Herri-kontsultak Uribe Kostan

Getxo eta Leioa, galdeketaren atarian

Iker Rincon Moreno 2017ko api. 7a, 13:48
Getxoko Gure Esku Dagoren Batzorde Sustatzailea. © ZURIÑE GONZALEZ

Atzo, eguenean, Leioako Gure Esku Dagok azaroaren 5ean egingo duen herri-galdeketaren aurkezpena egin zuen. Ordu berean, Getxon galdeketa antolatzeko makinaria guztia martxan ipini dutela iragarri zuten, Batzorde Sustatzailea aurkeztuz eta sinadura-bilketarako kanpainari hasiera emanez. Udagoienerako aurreikusitako galdeketen olatua abian da.

Leioako taldeak nabarmendu du herri galdeketa lagungarria izango dela "leioaztarren artean zubi gehiago zabaltzeko, erabakitzeko eskubidearen aldeko borondate gehiago ehuntzeko, eztabaidatzeko eta euren iritzia adierazteko".

Mezu bat zabaldu diete leioaztarrei: "Beldur barik, hurbil zaitezte guregana eta aurrera egingo dugu pausoz pauso. Zatozte, eta parte hartu hasi berri dugun bide honetan. Azaroaren 5ean, elkarrekin, erabakiko dugu!".

Ekitaldian, Gure Esku Dagoko bozeramaile Zelai Nikolasek eta Goierriko Gure Esku Dagoko kide Anartz Goiak ere parte hartu zuten.

Batzorde Sustatzailearen aurkezpena, Getxon

Getxoko Gure Esku Dagok hilabeteak zeroatzan herri-galdeketa egiteko lanketa egiten. 2017ko martxoaren 7an egindako bileran erabaki zuen taldeak galdeketaren alderdi tekniko eta funtzionalak batzorde sustatzaile plural baten esku uztea. Eta atzo aurkeztu zuten. Ondorengo lagunek osatzen dute: José Allende, Patxi Amezaga, Iñaki Aranburu, Begoña Aostri, Unai Basurko, Idoia Beramendi, Apo Bilbao, Eduardo Diaz-Tejeiro, Mikel Erkoreka, Irene Ezkurra, Iñaki Friera, Begoña Galdeano, Arantxaxu Garmendia, Iñaki Gerediaga Sorkunde Guraya, Jose Antonio Herran, Mikel Labeaga, Edurne Laka, Paul Laka, Jon Lauzirika, Miren Bego Madariaga, Laura Mintegi, Gorka Mostajo, Maitane Nerekan, Miren Ormaetxea, Nora Otxoa, Hugo Salinas, Manu Torralba, Ibon Urgoiti, Jone Uria, Irati Vidal eta Iñaki Zarraoa.

Lau ardatzetan jaso dute Getxon herri-galdeketa bat egitearen helburua: Erabakitzeko eskubidearen aldeko gihar soziala handitzea; ez da emaitza kuantitatiboa lehenesten, kualitatiboa baizik; demokrazian sakontzea; eta herritarrak ahalduntzea.

Sinadura-bilketa ere ipini dute martxan. Gure Esku Dagok onetsitako protokoloaren arabera, 16 urtetik gorako populazioaren (68.765) %5en sinadura lortu behar dute; hau da, 3.438 firma. Hori da minimoa; baina elkarteak kopuru hori biderkatu gura du.

Sinadura-bilketarako boluntario-sare bat antolatu dute baita ere (300 lagun baino gehiago), eskuz esku sinadurak biltzeko, eta mahaiak ipiniko dira, aldian behin, Getxo udalerriko auzoetan, sinatu gura duen jendeak hara hurbiltzeko aukera izan dezan. Data eta leku finkoak: Algortako Telletxe plazan, 5. zenbakia (Barrukoa tabernaren ondoan), astelehenetik barikura, 13:00-14:00 eta 19:00-20:00, eta zapatuetan, 12:00-14:00; Itzubaltzeta/Romon, kultur etxean (Lope de Vega, 12), astelehenetik barikura, 12:00-13:00 eta 19:00-20:00.

Hilabete biko kanpaina izango dela ohartarazi dute. Hala, ekainean jakitera emango dute zenbat sinadura bildu diren, eta horren arabera, galdeketa deituko dute.

Getxoko Gure Esku Dagok egindako bideoa:

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun