Uribe Kosta txapeldunordea izan da BBK Bertso Sariketan

Iker Rincon Moreno 2017ko api. 4a, 17:41
Bertsolari denak batera ipini ziren argazkirako. © BERTSOZALE ELKARTEA

Giro ederrean jokatu zuten Bertsolari Gazteen BBK Sariketaren finala, Bilboko BBK Aretoan, martxoaren 31n; Uribe Kostako eta Busturialdeko taldeek abestu zuten. Eskualdeko neska-mutilak ahalegindu baziren ere, Busturialdeko taldea izan zen puntu gehiago batu zituena, eta horiek irabazi zuten aurtengo txapela.

Uribe Kostak 359.50 puntu lortu zituen; Busturialdeak, ostera, 380.50 puntu. Finaleko Bizkaiera Onenaren saria ere Busturialdeko batek jaso zuen, Ibai Amillategi gernikarrak, eta Iratxe Ibarra bertsolariak eman zion.
Aurtengo txapelketa berezia izan da: 25 urte bete ditu Bertsolari Gazteen BBK Sariketak. Hori ospatzeko, Iratxe Ibarraren bertso jarriak kantatu zituen publikoak, bertsolariaren beraren eta Eire Larrea gitarra-jolearen laguntzagaz. Ibarrak BBK sariketaren lehenengo edizioan parte hartu zuen, baita irabazi ere, Lea-Artibaiko taldekideakaz batera. Bizitako esperientziari ipini zizkion bertsoak Ibarrak, eta sariketa sortu zuten Jon Lopategiri eta Joserra Bilbaori eman zizkien eskerrak.

Dena dela, finaleko benetako protagonistak parte hartu zuten hamabi bertsolariak izan ziren. Uribe Kostari dagokionez, honako hauek: 18 urtera artekoetan, Irene Ezkurrak, Aritz Landetak eta Unai Mendiburuk kantatu zuten; 24 urtera artekoetan, berriz, Inazio Vidalek, Kerman Díazek eta Paule Loizagak parte hartu zuten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun