Urdulizko Rabu Txapelketaren 50. urteurrena ospatuko dute, uztailaren 9an

Iker Rincon Moreno 2016ko uzt. 7a, 12:00

Urduliztarrak buztan erre-egosia prestatzen zale eta adituak direla esan daiteke: aurten, 50 urte beteko ditu Rabu Txapelketak uztailaren 9an, zapatua. Egun handia da urduliztarrentzat, eta goizean goiz ekingo diete egitekoei eta jai-giroari, Urdulizko Landan.

Urrezko ezteiak ospatzeko, argazki-lehiaketa antolatu dute lehenengoz, eta, zelan ez, gaia “50. Rabu Txapelketa” izango da. Horretarako, argazkiak egiten eta jasotzen hasiko dira 08:30ean. Berantiarrak iratzartzeko, berriz, txistulariak kalerik kale ibiliko dira. Goizean, 09:00etatik 12:45era eman beharko dute izena rabu-txapelketan parte hartu gura dutenek. 11:00etako meza santuaren ostean, herriko Maria Asla Ugarte Amamari eta Pedro Celaya Eguren Aititari omenaldia egingo diete lehenengo, eta Txori-Alai elkarteko kide ohi zaharrenei, gero. 12:00etan izango da Iratxo Gorria dantza-taldearen erakustaldia; eta goiza are hobeto girotzen ibiliko dira Auspokalekoak. Bizkaiko barrenatzaileen liga txapelketaz ere gozatu ahal izango da 12:30ean; nagusientzat, ostera, hamaiketakoa eskainiko dute txosnan, 13:00etan; eta 13:30ean, aurkeztuko dituzte lapikoak txapelketako partaideek. Sariak 17:30ean banatuko dituzte, eta, amaitzeko, erromeria Izer, Alabier eta Lutxurdio trikitilariakaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun