Elkartasunezko elikagai-bilketa egingo dute zapatuan eskubaloi-taldeek

Iker Rincon Moreno 2017ko urt. 5a, 18:30
Urduliz eta Berango eskubaloi-taldeetako hainbat jokalari. © BERANGOKO ESKUBALOIA

Etzi, zapatuan, elikagai-bilketa egingo dute Urdulizko Iparralde kiroldegian, 09:00etatik 15:00etara, "egoera txarrenean daudenei laguntzeko". Urteroko hitzordua da Urduliz Eskubaloi Taldea, Berango Eskubaloia eta Uribe Eskubaloi Eskola antolatzaileentzat; aurten helburu biribila ipini diote erronkari: tona bat elikagai lortzea. Iaz kopuru hori hori lortzetik oso gertu geratu ziren.

Elikagai ez galkorren bilketa larunbateko goiz osoan izango da kiroldegian, eta hainbat jarduera ere izango da horren inguru. Besteak beste, txokolate jan erraldoia antolatuko da partaide denentzat. Gainera, eskubaloi-eskolako txikienen partidak jokatuko dira, eta 250 ume baino gehiagok hartuko dute parte.

Arratsaldean, nagusiek Herriko Taldea Gara txapelketaren IV. edizioa jokatuko dute. Txapelketa horretan, taldeak osatuko dira nahasten adin denetako jokalariak, neskak eta mutilak, eta baita gurasoak eta zaleak ere.

Gomendatutako elikagaiak

Bizkaiko Elikagai Bankuaren lana errazteko, antolatzaileek zenbait produktu hobetsiko dituzte, hala nola: lekaleak, pasta, arroza, kontserba-latak, olioa eta azukrea.

Ekimenaren kartela

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun