LOMCE eta Heziberri planen kontrako mobilizazioak deitu dituzte gaurko

Iker Rincon Moreno 2016ko urr. 26a, 11:45
LOMCE legearen kontrako mobilizazioa, artxiboko irudian. © ANE IZQUIERDO

LOMCE eta Heziberri hezkuntza planen kontrako mobilizazio-eguna deitu dute ELA, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek Hego Euskal Herrian. ELAk eta Steilasek alde batetik egingo dituzte protestak; bestetik, CCOO eta UGT sindikatuak mobilizatuko dira. Ikasle eremuan, berriz, Ikasle Sindikatuak egin du mobilizaziorako deia.

Ikastolen Elkartea, Kristau Eskola, LAB sindikatua eta Ikasle Abertzaleak ez dira batu mobilizaziotara. LABen iritziz, "Estatuko logikatik" egindako deialdi bat da. Ikasle Abertzaleakek, berriz, greba eta mobilizazioak Madrildik etorritako interes "zentralista eta zapaltzaileei" jaramon egiten dietela salatu dute.

Mobilizazioak

UGTk eta CCOOk 08:00etatik 09:00etara egin dituzte lanuzteak eskoletan, eta 18:00etarako manifestazioak deitu dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen. UGTk salatu duenez, azken urteotan euskal hezkuntza pairatzen ari den erasoa "jasanezina" da.

ELAk eta Steilasek, berriz, elkarretaratzea egin dute 09:30ean Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren atarian. Elkarretaratzeak eta manifestazioak ere egin dituzte, batean eta bestean.

Ikasle Abertzaleak erakundeak egindako oharra:

Ez da lehen aldia Ikasle Sindikatuak horrelako mobilizazio bat deitzen duena, aurreko urteetan hainbatetan deitu ditu greba eta mobilizazio desberdinak, modu puntual eta isolatuan. Unean une aldarri desberdinekin, baina beti ere helburu eta interes zehatz batzuei jarraiki. Argi eduki behar dugu interes hauek zeintzuk diren: ez dira ikasleen interesei jarraiki egiten diren mobilizazioak, ez dira ikasle mugimenduaren aldeko apustuak. Interes zentral eta zapaltzaileei egiten diete jaramon, Madriletik hartutako erabaki batzuei.

Ikasle Sindikatua marka zaharra da, baina mamu baten gisakoa zentroetan, ez baita ikasle mugimenduaren baitan propioki antolatutako sindikatu bat. Sindikatu honek men egin die beti estatuko botere zapaltzaileei. Lan eremuan CCOO eta UGTren antzera jokatzen du hezkuntza esparruan, modu puntualean mobilizazioak deituz, horrela ikasleriarengan desgaste lan bat eginez. Gainera aurrera daramatzaten aldarriak lausoak izaten dira, eta aldaketak planteatzekotan ez dute ikasleoi onura egingo ligukeen aldaketa erradikalik planteatzen.

Behin baino gehiagotan luzatu digute beraien grebara batzeko deia, baina guk argi eta garbi ezezkoa ematen diogu irakurketa honen bidez. Ez dugu bat egingo ikasleon zapalkuntza bermatzen duen sindikatu batekin, eta are gutxiago sindikatu erabat espainolista den batekin. Estatu burges eta nazio zapaltzaile den estatu espainolari men egiten dion sindikatu bat ez da inoiz gure bidelagun izango, ez baitu klase zapalduon ezta nazio zapalduon aldeko apustua egingo inoiz.

Azkenik, deia egiten diogu ikasleria osoari egun bizi dugun hezkuntza sistema zapaltzaile eta inposatu honen aurka antolatzera, eta honen aurka borrokatzera. Borrokak helburu argi bat behar du izan, guk genero, nazio eta klase zapaldu gisa gure interes propioen aurrerapausoak egitea!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun