Kultura  Uribe Kosta 2018-10-19 17:19

Historiaurrea berdinzaleagoa zen

Iker Rincon Moreno

Paleolitoan ez zegoen lan-banaketa berezirik gizonen eta emakumeen artean. Azken horiek umeen zaintzaz arduratzen ziren arren, ehizan ere parte hartzen zuten, gizataldeko gizonakaz batera. Gainera, emakumea jainkosa balitz bezala hartzen zuten inoiz, ugalkortasunaren eredu.

Historiaurrea berdinzaleagoa zen
Olivia Rivero arkeologoa. © O. R. | Ikusi handiago | Argazki originala

Emakumeek historiaurrean izan zuten garrantzia aztertuko dute zapatuan, urriaren 20an, Sopelako Kurtzio kultur etxean, Ondarearen Europako Jardunaldien barruan. Horretarako, Olivia Rivero arkeologoa eta Salamancako Unibertsitateko irakaslea gonbidatu dute, baita Iñaki Libano arkeologian aditua den barrikoztarra ere. Biek gogoratu dutenez, arkeologia-ikerketek aurkitutako horma-arteari eta artelan higigarriei esker ikus daiteke zer-zelako oihartzuna izan zuten emakumeek historiaurrean. Hala ere, deitoratu dutenez, XIX. eta XX. mendeko gizarteen genero-estereotipoek artelan horien ikerketak markatu zituzten nabarmen, «garaiotan emakumeek ez zutelako horiek ikertzeko aukerarik». Horren ondorioz, urte luzez pentsatu izan da historiaurreko gizarteak patriarkalak zirela, gizon ehiztariak talde horien agintariak zirelakoan. Gaur egun, ordea, egoera nabarmen aldatu da, eta adituek ondorioztatu dute bizirauteko beharrezkoak ziren jarduera denetan parte hartzen zutela gizonek eta emakumeek, salbuespen barik.

Historiaurrea milioika urtek osatzen dute; hori dela eta, ezin da modu orokorrean esan zein izan zen emakumearen papera denbora-tarte oso horretan. Horren ordez, zertzelada txikiak eman daitezkeela azaldu du Olivia Rivero arkeologoak, Paleolitotik hasita. Etimologikoki «Harri Aro Zaharra» esangura duen garai hori gizon-emakumeek bizi izan duten arorik luzeena da, gizakiak sortutako lehenengo kulturatik hasi (k.a 3 milioi urte) eta k.a 10.000 urte arte hartzen duena. Denbora luze horretan, gizaki mota ezberdinak sortu eta galdu egin dira munduan zehar, gaur egun ezaguna den Homo Sapiens gizakia gailendu zen arte. Paleolitoko gizataldeak nomadak ziren, eta ehizan zein bilketan oinarritzen zuten euren bizimodua. Riverok dioenez, talde horietan ez zegoen inolako banaketarik ezta bereizketarik ere, eta kide denek behar denak egin zezaketen bizirauteko.

Garai luze horretako emakumeak elikagaien bilketara eta horien prestaketara lotuta egon dira historikoki, baita zaintza-lanetara ere. Izan ere, ugalketaren protagonistak dira emakumeak. Horrez gainera, emakumeak taldearen biziraupena bermatzeko oinarria ziren, baita zaintzarako, mantentzerako eta jakituriaren eta baloreen transmisiorako ere. Gizataldeak handitzea beharrezkoa zen horien biziraupenerako, eta emakumeak ziren hori bermatzeko ahalmena zutenak. Gainera, egindako azken ikerketek ondorioztatu dute taldeko gainontzeko kideagaz batera, bestelako lehengaiak lortzeko zereginetan parte hartzen zutela bere, hala nola ehizan eta arrantzan. Eginkizun horiek berebizikoak ziren bizirauteko; hori dela eta, normala zen gizatalde horietako kide denek zeregin horietan denetan parte hartzea. «Unean-unean lan egin eta bizi behar zuten. Horretarako, denen laguntza ezinbestekoa zen», azaldu du Iñaki Libano adituak. Riverok gogoratu duenez, oraindino oso gutxi jakin daiteke Paleolitoko garai horretaz, eta dakiten apurra artelanen irudikapenen eta hilobiratzeen interpretazioaren ondorioa izan da. Arkeologoak azaldu duenez, berbarako, aurkitutako emakumeen hezurrei esker jakin ahal izan dute historiaurreko emakumeek ahalmen fisikoa izugarria zela, «gaur egungo emakumeena baino askoz ere handiagoa; eliteko kirolariak baino indartsuagoak ziren». Riverok dioenez, hori normala da, garai hura glaziazioetan murgilduta zegoelako, tenperatura aldaketa izugarriakaz: «Klima oso gogorra zen, eta animalia handiakaz lehiatu behar ziren bizirik irauteko. Gainera, amatasuna garai horietan oso zaila izan behar zenez, uste dugu orduko emakumeek gaur egungoak baino ahalmen handiagokoak izan behar zutela».

