Book Trailer Lehiaketa martxan da!

Iker Rincon Moreno 2017ko ots. 27a, 14:49
Aurten, berritasun moduan, ez da beharrezkoa izango taldekideetako bat behintzat Getxon erroldatuta egotea.

Getxoko Kalabazan kultur ekimenak Book Trailer Lehiaketa martxan ipini du, hirugarrenez; irakurzaletasuna bultzatzeko. Lanak apirilaren 14ra arte bidal daitezke.

Bueltan da Getxoko Book Trailer Lehiaketa. Gazteen artean irakurzaletasuna bultzatzea da horren helburua; beren-beregi, 12 eta 18 urte bitarteko neska-mutilei zuzenduta dago. Parte hartu gura dutenek aukeran eskaintzen diren liburuetako bat irakurri beharko dute eta horren trailerra egin. Lanok apirilaren 14a baino lehenago aurkeztea beharrezkoa da.

Antolatzaileek azaldu dutenez, filmetako trailerren antzeko teknikak erabiltzean datza Book Trailer lehiaketa, liburuak ezagutzera emateko eta irakurleak erakartzeko. Bideoek minutu bateko iraupena izan ohi dute, eta Interneten bidez hedatzen dira. Gehienez hiru pertsonako taldeek parte har dezakete, eta aurten ez da baldintza izango kideetako bat behintzat Getxon erroldatuta egotea; hala, Euskal Herriko edozein gaztek parte hartu ahal izango du. Lanak Kalabazan kultur ekimenaren helbide elektronikora bidali beharko dituzte parte-hartzaileek, apirilaren 14a baino lehen, bideoak Youtuben eskegi ostean, horren lotura e-mailez bidaliz. Maiatzaren 7an egingo dute sari-banaketa; euskara eta euskal kulturaren alorreko hiru kidek osatutako epaimahaiak aukeratuko ditu irabazleak.

Aurten maila bi egongo dira: A maila (16-18 urte artekoena) eta B maila (12-15 urte artekoena). Maila bakoitzeko irabazleek tablet bana irabaziko dute; bigarrenek, ordea, eskola materiala erosteko 50 euro. Horrez gainera, publikoaren saria ere emango dute: sari-banaketara hurreratuko direnek euren bideo gustukoena bozkatuko dute; boto gehien lortuko dituen taldearen kide bakoitzak abentura-kamera bana jasoko luke. Kalabazan kultur ekimeneko antolatzaileek jakinarazi dutenez, booktrailerak egiten ikasteko ordu biko ikastaroak egingo dituzte, Getxoko Gauegun gaztelekuan, doan; datak oraindino ez dituzte zehaztu. Horietan parte hartu gura duten neska-mutilek Kalabazanen helbide elektronikora idatzi beharko dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun