Enpresek emakumeak kontratatzeko laguntza mantendu dute

Iker Rincon Moreno 2015ko eka. 22a, 10:00

Uribe Kostako Mankomunitateko Ber­dintasun Sailak, Uribe Kostako Behargintzak eta Urdulizko Udalak 2014an abiatutako "Berriro bueltan" izeneko programari jarraipena eman diote. Ekimen horren helburua da enpresei laguntza ematea, langabezian dauden 35 urtetik gorako emakumeak kontrata ditzaten. Erakundeek azpimarratu dutenez, "emakumeek zen­bait profil izan dezakete, bai trebakuntza arlokoak, bai lan-esperientziari dagozkionak, jarduera-sektore ugaritan". Uribe Kosta eskualde osoko enpresak, Urdulizkoak bereziki, dira programaren onuradunak.

Pizgarriak

Emakume­en laneratzea erraztea da programaren azken asmoa, eta pizgarri ekonomikoak eskaintzen dizkiete enpresei ho­rretarako. Kontratuen iraupena eta kontratuetako modalitatea kontuan hartuta, 1.500 euro artekoa izan daiteke laguntza, kontratu bakoitzeko. Iaz, enpresen esku jarri zuten programa Uribe Kostako Mankomunitateko Berdintasun Sailak, Uribe Kostako Behargintzak eta Urdulizko Udalak. Emakumeen laneratzea sustatzeko proiektu globalago baten barruan zegoen egitasmo hori. Emakume ekintzaileei euren kabuz lanpostuak sortzen ere laguntzen zien, diruz zein enpresa sortzeko tutoretza eta prestakuntza eskainiz. Ardatz biei esker, azken hilabeteotan enpleguagaz lotutako zenbait gai jorratu da emakume-talde bategaz. Argibide gehiagorako 946 760 638 telefono zenbakira jo daiteke.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun