Martxoak 8 Uribe Kostan

Emakume langileei gorazarre egiteko...

Iker Rincon Moreno 2016ko mar. 4a, 11:12

Urtero legez, Emakumeen Nazioarteko Eguna egingo da egunotan Uribe Kostan. Horretarako, udalek, eragileek zein Mankomunitateak hamaika ekimen antolatu dute; ekimen nagusia, hilaren 13an, domekan, emakumeen mendi-martxa, Plentzia eta Lemoiz artean. Goizeko 09:30etik aurrera, eskualdeko emakumeek ibilbide zirkularra egingo dute herri bi horien artean. Ondoren, 13:00etan, martxoaren 8ko adierazpena irakurriko dute.

Herriz herri ere hainbat jarduera egongo dira egunotan, emakume langileari gorazarre egiteko. Gorlizen, berbarako, genero-ikuspegitik aztertzen dabiltza hainbat film, Sertutxena aretoan; hurrengo saioak: hilaren 10ean, 18an eta apirilaren 7an (18:30).

Plentzian, hilaren 7an «Emakumeen begiradak» izeneko erakusketa aurkeztuko dute, 18:30ean, Goñi Portalen, eta hurrengo egunean, Plentzia eta Gorlizko 26 eragilek kontzentrazioa egingo dute, 20:00etan, Ontziola plazan. Urdulizen, "Big Eyes" filma proiektatuko dute kultur etxean, hilaren 7an, 19:00etan; eta Lemoizen hilaren 8an kontzentrazioa egingo dute, 12:00etan, udaletxe parean.

Berangon ere hainbat ekimen antolatu dituzte: film-proiekzioa, udalerriko emakumeen antzezlana, eta berdintasunaren aldeko jaia, hilaren 5ean, 12an eta 13an, hurrenez hurren. Sopelan ere astebeteko jardunaldiak antolatu dituzte: antzerkiak, berbaldiak, lehiaketak eta hamaika kontu egongo dira, besteak beste.

Azkenik, Barrikan, ohiko emakumezkoen piragua dema egingo dute, hilaren 6an, 11:00etatik aurrera. Hilaren 8an, berriz, Emakumeen Hitza elkarteak ohiko bazkaria egingo du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun