Urdulizko ospitalearen kudeaketan "inprobisazioa eta planifikazio eza" salatu ditu EH Bilduk

Iker Rincon Moreno 2016ko uzt. 7a, 18:44
Urdulizko Alfredo Espinosa ospitalea, 2015eko urrian.

Urdulizko Alfredo Espinosa ospitaleak ateak zabaltzeak "berri pozgarritzat" jo du EH Bilduk, "gauza ona delako erietxe berria izatea Bizkaian; beti ere, osasun publikoaren eskaintzan aurrera egiten baldin badugu". Hala ere, azken hilabetetan salatu bezala, Urdulizko ospitalearen kudeaketan "inprobisazioa eta planifikazio eza" nagusitu egin direla adierazi du koalizio ezkerzaleak. Euren berbetan, "Osasun Saila zein Bizkaiko Foru Aldundia ez dira gai izan osasun publikoaren baitan hain garrantzitsua den zerbitzu berri hau modu egokian kudeatzeko".

EH Bilduren ustez, Aldundiak eta gainontzeko erakundeek (Urdulizko eta Sopelako udalek barne) "ez dute interesik" sarbideen arazoari aurre egiteko. "Eskaera argia egin genien erakunde guztiei sarbideei konponbide integral eta koordinatua emateko. Bestetik garraio publikoari dagokionez, Foru Aldundiak beharrei behar bezalako erantzuna ez du eman", aipatu dute koaliziotik.

Gainera, Urdulizko ospitaleko hainbat zerbitzu pribatizatu izana salatu dute ezkertiarrek: "Herritarren osasunaren gainetik, berriro ere, ematen du bezeroei eta negozioei begirako aukera lehenetsi dutela EAE eta Bizkaiko administrazioa kudeatzen dutenek", esan dutenez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun