Kirolak  Plentzia  Uribe Kosta 2017-05-12 14:02

Zazpiko Serieen Euskadiko Txapelketa jokatuko dute Uribe Kostako errugbilariek

Bihar, zapatuan, aurtengo Zazpiko Serieen Euskadiko Txapelketa estreinatuko dute emakumezkoen errugbi-taldeek, Hernaniko Landareko zelaietan. 16:00etatik aurrera hamar taldek jokatuko dute lehenengo jardunaldia, multzo bitan. Lehiakideen artean, Plentziako Kakarraldo errugbi-taldea barne hartzen duen Durango-Uribe-Zornotza taldea eta Getxo Rugby Taldea izango dira.

Zazpiko Serieen Euskadiko Txapelketa jokatuko dute Uribe Kostako errugbilariek
Eibar eta Durango-Uribe-Zornotza errugbi-taldeen arteko partida, pasa den apirilean. © EIBAR RUGBY TALDEA | Ikusi handiago | Argazki originala

Hasieran, getxoztarren parte hartzea iragarri zuen Euskadiko Errugbi Federakundeak; gerora federazioak getxoztarrak ez ezik talde denak baieztatu zituen, baina Getxoko jokalariek azaldu dute Hernanin izango direla.

Hala, hamar taldek jokatuko dute txapelketa honen estreinaldia: Durango-Uribe-Zornotza, Getxo Rugby Taldea, Avia Eibar, Hernani, Orkli Ordizia, Bera Bera Termas, Gernika, Escor Gaztedi, La Única eta Marzola La Rioja. Getxo barne hartzen zuen egitarauaren arabera, Durango-Uribe-Zornotza eta Getxo Rugby Taldea bigarren multzoan jokatzekoak dira Landare Toki 2 zelaian. Multzo berean Eibar eta Ordizia izango dira.

Txapelketaren bigarren jardunaldia hilaren 20an izango da Mungian, eta azken hitzordua, hilaren 28an Eibarren.

Federazioak azpimarratu duenez, "emakumezkoen zazpiko errugbia goraka doa Euskadin. Azken urte biotan, hainbat euskal jokalarik jardun dute Espainiako selekzioagaz nazioarteko partidetan". Berbarako, Bárbara Plá, Uribarri Barrutieta eta Nerea Agirre Getxo Rugby Taldeko jokalarien kasua da hori.

Gernikak, Ordiziak edo Bera Berak aurten atera dute emakumezkoen taldea, eta euren lehenengo jarduera izango dute txapelketa horretan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa