Zapatu honetan, apirilak 1, bigarren kongresua egingo du Ernai gazte-antolakundeak. Altzagako Azoka Zaharra hartuko dute ezker abertzaleko gazteek, goizeko 11:30etik aurrera. Bertan, Inurritegi prozesuari amaiera emango diote, "Zirtaka" ponentzia eztabaidatuta. Hasieran, kongresua Santutxuko Karmela auzo-gunean egitekoa zen, baina "eguraldi iragarpenaren ondorioz", lekua aldatzea erabaki du.
Uribe Kostako Ernaik azaldu zuenez, "gazte-antolakundearen birdefinizio prozesu honi Inurritegia deitu diogu gure lan filosofia 'Txinaurri-lanarena' delako. Gazte-mugimenduan egoteko eta harremanak saretzeko beharra ikusten dugu. Prozesua militanteetatik harago eraman nahi dugu, ahalik eta gazte gehienen ekarpenak jasotzeko. Gure proiektu politikoak gazte-mugimendu eta gazteri osoaren isla izan nahi du". Hala, prozesua herriz herri eroan dute, urritik hona, "gure estrategia eta antolakuntza gaur egungo egoerara egokitzeko, baina baita herrietan Ernaik erreferentzia irabazteko ere. Kanpora begirako prozesu bat da, kanpoan eragin nahi dugu; gure oinarri sozialari aitortza eta eskaintza bat eman nahi diogu".
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.