Getxo Saskibaloia Taldea, sailkapenaren buru

Iker Rincon Moreno 2017ko ots. 23a, 13:21
Taldekideak, klubaren denboraldiko hasierako aurkezpenean.

Sailkapeneko lehena da Getxo Saskibaloi Taldea (GST), Hego Euskal Herriko Saskibaloi Ligaren Bigarren Mailan. Emakumeen talde seniorrak beste garaipen bat lortu zuen pasa den domekan, Atarrabian, Paz de Ziganda ikastolaren aurka 35-56 irabazita. Aranguren hartuko du zapatuan, Faduran.

Getxoztarrak taularen buru dira 17 jardunaldi jokatu ostean; 9 falta oraindino. Getxoztarrek 29 puntu dituzte, Errioxako Campus Promete fundazioak eta Express Hondarribia Ikasbasketek dituztenak baino bat gehiago. Halere, kontuan hartzekoa da errioxarrek ligako atsedenaldi biak egin dituztela; horrenbestez, 15 partida jokatu dituzte. Getxok, ostera, atsedenaldi bakarra izan du orain arte. Jokatutako 16 partidetatik, 13 partidetan irabazi dute hori-beltzek. Zoritxarrez, jasandako hiru porrotetatik bi gaur egungo arerio nagusien aurka izan ziren: Campus Prometeren eta Express Hondarribia Ikasbasketen aurka. Uribekostarrak garaitu dituen hirugarren taldea Gasteizko Las Bellotas izan da; taulako zazpigarrena da gaur egun.

Datorren zapatuan, zortzigarrena den Aranguren taldea hartuko du Getxok, Faduran, Lehenengo Mailara igotzeko puntuak batzeko guran.

Bestalde, oso bestelako itxaropena du Askartza taldeak, taula bereko azken-hirugarrenak. Leioaztarrek jaitsieratik alde egin gura dute, Logroñoko CBSI Venueri irabaziz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun