ikastea.

Elortzako kideek apustu egin dute eskola euskaldun eta eleanitzaren alde, proiektu kohezitzaile, plural eta barneratzailearen bitartez. Zentroaren zereginak izango dira sormena bultzatzea, heziketa emozionala garatzea, ingurumenarekiko errespetua eta enpatia sustatzea eta justizia, elkartasuna eta errespetua zabaltzea. Bide horretan, zentroak bizitza parte-hartzaile eta komunikatiboa izango du, norberaren erritmoak bermatuz eta bakoitzaren autonomia erraztuz, umeek barruan daroatzan baloreak eta trebetasunak kanporatzen laguntzeko. Elortza eskola eraikina zabaltzearen zain dago, gela bi gehiago hartzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun