Jendartea 2005-05-25 15:38

Auto ilara luzeak eragin dituzte gazteek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Eguerdiko 12:25ak inguruan unean-unean errepidea mozten hasi dira taldeka Igeltzera gaztetxe kanpoaldean elkartutako dozenaka lagunak, auto ilada luzeak eraginez. Tentsio uneak bizi izan dira orduan, batez ere, ertzainek istiluen aurkako materiala atera eta neska-mutilei bultzaka eta mehatxuka hasi dietelako. Hogei minutu beranduago, berriz, eserialdia egin dute errepidean gazteek, baina polizia agenteak lasai zeuden orduan. Izan ere, hainbat auzotarrek aipatu dutenez, trafikoa desbideratzen hasi dira, alde batetik, Urdulizko batzokia parean eta, beste aldetik, Garbiguneko errotondan.
  Jendartea 2005-05-25 14:55

Igeltserako sarrera bi eta leiho bat ia hormatu dituzte jada

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Beharginak Igeltsera hormatzen ari diren bitartean, latorriz eta metalezko hodiz osatutako dorrearen goikaldean jarraitzen dute oraindik ere hiru gaztek, eraikinaren atzealdeko pabilioi zaharrean. Goizean goizetik bertaratutako Ertzaintzaren Brigada Higikorreko furgonetak 12:00ak inguruan alde egin dute, Humano enpresako ibilgailu bat bertara sartu baino lehen. Polizia autonomikoko beste furgoneta bat ere gelditu da bertan. Aipatu segurtasun enpresako kideek UKBERRIko argazkilaria ere mehatxatu dute, "Argazkiak ezabatu itzazu, bestela burua apurtuko dizugu", esanez. Hala ere, ez dira goizean zehar egondako mehatxu bakarrak izan. Brigada Higikorrekoek ere, alde egin baino lehen, jaisteko agindu diete dorrean dauden hirurei, "bestela sartzen zirenean ederto pasatuko zutela beraiekin", gazteek salatu dutenez. Bitartean, Igeltserako atean jarraitzen dute kontzetratuta 56 bat lagunek, ertzainak aurrean dituztela.
  Jendartea 2005-05-25 12:38

Dorrean 3 kide tinko daudela, Ertzaintzak Igeltserako 15 lagun aske utzi ditu "berotu ondoren"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Hiru pertsona jarraitzen dute Igeltsera gaztetxearen dorre batean Ertzaintzak zentro soziala itxi ez dezan. Bestalde, EAEko Polizi autonomikoak zaintzapean zituen 15 kideak "berotu ondoren" askatu egin ditu eta langileak eraikina ixten hasi dira horma bat eginez. Desalojo saiakera berri hau goizeko 7:30etan hasi da, Brigada Higikorreko bost furgona eta auto batek Bizkaiko Foru Aldundiak azpikontratatutako langileak Mecanica de la peña lantegi zaharrean sartzen lagundu dituenean. Lo egiten zeuden 15 kideak teilatura igo dira baina Poliziak bertatik jaitsi ditu. Gazteek zehaztu dutenez, "egurra egon da" eta meatxatu, "besoak bihurtu", kolpatu eta horma eta mahaien kontra bota izana leporatu diote Ertzaintzari. Era berean, gaitzetsi dute neskei bereziki emandako tratua, aurrekoaz gain, "biraoak" entzun behar izan baitituzte, Sopela eta Urdulizko Gazte Asanbladako kideen arabera. Poliziak horiek eta kanpoan zeuden beste bost kide ere identifikatu ditu. Ondoren beste bost gazte igo dira eraikinaren dorre batera. Une honetan, 30 bat kide daude Igeltseratik kanpo goian dauden hiru lagunei animoak ematen eta desalojoa gaitzesten eta Uribe Kostako gazte eta helduei hurbiltzeko eskatu dute SUGAko gazteek. Argazkian, atzoko irudi bat.
  Jendartea 2005-05-25 11:55

Igeltsera gaztetxean sartu egin da Ertzaintza gaur ere

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Mecanica de la Peña lantegi zaharra hartu dute goizean Ertzaintzako Brigada Higikorreko bost furgonak eta patruila auto bateko agenteek. Eraikinaren barruan zeuden 15 pertsonak teilatura igo dira baina bertatik jaitsi dituzte poliziek. Ondoren horiek eta kalean zeuden bost gazte eraikinaren barrura eraman dituzte eta bertan identifikatu eta mehatxatu dituzte, beti ere goizeko 9:00etan Sopela eta Gazte Asanbladako kideek UKBERRIri egindako adierazpenen arabera. Azken bost gazteak libre utzi ditu Ertzaintzak baina 15ak zaintzapean dauzka Igeltseran bertan. Bestalde, pertsona batzuk lortu dute eraikinaren dorretxo batera igotzea. Argazkian, atzoko irudi bat.
  Jendartea 2005-05-25 02:44

Igeltseraren desalojo saiakeraren argazkiak sarean jarri dituzte Gaztesarea eta UKBERRIk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Xirika aldizkariaren bidez lortutako akordio bati ezker, atzo goizean UKBERRI.NETek Igeltsera gaztetxea husteko saiakeran ateratako hainbat argazki on-line daude dagoeneko Gaztesarea.net webgunean. Gazte atarian asteartean ateratako argazkien artean aukeratutako 12 irudi topa daitezke, ikusi eta jaisteko. Izan ere, momentuz, UKBERRIk ez dauka argazki galeriarik, eta hori dela eta nazio mailako atari gaztera bideratu ditu irudiak. Etorkizunean, gutxienez copyleft izaera daukan webgune honek galeria propioa izan arte, litekeena da Gaztesareara igortzea Uribe Kostan gertatzen diren ekitaldien argazkiak. Aipatutako irudiak hemen ikus daitezke.
  Jendartea 2005-05-25 01:02

Ehun bat gaztek salatu dute Igeltseraren aurkako "erasoa"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ertzaintzak gaur goizean Igeltsera gaztetxean egindako desalojo saiakera salatzeko asmoz, dozenaka lagunek bat egin dute arratsaldean Sopela eta Urdulizko Gazte Asanbladak deitutako manifestazioarekin. Ibilbide guztian zehar, EAJren eta alderdi horretako alkateen, Imanol Garai sopeloztarra eta Juan Olea urduliztarraren, aurkako oihuak entzun diren arren, are ozenagoak izan dira herri bietako batzokien aurretik igarotzean. "El PNV –Ibarretxe– desaloja los gaztetxes" (EAJk –Ibarretxek– gaztetxeak desalojatzen ditu), "Alcalde da la cara" (Alkatea aurpegia eman) eta "Con este alcalde vamos de culo" (Alkate honekin txarto goaz) bota dituzte batean zein bestean. Hain zuzen ere, Urdulizko jeltzaleen egoitzako lorategietara sartu dira gazteak (argazkian) eta hantxe bertan irakurri ditu "erasoaren aurkako" eta Igeltsera gaztetxearen proiektuaren gaineko idatziak SUGAko pare bat kidek. Haserreak haserre, ez da istilurik egon.
  Jendartea 2005-05-24 15:19

"Lehenengo borrokaldia irabazi" egin dute Igeltsera gaztetxekoek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Beharginak joan eta bost minutura alde egin du Ertzaintzak Igeltsera gaztetxetik, 12:00etan. Hala ere, aurretik tentsio uneak bizi izan dira polizia agenteen eta inguruetan zeuden gazteen artean. Teilatura igotzen saiatu diren beste bi lagunak harrapatu eta gero, gazteak atea blokeatu dute badaezpada ere bi lagunak eramango zituztelakoan. Tartean, "Las tropas de Ibarretxe desalojan los gaztetxes" (Ibarretxeren tropek gaztetxeak desalojatzen dituzte), "Alcalde de Urduliz da la cara" (Urdulizko alkatea aurpegia eman) eta antzeko oihuak bota dituzte. Ondoren, beste albo batetik sartzen saiatu dira hainbat neska-mutil. Istiluen kontrako materiala hasi dira ateratzen orduan ertzainak. Ostean, errepidea mozten hasi dira banan-banan gazteak eta bertatik kendu egin dituzte polizia agenteek, jipoituko zituztela mehatxupean. Azkenean, alde egin dute ertzainek. Istiluak istilu, goiza "positiboa" izan da Sopela eta Urdulizko Gazte Asanbladak egindako lehenengo balorazioan. "Gure presioengatik edozer gerta zitekeela ikusi eta alde egin dute. Lehenengo borrokaldia irabazi dugu", azpimarratu dute SUGAkoek. Gertatutakoa salatzeko manifestazioa deitu dute gaur 20:00etarako, Sopelako udaletxetik abiatuta.
  Jendartea 2005-05-24 13:46

Seigarrena eta zazpigarrena ezin izan dira teilatura igo

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Orain bost minutu, beste bi lagun Igeltsera gaztetxeko teilatura igotzen saiatu dira, baina harrapatu egin dituzte azkenean. Hori dela eta, tentsio uneak bizi izan dira ertzainen eta behean dauden gazteen artean. Dagoeneko 60 bat dira teilatuan jarraitzen dutenei babesa emateko behean dauden lagunak. Bitartean, lehen eramandako materiala batzen hasi dira Arbiotxanen kamioian beharginak.
  Jendartea 2005-05-24 13:32

Bostgarren gazte bat igo da teilatura

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Oraintxe bertan, Igeltserara UKBERRIk bidalitako kazetariak jakinarazi duenez, hezi batetik sartu eta gaztetxeko teilatura igo da bostgarren gazte bat, behean zeudenen txaloen eta oihuen artean. Bitartean, badirudi lanak egiteko materiala sartzen ari direla, antza, guztia hormatzeko asmoz. Izan ere, Arbiotxan enpresako kamioi bat dabil inguruan. Teilatuan daudenak bertan egonda lanekin hasiko diren galdetuta, "baietz" erantzun diete behean dauden gazteei beharginek, oraindik bostgarren laguna goian ez zegoela; "horiek ateratzea ertzainen kontua dela" gaineratu dute. Dirudienez, lanak hasteko aginduaren zain daude.
  Jendartea 2005-05-24 13:16

Lau dira orain Igeltserako teilatuan dauden gazteak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Sopela eta Urdulizko Gazte Asanbladak UKBERRIri jakinarazitakoaren arabera, goizeko zazpiak aldera agertu dira, Igeltsera gaztetxean, Ertzaintzaren Brigada Higikorreko lau furgoneta. SUGAkoek adierazi dutenez, "gazte bat lurrera bota eta kolpatu, eta beste bat kaskoarekin jo dute". Brigada Higikorrekoak joan eta bertan geratu dira furgoneta eta patruila auto bana. Ordu t'erdi beranduago, berriz, trenbidetik gerturatu eta teilatura igo da gazte laukote bat, okupazioaren aldeko laranja koloreko banderak eskuan. Bestalde, 7:00etan "inor desalojatu izanik" ezeztatu dute ertzainek. Polizia agenteek esandakoaren arabera, "ordu horretan inortxo ere ez zegoen barruan". "Finkan inor sartzen ez uztea" da daukaten agindua. Bitartean, 50 bat gazte daude Igeltserako inguruetan protestan, Ertzaintzaren aurrean. "Herri bat gaztetxe bat" eta "El proximo gaztetxe en la casa de Ibarretxe" (Hurrengo gaztetxea Ibarretxeren etxea) oihuak dira nabarmenak.
  Jendartea 2005-05-24 10:47

Pertsona bat dago oraindik Igeltsera gaztetxeko teilatuan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Igeltsera gaztetxea ez dute oraindik hustu ertzaintzako kideek, SUGAk telefonoz nabarmendu duenez. Pertsona bat dago oraindik eraikinaren teilatuan, EAEko Polizia Autonomikoak orain kanporatu ez duena. Goizeko 7:00etan sartu da Ertzaintza eraikinean eta "erresistentzia pasiboa" egin dute bertan zeudenak. Orain 30 bat gazte daude Igeltserako inguruetan protestan, Ertzaintzako polizien aurrean.
  Jendartea 2005-05-24 10:22

Ertzaintza dagoeneko Igeltsera gaztetxean sartu egin da

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Goizeko 7:00etan sartu da Ertzaintza Igeltsera gaztetxearen barrura, 07:45ean Mecanica de la Peña lantegi zaharrean goizeko txandan sartzekoak ziren Sopela eta Urdulizko Gazte Asanbladako kideek UKBERRIri telefonoz jakinarazi diotenez. Gazteen arabera, ertzainen presentzia oso handia da Igeltsera industrialdean eta gaztetxearen barruan. Gazte asanbladako kideen esanetan "erresistentzia pasiboa" erabili dute gaztetxearen barruan zein kanpoan zeuden gazteak eta orain jende gehiago kontzentratzen ari da Igeltserako inguruetan. Oraindik ez da jakina gaueko txandan zenbat kide zeuden ezta sarrera zelan burutu den. Era berean, SUGAkoek ez dute uste atxiloturik dagoenik eta Uribe Kostako gazteria bertaratzeko deitu du "erasoaren" aurrean protesta egiteko. Bizkaiko Foru Aldundiaren eraikina apirilaren 16an okupatu zuten eta hilabete bat beranduago berau 24 ordutan uzteko agindua jaso zuten gazteek. Ordutik hona Ertzaintza hainbat aldiz hurbildu da baina desalojatzeko agindu gabe.
  Jendartea 2005-05-19 12:19

Kanporatzeko aginduaren epea pasatuta bere egitarauarekin jarraitzen du Igeltsera gaztetxeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Iragan den astearteko 13:00etan jaso zuten kaleratze aginduak 24 ordutako epea finkatzen bazuen ere, 45 ordu pasatuta kultur agendako ekitaldiekin aurrera jarraitzen dute Igeltserako gazteek, tartean astearte gauean eta atzo goizean ertzainak bertatik pasatu zirela, eraikinean sartu gabe. Sopela eta Urdulizko gazte Asanbladako kideek jakinarazi dutenez, dagoeneko Iñigo Lamarca Arartekoarekin hitzordua eskatu dute baina oraindik ez dakite bilera hori noiz izango den. Atxikimenduak ere jaso dituzte, besteak beste, Sopela Aurrera ezker abertzaleko plataforma eta hainbat gazte asanbladena. Gaur, arratsaldean zehar, asanblada egingo dute gaztetxean eta baliteke astebururako protestaldiak antolatzea.
  Jendartea 2005-05-18 03:07

Sopela eta Urdulizko Gazte Asanbladak Igeltseran tinko jarraitzea erabaki du

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Igeltsera gaztetxea 24 ordutan husteko goizean jasotako agindua eztabaidagai izan dute arratsaldean Mecanica de la Peña enpresa ohia okupatzen duten Sopela eta Urdulizko Gazte Asanbladako kideek. Batzarrera hurbildutako 40 bat lagunek gaztetxea defendatzea, asanbladak martxan dauzkan egitasmo guztiekin aurrera jarraitzea, Sopelan eta Urdulizen etxez etxe esku-orriak banatzea, Bizkaiko Foru Aldundiak legezko prozedura bete ez eta okupatzaileen oinarrizko eskubideak urratzen ari delakoan Arartekoari esku-hartzea eskatzea eta abokatuekin erakunde foralaren kontrako balizko salaketa ikertzea erabaki dute. Bestalde, gaueko hamarrak aldera, Ertzaintzako kide batzuk Igeltseraraino hurbildu dira goizean eramandako eskutitza berriro emateko eta "epaileak izen gehiago behar zituela" argudiatuta, Igeltsera gaztetxeko kideek esandakoaren arabera. Ertzainek ezin izan dira gaztetxean sartu atea itxita baitzegoen eta gazteek ez dute ireki "epailearen agindurik ez zutelako". Goizeko 7:00etan jarri dute hitzordu berria SUGAkoek. Argazkian, SGAk Igeltsera gaztetxearen proiektuari buruz apirilaren 29an emandako prentsaurrekoa.
  Jendartea 2005-05-17 16:28

Igeltserakoek gaztetxea uzteko agindua jaso dute orain dela ordubete

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Mecanica de la Peña lantegi zaharra 24 ordutan, askoz jota, desalojatzeko agindua jaso dute eguerdiko ordubata aldera Igeltsera gaztetxekoek, Ertzaintzako kidek eskura emanda. Sopela eta Urdulizko gazteak batzen dituen Sopelako Gazte Asanbladako kideek UKBERRIri adierazi diotenaren arabera, agiria "Mecanica de la Peñako antzinako pabilioiak okupatzen duten jaun-andreei" zuzenduta dago eta bertan apirilaren 25ean emandako agiriaren espedientearekin jarraitzen da, Mecanica berreskuratzearena, alegia. Aldiz, gazteek aurreko agiriari jarritako helegiteari buruz ez da ezer aipatzen. Eraikina eta lurrak berreskuratzeko, Ertzaintzaren laguntza eskatu dela jakinarazten du Bizkaiko Foru Aldundiaren Ondare Zerbitzuko buruak idazkian. Bere aldetik, Igeltserak arratsaldeko 19:00etan egingo du batzar berezia honetaz jarduteko. Argazkian, SGAk Igeltsera gaztetxearen proiektuari buruz apirilaren 29an emandako prentsaurrekoa.
  Jendartea 2005-04-29 19:21

Gazte asanbladak Sopelan prentsaurrekoa ematen ari zen bitartean, Urdulizen gaztetxean sartu da Ertzaintza

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Arazoak arazo, gaur eguerdian eman du Igeltsera gaztetxerako duen egitasmoaren berri Sopela eta Urdulizko Gazte Asanbladak. Hain zuzen ere, Sopelako udaletxeko plazan prentsaurrekoa ematen ari zirela, Urdulizko Mecanica La Peña lantegi zaharreko eraikinera sartu da Ertzaintza. "Kartelak apurtu eta pankartak kendu ostean, bertan zeuden 20 bat lagun identifikatu dituzte" polizia agenteek, bi herrietako gazteek osatzen duten taldeko kide batek UKBERRIri adierazi dionez. "Bi zeta eta sozialeko beste bi auto hurreratu dira bertara, gaztetxean zeuden guztiak identifikatzeko agindua zeukatela esanez, erakutsi ere egin dute", azaldu du gazteak.
  Jendartea 2005-04-29 19:14

Sopela eta Urdulizko gazteok proiektu berria daukagu, Igeltsera gaztetxea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ez da berria lokal autogestionatuen beharra dagoela Sopela eta Urdulizko gazteen artean. Urte hauetan zehar saiakera ugari burutu dira hau lortzeko, baina bidea guztiz baldintzatua egon da agintariek jarri dituzten oztopoengatik. Honen islada izan dira Sopelako gaztetxe zaharra eta Eskola Gorriak edo Urdulizko lehenengo Igeltsera gaztetxea. Hiru urte igaro dira dagoeneko azken bi horiek bota zituztenetik hutsune handia utziz kultura eta herri antolakuntza mailan. Horregatik, duela hiru hilabete lanean hasi ginen berriro gazte asanblada berri bat eratuz herri bietako gazteen artean. Oraingoan, zenbait eztabaida izan eta gero berehala okupatzea erabaki genuen eta horrela pasadan apirilaren 16an antzineko Mecanica de la Peña eraikina okupatu genuen, gaur egun Igeltsera gaztetxea bilakatu duguna.
  Jendartea 2005-04-23 19:09

Alde egiteko agindua jaso dute Mecanica La Peñan sortutako gaztetxekoek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Ertzaintzako poliziak bertaratu ziren berriro atzo Urdulizko Mecanica La Peña lantegi zaharrera, bertan zeuden okupei Bizkaiko Foru Aldundiak bidalitako alde egiteko agindua emateko. Paperean gazteei 10 eguneko epea ematen die Bizkaiko erakundeak eraikinetik alde egiteko. Oraindik eztabaidatu ez badute ere gazteek ez dute baztertzen agindua errekurritzea. Bitartean, urduliztar zein sopeloztarrak batzen dituen Sopelako Gazte Asanbladak hainbat lan burutu ditu, tartean gaztetxeari izena jartzea. Igeltsera gaztetxea da dagoeneko Mecanica La Peñaren izen berria. Bestalde, lan taldeak eratu dituzte okupek eta lehenengo emaitza gaur egongo da ikusgai eta entzungai, gaztetxeak antolatu duen kontzertuan.
  Jendartea 2005-04-17 19:24

Txukuntzeko lanekin jarraitzen dute Mecanica La Peñan zabaldutako gaztetxean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Sopelako Gazte Asanbladako kideek atzo Urdulizen okupatutako Mecanica de La Peña SA enpresan jarraitzen dute, gaua bertan pasatu ostean. SGAko lagunek UKBERRIri esandakoaren arabera, bart zaintza talde bat antolatu zuen Gazte Asanbladak. Horrela, 15 gaztek bertan lo egin zuten. Gauean ez zen inolako gertaerarik izan baina tentsio uneak bizi izan zituzten gazteak goizeko 4:00etan Ertzaintzaren dotazio bat bertaratu eta enpresa aurrean geldituta geratu zenean. Azkenean, ertzainak alde egin zuten gaztetxean sartu gabe. Gaur, berriz, gelak garbitzen eta egin beharreko lanak diseinatzen eta banatzen izan dira gazteak.
  Politika 2005-03-15 20:13

Bigarren eskuko gauzak behar dira Urdulizen presoen aldeko merkatu txikia jartzeko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri Merkatu txikia eratzeko, bigarren eskuko gauzak (diskak, liburuak, arropak, altzari txikiak... behar ez duzuen oro) beharrean gaude. Urdulizko Herriko Tabernan utzi behar dituzue. Guk, gure aldetik, merkatu txikiak antolatuko ditugu udaberrian zehar, eskualdeko txokoetatik, hau da, Urduliztik Gorlizera. Elkartasuna beste era batean landu nahi da ekimen honekin, eta, udaberrian zehar, preso eta iheslarien aldeko dendatxo bat antolatuko da, hiru espazioz ezberdinduta: presoek zein iheslariek eta solidarioek egindako eskulangintzak, bigarren eskuko gauzak eta Askatasunaren material berria.

Nabarmenak

Zorion agurrak