Euskaraz ikasten jarraitzeko, Nahi Dudalako! ekimena

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 22a, 16:59

DBH euskaraz egin duten gazteek etorkizuneko ikasketak ere euskaraz egin ditzaten animatzeko Nahi Dudalako! ekimena ipini dute martxan aurten ere. Bizkaiko hainbat udalerrik parte hartzen dute proiektu horretan, tartean Uribe Kostako Berangok eta Erandiok.

Ekimena 15 eta 16 urte arteko gazteei eta euren gurasoei zuzenduta dago. Horren helburua da DBH 4. mailan dabiltzan gazteek etorkizuneko ikasketetan ere euskarazko eredua aukeratzea. Horretarako, behar duten informazio guztia emango diete; hori dena kanpainaren webgunean dago ikusgai.

Horretan, gazteek Batxilergoa zein Lanbide Heziketa euskaraz egiteko eskaintzaren nondik norakoak jasoko dituzte. Gainera, unibertsitateko eskaintza zein den ikusteko aukera ere ematen du webgune horrek. Hala, gazteek etorkizunera begira izan ditzaketen zalantzak argitzeko baliagarria izango zaie.

Webguneagaz batera, kanpainaren berri emateko diptikoa banatu zaie kanpaina bultzatu duten udalerrietako gazteei. Guztira 6.200 eskuorri banatu dira. Aurten, Lanbide Heziketak duen garrantzia nabarmendu gura izan dute, eta Lanbide Heziketa euskaraz egiten dabiltzan hainbat neska-mutilen testigantzak jasoko dituzte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun