Aratusteak 2017

Mozorrotzeko ordua heldu da!

Iker Rincon Moreno 2017ko ots. 24a, 13:44
Gorlizko aratusteak, artxiboko irudian.

Bariku honetatik aurrera, eskualdeko herri gehienetan aratusteez gozatzeko aukera egongo da, martxoaren 4ra arte.

Uribe Kosta, jantzi mozorroa! Aukera zabala dago eta eskualdeko herrietan. Aztiak eta sorginak, Berangon; eta gaia librea da gainontzeko herri denetan. Ohiturei eta tradizioei gorazarre edo barre egiteko, askotariko jantziakaz aterako dira kalera adin guztietako uribekostarrak. Lemoiztarrak izango dira lehenak jai giroan murgiltzen: barikuan, Urizarreko frontoian askotariko mozorroak ikusi ahal izango dira, 18:00etatik aurrera.

Hurrengo zapatuan, martxoaren 4an, berriz, Armintzakoen txanda izango da, mozorro-lehiaketa eta guzti. Aurtengo aratusteak Lemoizko Udalak antolatu ditu, udalerriko ostalariakaz batera. Azaldu dutenez, mozorro-lehiaketako parte-hartzaileek «taberna guztietatik» pasa beharko dute ostalariek mozorroak puntuatzeko.

Gorlizko Aratz Dantza taldekoek ere barikuan ipini dute hitzordua; euskal aratusteen nondik norakoak ezagutaraziko dituzte Ibarreta plazan, 19:00etatik aurrera. Zapatuan, ostera, umeentzako tailerrak egingo dituzte, txokolatea banatuko dute eta disko-festa egongo da, neska-mutil guztien gozamenerako. Egun horretan bertan ere, Berangoko gazteak aztiz edo sorginez mozorrotuko dira. Arrastian, 05:30ak aldera, kalejira egingo dute udalerriko kaleetan, Berangoeta kultur etxetik frontoira joateko. Ondoren,  txokolatea banatuko dute eta disko-festaz gozatzeko aukera izango dute, 23:30era arte.

Azkenik, hilaren 27tik martxoaren 3ra bitartean, Urduliz bere egingo dute aratusteek. Astelehenean, mozorroak egiteko tailerra egingo dute kultur etxean; martitzenean, txotxongiloak egitekoa, eta martxoaren 3an, barikuan, Gari, Montxo eta Joselontxoren Mozorrotzen ikuskizuna egongo da kultur etxean.

Egitaraua, herriz herri

Berango

Otsailak 25, zapatua
17:30 Kalejira, Berangoeta kultur etxetik.
18:00 Txokolate-jana.
18:30-23:30 Disko-festa, frontoian.

Lemoiz

Otsailak 24, barikua

  • 18:00 Puzgarriak.
  • 19:00 Tostada-txapelketa.
  • 19:30 Txokolate-jana, Urizarreko frontoian.

Martxoak 4, zapatua

  • 17:30 Disko-festa eta mozorro-lehiaketa, Armintzako frontoian.

Gorliz

Otsailak 24, barikua

  • 19:00 Euskal inauteriak Aratz Dantza taldeagaz, Ibarreta plazan.

Otsailak 25, zapatua

  • 17:30 Tailerrak eta txokolate-jana.
  • 19:30 Disko-festa.

Urduliz

Otsailak 27, astelehena

  • 17:30 Mozorro-tailerra, kultur etxean.

Otsailak 28, martitzena

  • 17:30 Esku osoko txotxongiloak, kultur etxean.

Martxoak 3, barikua

  • 19:00 Gari, Montxo eta Joselontxoren Mozorrotzen ikuskizuna, kultur etxean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun