Urdulizko zezen-buztan erregosia iluntzean, ETB1-en

Iker Rincon Moreno 2016ko uzt. 20a, 13:32
"Nor Bere Saltsan" saioaren protagonistak. © EITB

Pasa den uztailaren 9an, Rabu Txapelketaren 50. urteurrena ospatu zuten Urdulizen. HIRUKAk horren berri eman zuen aurretik eta geroztik. Gaur iluntzean, ordea, ETB1 katearen "Nor Bere Saltsan" saio gastronomikoaren lau protagonistek bertan bizi izan zuten esperientzia kontatuko dute, 22:15etik aurrera.

Kari, Gurru, Ipar eta Ander laukoteak asteak daroatza Euskal Herriko errepideetatik ibiltzen, udako herri guztietako gastronomia lehiaketetan parte hartzeko. Sukaldeko tresna guztiak furgonetan daramatzate. Gaurko saioan, "Nor Bere Saltsan" saioko protagonistek beste erronka bat izango dute: Urdulizen arituko dira, bertan antolatutako Rabu Txapelketan. Zezen-buztana prestatu behar dute, baina haietako batzuek ez dute sekula egin. Errezeta bila sanferminetara joan ziren, eta Iruñean jasotako aholkuak baliagarriak ote diren jakiteko unea helduko zaie ikusleei.

Gainera, aste honetako atalean Karik ez du hartuko bazkaria prestatzeko ardura, eta lapikoa beste saltseroen esku utziko du. Ikustekoa izango da bere jarrera, emaitza espero bezain ona ez dela ikusten duenean. Gogotik saiatuko badira ere, ez dute erraz izango txapela irabaztea. Tradizio handiko txapelketa da Urdulizkoa, eta eskarmentu handiko taldeek hartzen dute parte bertan.

"Nor Bere Saltsan"-en aurrerakin-bideoa (© EITB)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun