Gizon bat atxilotu dute Urdulizen, auzokide bati labanaz eraso egin diolakoan

Iker Rincon Moreno 2016ko eka. 21a, 11:45

Ertzaintzak 51 urteko gizon bat atxilo hartu zuen, pasa den domekan, 13:15ak aldera, arma zuriz egindako lesioen delitu baten eta mehatxu-delitu baten ustezko egile gisa. Pertsona horrek laban batez eraso egin omen zion bizilagun bati, eta haren amaren kontrako irainak eta heriotza-mehatxuak egin zituen behin eta berriz, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren arabera. Biktimak lesio arinak pairatu zituen eskuan.

Domeka arrastian herritar batek Ertzaintzari dei egin zion, bizilagun bat bere lursailaren mugan zegoela esanez, bere amaren kontrako irainak eta heriotza-mehatxuak botaz. Jarrera hori deitoratzeko beregana hurbildu zenean, pertsona hori laban batez eraso egiten ahalegindu zitzaion, baina biktimak ateratzea lortu zuen, esku batean arma zuriz egindako zauri bat sufritu arren, beti ere herritar horrek salatutakoaren arabera. Zorionez, zauria arina izan zen.

Behin bertaratuta, poliziek gertatutakoa egiaztatu zuten eta erasotzailearen bila joan ziren. Handik gertu aurkitu zuten, sastraka batzuen artean ezkutaturik, eta ikusi zuten matxete handi bat zeroala gerrikotik zintzilik.

Identifikatzeko eskatu ziotenean, pertsona horrek alde egin zuen eta bere etxerantz abiatu zen, baina ertzainek harrapatu egin zuten. Atxilotu eta ertzain-etxera eroan zuten, arma zuriaz egindako delitu bat eta mehatxu-delitu bat egotzita.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun