Kukularrako lotunea egokitzeko proiektuaren lehenengo fasea esleitu du Aldundiak

Iker Rincon Moreno 2018ko mar. 14a, 14:24
BI-637 errepidea Erandioko Kukularran. © BIZKAIKO FORU ALDUNDIA.

Bizkaiko Foru Aldundiak Construcciones y Promociones Balzola enpresari esleitu dio Kukularrako lotunea eraberritzeko proiektuaren lehenengo faseko obrak. Lanon helburua da Arrontegi eta Txorierriko korridorearen arteko zirkulazio-pilaketak gutxitzea.

Kukularrako lotunea egokitzeko proiektua obra handia da; horregatik, lanak fase bitan banatu dira. Bidesarea Planaren bigarren biurtekoan daude sartuta biak, Bizkaiko errepideen foru sarea hobetu eta modernizatzeko. Proiektuaren helburua da zirkulazio-pilaketak gutxitzea BI-637 eta N-637 errepideen artean, Arrontegi-Enekuri-Erletxetarako noranzkoan.

Aurreikuspenaren arabera, obrak uda baino lehen hasiko dira eta hamabi hilabeteko epean amaituta egongo dira. Esleipenaren zenbatekoa 5.122.513 eurokoa da.

Proiektuaren fase biak

Lehenengo faseko obrek errepideko 1,2 kilometro hartuko dituzte. Proiektuan, zehazki, honako hau dago jasota, Aldundiak adierazi duenez: Enekuriko jaitsieraren azpian dagoen pasagunean hiru errei egingo dira; Kukularran, Deriorako noranzkoan, lau errei zabalduko dira; eta Arrontegi-Kukularra adarrean bi errei egingo dira. Azken zabaltze horren ondorioz, lau errei egongo dira Arrontegin, Asuerarako irteeratik Kukularrarako irteeraraino.

Bigarren fasea 2019an hastea aurreikusita dago, eta honako lan hauek egingo dira: bi errei egingo dira Avanzada-Kukularra adarraren azken zatian; Arrontegi-Kukularra errepidean adar berria eraikiko da, Avanzada-Arrontegi adarraren azpian; eta, azkenik, Avanzada-Kukularra adarra erabat zabalduko da.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun