Azken egunak dira Anezka eta Taldeka foru enplegu-programetan izena emateko

Iker Rincon Moreno 2016ko ira. 20a, 18:58
Pasa den ekainean egin zuten Anezka programaren mahai-ingurua Bilbon. © DEMA

Datorren domekara arte, irailak 25, uribekostar denek zabalik daukate Anezka eta Taldeka enplegua sustatu eta ekintzailetza bultzatzeko programetan izena emateko aukera. Dema enpresen garapenerako foru agentziak ipini ditu martxan ekimen biak. Inskripzioak Dema.eus webgunean egin daitezke.

Anezkari dagokionez, enplegurako eta elkartasun-ekintzailetza programa bat da. Lehenengo edizioan, parte hartu zuten langabetuen %65 lan-merkatuan sartu zen. "Arrakasta" horren ondorioz, aurten Dema enpresen garapenerako foru agentziak Uribe Kostako hamar udalerrietara zabaldu du ekimena.

Programa Santa María la Real fundazioaren babesagaz egingo da, eta "metodologia berritzailea" erabiliko du enplegua bilatzen laguntzeko, Demako iturriek nabarmendu dutenez. Iturri berberen arabera, "Anezka deritzo beren borondatez eta inolako kontraprestaziorik gabe ekimenean parte hartzea erabaki duten pertsona langabe, dinamiko, konprometitu eta solidarioz osaturiko talde heterogeneo bati". Entrenatzaile batek koordinatzen ditu guztiak, eta "haren laguntzaz, beren gaitasunak indartu, jakintza kolektiboa sortu, ikusgarri egin eta guztiek partekatzen duten helburu bat lortzeko lan egiten dute: enplegua lortzea, bai norbere kontura, bai besteren kontura".

Anezka bakoitzak 20 pertsona bilduko ditu, eta bost hilabetez hainbat jarduera egingo dituzte, bai taldekoak, bai pertsonalak, eta gainera, enpresakaz zuzeneko kontaktuak eta aholkularitza ere jasoko dituzte, norbaitek bere negozioa ireki nahi duen kasuetan.

Taldeka

Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak, Demaren bitartez enplegua sustatzeko beste ekimen bat jarri du abian: Taldeka ekintzailetza-programa; proiektu horrek deialdi bi eskaintzen ditu: bata Uribe Kosta mailakoa eta bestea Uribe Butroen.

Taldekaren helburu nagusia da motibatzea eta sentsibilizatzea bertan parte hartuko duten langabetuak, "ekintzailetzari hel diezaioten"; horretarako prestakuntza eta laguntza eskainiko diete, negozio-ideiak sor daitezen. Helburu hori lortzeko, parte hartzaileen arteko kooperazioa eta lankidetza landuko dituzte. Hala, sinergien sorrera, taldeak osatzea eta negozio-ideia komunen garapenean oinarrituriko laneko metodologia bat aplikatuko dute.

Taldekak hiru fase ditu:

  1. Lehenengoak hilabete eta erdiko iraupena du, gutxi gorabehera, eta bertan gizakiaren portaera aztertzeko tekniketan eta entrenamendu pertsonalean oinarrituriko metodologia berezi bat baliatuko da.
  2. Bigarren faseak bi hilabete eta erdiko iraupena du, gutxi gorabehera, eta negozio-ideiak sorraraztea, euren bideragarritasunaz taldean berba egitea eta negozio-plana garatzea da helburua.
  3. Azkenik, hirugarren fasearen xedea negozio-plana abian jartzea da, urte batez horren jarraipena eginez, behar bezala funtzionatzen duela bermatzeko. Azken fase horretan 5.000 eurora arteko diru-laguntza emango dute proiektu bakoitza abian jartzeko, eta beste 2.000 eurora arte jarraipen fasean eginiko aldez aurreko diagnostikoan oinarrituriko kanpoko aholkularitza lanetarako.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun