Sakonean

Antropozenoa; garai geologiko berrian bizi gara?

Iker Rincon Moreno 2016ko aza. 16a, 13:07
Alejandro Cearreta EHUko irakaslea, Tunelbokan.

Alejandro Cearreta Bilbao EHUko ikertzaileak eta nazioarteko beste 37 adituk uste dute murgilduta gaudela garai geologiko berri batean: Antropozenoan. Horren ebidentzia argia aurkitu dute Getxon, Tunelboka hondartzan.

Ofizialki, Holozenoan bizi gara. Orain dela 11.700 urte hasitako garaiaren izena da hori; klima guztiz aldatu eta azkenengo glaziazio faseari amaiera eman zitzaionetik, hain zuzen ere. Une hartan, tenperatura leundu eta hainbat glaziar fusionatu egin ziren, itsasoaren maila igoaraziz. Ordutik, gizakiak nekazaritza eta zibilizazioa garatu ditu, gaur egun bizi dugun globalizaziora heldu arte. Tarte horretan, ingurumenean eragindako aldaketak nabarmenak izan dira, batez ere industrializazio-garaitik aurrera. Hori dela-eta, hainbat zientzialarik Holozenoari amaiera eman, eta Antropozenoan gaudela uste dute.

Ideia hori kimikako Nobel saridun Paul Crutzen-ek proposatu zuen 2000. urtean. Horren arabera, azken mendeotan Lurraren ingurumenean pertsonok izandako eragina nabarmena da, eta horrek garai geologiko berri bati hasiera eman dio. Proposamen hori apurka-apurka indartzen joan da azken bolada honetan, eta arlo ezberdinetako lan zientifiko nahikotxok tesi hori babesten dute. Hala ere, ofiziala izateko, Estratigrafiako Nazioarteko Batzordeak bere oniritzia eman behar dio; hori lortzeko lanean dabil Antropozenoaren inguruko lantaldea (Anthropocene Working Group of the Subcommission on Quaternary). Nazioarteko 38 geo-zientzialarik osatzen dute lantalde hori; espainiar estatuko zientzialari bakarrak parte hartzen du horretan: Alejandro Cearreta Bilbaok, Plentzian bizi den EHUko irakasle eta ikertzaileak. Cearretak azaldu duenez, 2009an osatu zuten lantalde hori; ordutik, garai geologiko berri horren informazioa eta ebidentziak batzen jardun dute, mundu osoan.

Zazpi urte eman dituzte zeregin horretan, eta lortutako emaitzak joan den abuztuan egindako XXXV. Geologiako Nazioarteko Bilkuran aurkeztu zituzten. Bertan, besteak beste, hurrengo hiru urteetarako helburua agindu zioten taldeari: Antropozenoaren ezaugarriak argi eta garbi definitzen dituzten lekuak aurkitzea.

Tunelboka hondartzaren panoramika.

Zer da Antropozenoa?

Antropozenoa garai geologiko berri baten proposamena da. Horren arabera, geologiaren eraldaketaren oinarrizko elementu bihurtu da pertsona, lurzorua moldatzeko gai dena. Antropozenoa pertsonaren geologia dela esan daiteke, hau da, pertsonon aztarna erakusten duen geologia. Jatorrizko ideiaren arabera, Industria Iraultzagaz batera hasi zen Antropozenoa, lurrun-makina asmatu zenean, XVIII. mendearen akabuan.

Beste aditu batzuen arabera, ordea, horren hasiera Neolitikoan kokatzeko beharra dago, nekazaritzaren loraldiagaz; une hartan natura gure beharretara egokitzen hasi ginelako. Hala ere, Antropozenoaren hasiera XX. mendeko erdialdean kokatzearen alde dago Cearretaren lantaldea; 1950eko hamarkadan, Bigarren Mundu Gerraren ostean, «gizakiaren geologia globala eta sinkronikoa une horretan ematen hasten delako».

Adituaren arabera, prozesu horiek guztiak munduko edozein lekutan ikus daitezke gaur egun, denak momentu berean. «1950tik aurrera sortzen ditugun objektuak zein materialak eta egiten diren prozesu guztiak guztiz globalak dira, eta hori beharrezko baldintza da garai geologiko gisa onartzeko», azaldu du Cearretak.

Horrenbestez, Plentzian bizi den ikertzaileak aitortu duenez, beste hipotesi biak garai kulturaltzat onar daitezkeen arren, ezin dira geologikoki onartu. Neolitikoaren kasuan, hasierako eragin-guneak Asian eta Afrikan eman ziren, gerora gainontzeko puntu guztietara hedatu ziren, milaka urteko aldeagaz; «hortaz, ez da fenomeno sinkronikoa». Industria Iraultzari dagokionez, Britainia Handian hasi zen, eta mende batzuk igaro ostean hedatu zen munduko beste leku guztietara, Txinara edo Indiara, berbarako. «Hala, nahiz eta denbora aldea txikiagoa izan, ez da globala izan».

Pertsonaren eragin globala eta sinkronikoa 1950ko hamarkadaz geroztik bakarrik gertatzen dela ondorioztatu du nazioarteko adituen lantaldeak. Horren adierazle nagusiak dira atmosferan egindako leherketa atomikoen ondorioz hedatutako isotopo erradioaktiboak. Lehenengoa 1945eko uztailaren 15ean izan zen, Alamogordon (Mexiko Berria, AEB). Ondoren eraso nuklear bi egin zituzten, Japoniako Hiroshima eta Nagasaki herrietan, Bigarren Mundu Gerraren barruan. Horren ostean, 1980ko hamarkadara bitartean, 500 leherketa atomiko baino gehiago egon dira mundu osoan. Horien eraginez, atmosferara askatu ziren hainbat motatako isotopo erradioaktiboak, berbarako: Cesio 137 eta Plutonio 239. Horiek mundu osora hedatu dira, atmosferako korronteek garraiatuta, eta lurzoruan txertatu dira euriaren bidez.

Horren guztiaren ondorioz, munduko edozein lekutan lurzoruaren lagin bat hartuz gero, isotopo erradioaktibo horiek topatuko ditugu. «Horiek 1952tik dira atzemangarriak, urte horretatik aurrera kontzentrazio nahikoa zegoelako isotopo erradioaktiboak detektatzeko. Kontzentrazio handiena, berriz, 1963an jaso daiteke, leherketa gehien eman ziren urtea izan baitzen». Klimaren aldaketa ere Antropozenoaren parte dela ere aitortzen du Cearretak: «esan genezake, Antropozenoa marko kontzeptual bat dela, eta horretan sar ditzakegu aldaketa klimatikoa, espezieen desagerpena, ekosistemen suntsipena eta ozeanoen azidotzea, besteak beste».

Ebidentziak, Uribe Kostan

Geologikoki Uribe Kosta eskualdea oso interesgarria da; gainera, Geologia Interesdun Leku (GIL) gehien batzen dituen hirugarren gunea da EAE osoan. Leku horietan garai geologiko asko ikus daitezkeela gogorarazten digu EHUko ikertzaileak. Kuaternarioaren barruan, berbarako, Antropozenoko materialen erregistro «oso interesgarria» duten gune bi ditugu: Gorrondatxe eta Tunelboka, biak Getxo udalerrian daude. Horiek biak material artifizialez osatutako biltegi naturalak dira.

Material hori guztia Bizkaiko industria-jardueratik dator; Labe Garaietatik, gehienbat. XX. mendean itsasoan botatako zepak dira hondartza bi horietan pilatutakoak, Cearretak azaltzen duenaren arabera. «30 milioi tona baino gehiago isuri zituzten itsasora, guztira; horietatik, milioi bat inguru gure kostaldean lehorreratu ziren», zehaztu du adituak. Hala, zarama hori gutxika-gutxika pilatzen hasi zen Gorrondatxe eta Tunelbokan, zementatutako hondartzak bihurtuz. Tunelbokako zementazioa nabariagoa da Gorrondatxekoa baino. «Bertako hondarra arroka bihurtu da. Legar tamainako materialak daude eta zepak pisu handikoak dira; ostera, Gorrondatxen pilatutakoak harea-tamainakoak dira, gehienbat». Hori dela-eta, Tunelbokako sekuentzia osoagoa dela dio Cearretak, «ikusgarriagoa».

Hondartza horretara bajatuz gero, ingurura begiratzea besterik ez dago bertako paisaia «naturala» ez dela jakiteko. XX. mendean pilatutako sedimentuek ez diote milaka milioi urtetan osatutako sekuentziari jarraitzen. Flyscharen gainean zementatutako sedimentuak ikus daitezke, kolore ilunekoak, adreiluz, zepaz eta bestelako askotariko materialez osatutako sedimentuak. Inguru honetako ehun urteko historia kontatzeko gai dira horiek, pertsonak inguruan eragindako «kontakizunez» josita daude. Gutxi gorabehera azkenengo ehun urteetan eratutako kapa horiei «egundokoak» deritze Cearretak.

Geologian erabili ohi den denbora-unitatea milioi bat urtekoa da, tarte hori baita sedimentuek harri bihurtzeko behar duten denbora. Ostera, pertsonok hori ere moldatu dugula oharrarazten digu Cearretak. «Askotariko materialak eratu ditugu, eta prozesu naturalei esker, horiek litifikazio-prozesua abiadura handiz egiten dute. Hamarkadak baino ez dira behar izan Tunelbokako arroka horiek osatzeko, eta erregistro geologikokoaren parte bihurtu dira daborduko», azaldu du. Gainera, berbarako Tunelbokan, pilatutako sedimentu artifizial horiek hamar metroko altuera daukate hainbat puntutan.

Mundu osoko erreferentearen bila

Antropozenoaren ebidentziatzat aurkeztu zuen Tunelbokako kasua Cearretak Oslon, pasa den apirilean; jendea «txundituta» gelditu zela dio, «gizakiaren eragina argi eta garbi» ikus daitekeelako eremu horretan. Hala ere, ikertzaileak aitortzen du Getxoko hondartza hori ezin dela garai geologiko horren ezaugarriak erakutsiko dituen oinarrizko gunea izan (GSSP); hondartza higatzen joango delako, itsas-maila handitzen doan heinean. «Ezinezkoa izango da eremu hori milaka urtean mantentzea, eta horixe da erreferente batek behar duena», azaltzen du EHUko ikertzaileak. Nahiz eta GSSP aitortza ez jaso, Tunelbokako kasuak nazioartean oihartzun handia izango duela argi dauka Cearretak: «bisitatzeko erraza da, oso ikusgarria da, argia da eta Antropozenoaren narratiba oso ondo laburbiltzen du».

Tunelbokako argazki-galeria

Tunelboka

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun