Iritzia  Uribe Kosta 2018-10-12 10:37

Euskara maldan behera hezkuntzan

Koldo Tellitu

Urteak eman ditugu autokonplazentzia betean. Urtero D ereduan ikasle gehiago matrikulatzen ziren, euskarazko irakaskuntzarako gero eta irakasle gehiago genuen, galdeketek adierazten zuten, nahiz eta era apal batean, gure gizartean gero eta euskal hiztun gehiago zegoela… eta horrek gure hezkuntza-sistemaren euskalduntze-prozesua bide zuzenetik zihoala pentsarazi zion hainbat jenderi.

Aldiz, arreta gutxi ipintzen zen ebaluazio diagnostikoko emaitzetan, eta 2005etik Hezkuntza Sailak ez du neurtu DBH4ko ikasleen artean zenbatek eskuratuko luketen B2 maila. Egoera horretan aurreko ikasturtera iritsi ginen, eta bat-batean ebaluazio guztiek adierazi zuten gure ikasleen euskara-maila jaitsi egin zela, behar adinako euskara-gaitasunik ez daukatela ikasleen ia erdiek. Argi dago gero eta ikasle gehiago D ereduan matrikulatuta egoteak ez duela, inondik ere, haien euskara-mailaren gutxieneko garapena ziurtatzen.

Orain, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Akordiorako proposamenak dio ikasleek, Lehen Hezkuntza amaitutakoan, gutxienez B1 maila lortu behar dutela, eta B2 maila DBH amaitutakoan. Baina helburu horiek oso urrun daude, ez dira lorgarriak, A eta B ereduetan ikasten ari diren ikasleentzat, ezta D ereduan ikasten ari diren askorentzat ere.

Hainbat neurri dira beharrezkoak egoera honi buelta emateko, baina ezinbestean, behingoz, murgiltze-eredu bakar bat behar dugu, gure ikasleek derrigorrezko ikastaldia amaitutakoan eduki beharko luketen euskara-maila ziurtatzeko. Hizkuntza-ereduak gainditu eta murgiltze-eredu bat ezartzeko, ezinbestean, lege berri bat behar dugu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa