Kultura 2007-06-07 21:18

Udan ikastaroren bat euskaraz egingo duten urduliztarrek diru laguntza jasoko dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri EHUk, UEUk, "Hik Hasi" aldizkariak... euskaraz emandako udako ikastaroak egingo dituzten herritarrei diru laguntza emango die Urdulizko Udalak. Alabaina, euskara ikasteko ikastaroak deialdi honetatik kanpo geratzen dira, tokiko arduradunek argitu dutenez. Matrikularen %25 (egonaldia eta mantenua kanpo utzita), eta nolanahi ere, gehienez, 100 euro banatuko dute eskatzaile bakoitzeko. Dena dela, aurkeztutako eskariek ezinezko egiten badute zenbateko hori ematea, kontu-sailaren hainbanaketa egingo da onartutako eskari guztien artean, betiere matrikularen agirian agertzen den zenbatekoaren arabera. Diru laguntza eskatzeko abuztuaren 31ra arte izango dute interesatuek. Horretarako, eskabide-orria behar bezala beteta, matrikularen frogagiria (jatorrizko dokumentua, konpultsatzeko) eta, hala badagokio, erroldatze-agiria aurkeztu beharko dute udaletxeko idazkaritzan. Argazkian, aurten Eibar, Iruñea eta Baionan egingo ditu udako ikastaroak UEUk / Gaztesarea.
  Jendartea 2007-06-05 20:35

Ikerketa baten arabera herriarekin "pozik" daude urduliztarrak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Joan den urtean, merkatu ikerketak eta marketing estrategikoa egiten dituen Ikerfel enpresak telefono bidezko zundaketa soziologiko bat egin zuen Urdulizen bizi den jendearen artean. Guztira, 600 elkarrizketa egin zituzten, 18 urtetik gorako lagunak aukeratuta, udal iturriek jakinarazi dutenez. Ikerketaren emaitzen arabera, Urdulizko biztanleak "bizi diren udalerriarekin pozik" daude: holan, %72 gustura sentitzen da, %26 oso gustura, eta %46 dira nahiko gustura daudela esaten dutenak. Zenbat eta adinez nagusiagoak orduan eta pozago daude herriarekin, gainera. Halandabe, herritarrengan kezka eragiten duten gaiak ere badaude: etxebizitza (%23) eta saltoki falta (%21), hurrenez hurren. Udal iturriek nabarmendutakoaren arabera, "urduliztarrek adierazi dute ikerketa honetan baikor sentitzen direla herriaren etorkizuneko eboluzioarekin, eta batez ere baikorrak dira egungo egoerarekin". Horrela, %56k uste du hurrengo bost urteetan Urdulizen bizitzea "atsegina" izango dela.
  Kultura 2007-04-18 13:35

Kartel lehiaketa deitu dute Urdulizko Andra Mari Jaia iragartzeko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Andra Mari Jaia iragarriko duen kartela hautatzeko lehiaketa antolatu du Urdulizko Kultur Etxeak. Nahi duten lagun guztiek parte hartu ahal izango dute horretan, udal iturrien arabera, eta aurkeztu beharreko lanen kopurua librea izango da; baita kartelaren gaia eta erabili ahal diren teknika eta kolorea ere. Neurria, 45 x 60 zentimetrotakoa eta euskarri gogorrean itsatsia derrigorrez. Ordenagailuz eginez gero, kartelaren euskarri informatikoa eman egin beharko da. Agertu behar den testua hauxe da: "Urdulizko Jaiak Andra Mari 2007". Kartelak egilearen sinadura barik aurkeztuko dira; kartazal itxi batean sartuko dira identifikaziorako datuak: izen-abizenak, adina, helbidea eta telefono zenbakia. Lanak postaz zein zuzenean entregatu ahal izango dira Urdulizko kultur etxean (Torrebarri bide, 1 - 48610 Urduliz), ekainaren 16ko, 13:30era arte. Argazkian, iazko kartel irabazlea.
  Kultura 2007-04-18 13:20

Liburu bat egiteko asmoz antzinako argazkiak batzen hasi dira Urdulizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Urdulizko Udalak herriko lehengo irudiak jasoko dituen liburua egingo du. Hori dela eta, urduliztarrei ekimen interesgarri honetan parte hartzeko deialdia egin die, eurek dituzten erretratu zaharrak denbora labur batez utziz, liburua argitaratu ahal izateko. Argitalpen horrek XIX. mendearen amaieran hasi eta 80ko hamarkadara bitarteko argazkiak batu nahi ditu. Irudiok koadrilenak, jende taldeenak edo herriko argazki panoramikoak izan daitezke. "Modu honetan, gure herriko lehenaldia erakutsi nahi da, herritarren eta udalerriaren paisajearen eboluzioaren bitartez", diote udal arduradunek. Argazkiak udaletxera eraman beharko dira, astelehenetik ostiralera, 9:30etik 13:30era bitarteko ordutegian. Erretratuak gutunazal baten sartu behar dira, jabearen izena eta telefono zenbakiarekin batera, gero irudiok arazo barik bueltatu ahal izateko. Posible bada, argazkiekin batera, noiz egin ziren, bertan agertzen direnen izenak eta atera ziren testuinguruaren azalpena ipini behar da. Argazkiak eramateko azken eguna ekainaren 15a izango da. Argazkian, Urdulizko antzinako irudi bat.
  Kultura 2007-04-03 13:29

"Beharrizanen araberako" kultur etxea zabaldu dute Urdulizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Patxi Sierra-Sesumaga Bizkaiko ahaldun nagusiordea, Belen Greaves Kultura diputatua eta Juan Olea alkatea buru zituztela, udal korporazioko kideek, inguruko herrietako agintariek eta hainbat herritarrek parte hartu zuten, joan den ostiralean, Urdulizko kultur etxe berriaren inaugurazio ekitaldian. Harri berdez eta beiraz egina, zazpi metroko altuera duen atondo zabal eta argitsuan egin zitzaien harrera guztiei. Kultur etxea udalerriaren "beharrizan kulturalak asetzeko" helburuarekin sortu da, "izan ere egungo eraikina txiki geratu da", Olearen hitzetan. Azpiegitura berriak liburutegia hartuko du bere baitan, horrez gain tailerrak, musika eta antzerki emanaldiak, eta hainbat jarduera ezberdin gauzatzeko aukera eskainiko du. Herrigunetik gertuago dago gainera: anbulatorioa eta nagusien etxea ditu gertu. Argazkian, kultur etxea oraindik lanetan zeudela.
  Gazteok 2007-03-29 19:59

Urdulizko Gazte Planak 80 ekintza baino gehiago jasotzen ditu

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Deia egunkariak zabaldu bezala, udalerriko gazteek eta hainbat eragilek landutako proposamenak eta neurriak biltzen dituen Gazte Plana onartu berri du Urdulizko Udalak, bertoko gazteriaren beharrizanei erantzuteko asmoz. Ekainean hasi ziren lantzen: lehenengo fasean, osasuna, jendarte ekintza, etxebizitza, lana, aisialdia eta kultura esparruetan, herriko neska-mutilen eskura dauden azpiegitura eta egitasmoak zerrendatu zituzten. Bestalde, telefono bidezko inkestak egin ziren. Eta irailean, hartu emanetan ibili ziren gazteak eta kultur, kirol eta jendarte eragileak. Batzar horietatik atera zen planaren zirriborroa. Horren azterketa egin ostean, epe ezberdinetan burutu beharreko 80 ekintza baino gehiago jasotzen dituen azken txostena dute esku artean.
  Jendartea 2007-03-15 17:53

Astelehenera arte dago Urdulizko lehenengo etxebizitza babestuetarako izena emateko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Astelehen honetan, martxoak 19, Urdulizko etxebizitza publikoen eskatzaileek udal erregistroan izena emoteko azkenengo eguna izango da. Erregistro horrek helburu bikoitza dauka, udal iturrien arabera: alde batetik, Udalak jakin ahal izango du etxebizitza publikoaren eskaera zenbatekoa den udalerrian, eta modu honetan bere "etorkizuneko etxebizitza politikan erabakiak hartu" ahal izango ditu. Beste alde batetik, erregistro honetatik Sociedad Urduliz Urbanismo SAk Urdulizko Elortza auzoko 42 eremuan eraikitzen dabilen babes ofizialeko 60 etxebizitzen eskatzaileen behin-betiko zerrenda irtengo da. Aipatutako sozietatea Udalak berak sortu du herritarren artean etxebizitza publikoa bultzatzeko. Argazkian, Juan Olea Urdulizko alkatea Miren Dobaran Berangoko udal agintaria alboan duela.
  Kirolak 2006-12-23 13:02

Igandean hasiko da Gabonetako eskuz binakakoa Urdulizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Abenduaren 24an, 31n eta urtarrilaren 5ean Eskuz Binakako Gabonetako Txapelketa jokatuko dute Urdulizko udal pilotalekuan, lehenengo mailako amateurren eta promesen kategorietan. Hortaz, hamaikagarren edizioa igande honetan hasiko da, 17:30ean, bi kategorietako finalerdiekin. Promesen kategorian Setien-Aldape eta Azpiri-Larrinaga bikoteak lehiatuko dira; eta amateurretan, Muguruza eta Lopez eta Etxebarria eta Atutxa osatutakoak. Abenduaren 31n, 17:30ean ekingo zaie gainerako finalerdiei. Promesen kategorian Joldi-Beroiz eta Urberuaga-Arkotxa bikoteak neurtuko dira, eta amateurretan Elorrieta-Iparragirre eta Beitia-Ajuria. Txapelketa urtarrilaren 5ean amaituko da; 19:00etan jokatuko dituzte finalak, eta pilota eskolako ikasleen arteko partida ere izango da. Argazkian, txapelketako aurreko edizio bateko irudia.
  Politika 2006-12-20 20:37

Gose greba utzi du Gorka Martinezek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Puerto II espetxean (Cadiz, Espainia) ere preso duten Sebas Lasarekin batera, abenduaren 11an ekin zion gose greba mugagabeari Gorka Martinez urduliztarrak, "Iñaki De Juanari ezarri heriotza zigorra salatzeko, eta kondena betea duten presoak berehala aska ditzaten exijitzeko borroka gisa". Gaur, berriz, euskal preso politiko biek gose greba utzi dutela jakinarazi du Askatasunak. Argazkian, Gorka Martinez euskal preso urduliztarra.
  Jendartea 2006-12-20 13:04

EAJk eta PPk bat egin dute Urdulizko aurrekontuak onesteko orduan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Urdulizko Udalak 4.530.950,92 euroko aurrekontua onetsi du hurrengo ekitaldirako, EAJren gobernu taldearen eta PPren aldeko botoekin. EA abstenitu egin zen eta PSE ez zen aurkeztu. Urteko kontu hauek aurreko ekitaldian baino 901.150 euro gutxiago dira, udal iturriek nabarmendu dutenez. Izan ere, "2007an hasita dauden obrak errematatzea baino ez zaigu falta, kultur etxean edo futbol zelaian adibidez", azaldu du Juan Olea alkateak. Gaineratu duenez, "bi obra horiekin hauteskundeetako plana bete dugu". Bestalde, Udalkutxak 1.978.944 euro emango dizkio Udalari. Argazkian, Juan Olea Urdulizko alkatea, Miren Dobaran Berangoko udal agintaria lagun duela.
  Politika 2006-12-18 17:35

Abenduaren 11tik gose greba mugagabean dago Gorka Martinez

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Puerto II estetxean ere dagoen Sebas Lasa euskal preso politikoarekin batera, abenduaren 11an ekin zion gose greba mugagabeari Gorka Martinez urduliztarrak, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoraren bitartez jakinarazitakoaren arabera. "Gose greba mugagabearen bidezko borroka hau, Iñaki De Juana preso politikoaren berehalako askatasuna eta kondena betea duten preso politikoak aska ditzaten exijitzeko ari dira burutzen", errepresioaren aurkako erakundeak salatu duenez.
  Jendartea 2006-11-28 22:43

Urdulizko lehenengo Berdintasun Planak "partaidetza bultzatzea" du helburu

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Urdulizko Udalak gizonen eta emakumeen berdintasunerako lehenengo plana dauka jada. Juan Olea alkatearen hitzetan, "politika orokorreko tresna gisa sortu dugu, ekintza eta konpromisoen aukera zabala agertzen dela". Plana egiteko alderdi politikoen, langile teknikoen, Uribe Kostako Mankomunitatearen eta Inola izeneko udalerriko emakumeen elkartearen arteko partaidetza-prozesua bultzatu da, gaineratu duenez, eta funtsezko hiru alderdi hartu dira kontuan: konpromiso politiko esplizitua udalerriko mailarik gorenean, udalaren arlo guztien nahiz udalerriko bizitzan parte hartzen duten eragile politiko eta sozialen ekarpenak bilduko dituen partaidetza-plana; eta azkenik, alderdi politikoen arteko adostasuna lortu emakumeen eta gizonen berdintasuna benetan bultzatzeko. Argazkian, Juan Olea Urdulizko alkatea, Miren Dobaran Berangoko udal agintaria lagun duela.
  Kultura 2006-11-28 22:10

Jon Urrazaren bakarrizketek zabalduko dute bihar Urdulizko Euskararen Astea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Jon Urrazak zuzendari, idazle eta aktore moduan agertuko zaigu asteazken honetan, azaroak 29, Urdulizko kultur etxean. Izan ere, "Ez haiekin... ezta haiek gabe ere" izenburuko bakarrizketa sorta eskainiko du, 19:00etatik aurrera, eta bide batez, bertoko Euskararen Asteari hasiera eman. Orotara, hiru pertsonai ezberdin antzeztuko ditu Urrazak, hiru isil-hizketa gai orokor berdinaren inguruan: bikotea, bikote falta, ligatzea... Pertsonai bakoitzak bere egoera azalduko du eta bere esperientziak kontatu. Aipatu antzerki lana Gorlizko erakusgelan ere egongo da ikusgai, etzi, hilak 30, 19:00etatik aurrera. Argazkian, Jon Urraza zuzendari, idazle eta aktorea.
  Politika 2006-11-17 22:27

Gose greba bertan behera utzi du Gorka Martinezek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Puerto II espetxean azaroaren 6an hasitako gose greba bertan behera utzi dute bertan dauden euskal preso politikoek, behin espetxeko zuzendaritzak euren aldarrikapenak onartu eta gero, Etengabe Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren bitakorak jakinarazi duenez. Gorka Martinez urduliztarra izan zen "borroka" horri heldu zion lehena. "Gorkak haurra izan zuen orain hilabete, eta berarekin izateko konbibentziako bisa eskatu duenean espetxeak eskubide hori ukatu egin dio", azaldu zuen orduan errepresioaren aurkako erakundeak. Elkartasunez, gainerako euskal preso politikoek ere gose grebari ekin zioten. Argazkian, Martinez / Etengabe.
  Jendartea 2006-11-09 22:20

Bi zerga berri dituzte Urdulizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Urdulizko Udalak behin-behinekoz onetsi du 2007ko KPIari dagokion % 3,8ko gehikuntza hamahiru zerga ordenantzaren tarifetarako, 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera indarrean egongo dena. Xedapen horien artean daude, esaterako, ondasun higiezinen gaineko zerga, jarduera ekonomikoena eta hirigintzako agirien zerbitzua arautzen dituztenak. Gainera, ordenantza berri bi ere gehitu dira. Lehenengoak, eraikuntza, instalazio eta obrei buruzko gaiak aztertzen ditu eta, bigarrena, tokiko zergen eta zuzenbide publikoko gainerako diru-sarreren kudeaketa, bilketa eta ikuskaritzari buruzkoa da. Argazkian, Juan Olea Urdulizko alkatea (eskuinean), Iñaki Zarraoa Getxoko alkatearekin batera.
  Kirolak 2006-11-09 22:01

Urdulizen abiatuko da larunbatean Aizkolarien Munduko Txapelketa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Egur Sport enpresak antolatutako Aizkolarien Munduko Txapelketa larunbat honetan, azaroak 11, abiatuko da. Hain zuzen ere, Urdulizko Iparralde kiroldegian jokatuko dute lehen jardunaldia, 17:00etatik aurrera, eta aizkolari gazteak arituko dira. Hurrengo egunean, Tolosan, Urrezko Aizkolari Azkarrenaren sariketa jokatuko da. Helduen Munduko Txapelketa Lekunberrin hasiko da azaroaren 18an, eta bi ekinaldi izango dira 17.00-etan eta 20.00etan hasita. Beste finalerdiak hilaren 19an jokatuko dira Legutianon, eta finala azaroaren 25ean Azpeitian. Euskal aizkolariekin batera, Zeelanda Berrikoak, AEBetakoak, Suitzakoak, Australiakoak eta Kanadakoak arituko dira, 70 lagun guztira. Larunbateko jardunaldia zuzenean emango dute ETB1eko "Kirolez Kirol" saioan.
  Politika 2006-11-08 18:35

Gorka Martinez presoaren aldeko kontzentrazioa egingo dute egunero Urdulizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Gorka Martinez gose eta egarri greban dagoen bitartean, egunero egingo dute elkarretaratzea Urdulizen, 20:00etan, BBVAren aurrean, Etengabe Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren bitakorak jakinarazi duenez. "Gorkak haurra izan zuen orain hilabete, eta berarekin izateko konbibentziako bisa eskatu duenean espetxeak eskubide hori ukatu egin dio", azaldu du errepresioaren aurkako erakundeak. Horren aurrean, "borroka" horri heldu dio urduliztarrak. Puerto II espetxean diren gainerako euskal preso politikoek ere gose grebari ekin diote. Argazkian, Martinez / Etengabe.
  Politika 2006-11-07 12:38

Gose eta egarri grebari ekin dio Gorka Martinez preso urduliztarrak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Puerto II espetxean dagoen Gorka Martinez preso urduliztarrak gose eta egarri grebari ekin dio, Etengabe Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren bitakorak jakinarazi duenez, eta espetxe berean diren gainerako euskal preso politikoek ere gose grebari ekin diote. "Kontua da Gorkak haurra izan zuela orain hilabete, eta berarekin izateko konbibentziako bisa eskatu duenean espetxeak eskubide hori ukatu egin diola. Horren aurrean Gorkak gose eta egarri grebaren bidezko borrokari ekin dio eta espetxe berean diren preso politikoek ere borroka honekin bat egiteko gose greba hasi dute", adierazi du errepresioaren aurkako erakundeak. Argazkian, Martinez / Etengabe.
  Kultura 2006-09-06 21:42

Bihar hasiko dira Urdulizko Andra Mari jaiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ohikoa denez, sei egunez baina bi asteburutan banatuta, ospatuko dituzte urduliztarrek Andra Mari jaiak. Bihar arratsaldeko 7etan botako dute txupina udaletxeko balkoitik ume-abesbatzako kideek. Ondoren koadrilen igoera izango da, elizaraino. Izan ere, lehenengo asteburuko ekitaldi gehienak inguruetan burutuko dira. 8etan, urduliztar zenduen aldeko meza izango da, baina kristaua ez denak zer ikusi edukiko du non eta pilotaleku berrian, bertan jokatuko baita Laubidek antolatutako pala-partida. Osteguna, karaokearekin eta Trapu Zaharra taldeak antzeztutako “El pisito” lanarekin amaituko da. Ostiralean txirrindularitza sari nagusia, mariatxiak eta su artifizialak egongo dira, besteak beste. Larunbatean, berriz, esku-pilota partida izango da ekitaldi nagusia. Bigarren asteburuan, aldiz, Akatz eta The Pipers Pots taldeek Mr. Shoe DJ. Calisekin larunbateab emango duten kontzertua izango da garrantzitsuena. Argazkian, Bakioko Akatz taldeko kideak.
  Kultura 2006-08-29 20:06

Adin guztientzako plastilinazko animazio filma izango da gauean Urdulizen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Animazio film onenaren Oscar saria iaz jaso zuen “The curse of the were-rabbit” (“La maldicion de las verduras”) proiektatuko dute gaur gaueko 10etan Urdulizko Agirre Lehendakariaren plazan. Nick Park-ek eta Steve Box-ek zuzendutako komedian Wallace eta Gromit plastilinazko pertsonaiek 85 minutuz helduen zein gaztetxoen irribarreak bereganatuko dituzte. Film honen bitartez Wallace asmatzaileak eta Gromit bere txakurrak hirugarren Oscar saria eskuratu zuten, aurretik bi laburmetraietan lortu ostean. Argazkian, Wallace eta Gromit 2005eko Oscar emanaldiaren ostean, lortutako emaitza ospatuz.

Nabarmenak

Zorion agurrak