Emakumearen irudia

Paleolitoaren hasiera-hasieratik agertu izan da emakumearen irudia nongura, jainkosa baten eredu. «Aztarna gutxi dugu, baina esan genezake emakumea sakratua izango balitz bezala hartzen zutela», azaldu du Riverok. Irudiok jainkosaren kosmogonia irudikatzen zutela uste da; ugalkortasunaren eredu modura, emakumearen gorputza irudikatzen zuten, titiak, ipurmamiak eta alua guztiz nabarmenduta. Adituek nabarmendu dute irudiok ez dutela bururik ezta oinik ere, «gorputza bakarrik». Hori dela eta, ondorioztatu dute ez direla pertsona jakin baten isla, ez dutelako ezaugarri bereizgarririk, baizik eta ideia baten irudikapenak, venusarenak edo jainkosarenak, alegia: «Kosmogonia bat azaldu gura izan zuten irudi horiekaz, ideologia bat edo agian erlijio bat ere», Riveroren arabera. Paleolitoko venusetan ezagunena Willendorfekoa da, Josef Szombathy arkeologo austriarrak Danubioko ibaiertzean aurkitutakoa, 1908an. Adituek diotenez, hasiera batean venusen izaera eman zitzaien estatua txiki horiei, historiaurreko edertasunaren eredua irudikatzen zutelakoan. Gerora ideia hori baztertu egin da, baina oraindino dute izena.

Venusen irudi eta eskulturez gainera, emakumeen eskuen inpresioak aurkitu dira hainbat kobazulotan. Arkeologoaren arabera, horrek esan gura du emakumeek ere parte hartzen zutela garai horretako artegintzan, eta ez soilik gizonek, orain dela gutxira arte uste zen bezala.

Lanaren banaketa

Esan dugunez, Paleolitoan zehar, gizataldeko kide denek parte hartzen zuten bizirauteko beharrezkoak ziren jarduera denetan. Horrez gainera, emakumeak umeen zaintzaz arduratzen ziren, besteak beste. Neolitoan, aldiz, azken horien papera aldatu egin zen gizartean.

Riverok aitortu duenez, zaila da jakitea noiz eman zen lanaren banaketa gizonen eta emakumeen artean. Hala ere, egindako ikerketen arabera uste da Neolitoan jazo zela, gizarteak sedentario bihurtzen hasi zirenean, hain zuzen ere. «Une horretan gizataldea hierarkizatzen hasi zen, baina ez bakarrik sexuaren arabera, baita klase sozialen eta lurraldearen arabera ere. Hala, hierarkizazio horrek lanaren banaketa eragin izan zuela uste da», arkeologoaren berbetan.

Neolitoko artelanak, Paleolitoan ez bezala, eszenografikoagoak dira. Garai horretako irudiek egunerokotasuneko jarduerak aurkezten dituzte, hala nola emakumeak eztia batzen, emakumeak haurdun eta emakumeak umeak zaintzen. «Ez dira asko, baina daudenak zaintza-lanei lotutakoak dira», azaldu du Riverok. Izan ere, emakumeak Paleolitoko irudietan nagusi ziren arren, Neolitoan gizonek hartu zieten lekukoa. Hala, ohikoa da garai horretako artelanetan gizonen irudiak aurkitzea ehizan edo elkarregaz borrokan. «Garai horretako biolentziazko eszena asko dago, eta den-denetan gizonezkoak dira protagonista. Horrek erakuts dezake emakumeak bizipen horietatik alboratuta bizi zirela», argitu du adituak.

Historiaurreko gizon-emakumeak, Bizkaian

Euskal Herrian gizakiaren berri ematen duten daturik zaharrenak Behe Paleolitokoak dira, orain dela 200.000 urtekoak, hain zuzen ere. Garai horretako hezurrik ez da topatu, baina bai harrian landutako tresnak eta lanabesak, Acheulear kulturari dagozkionak. Horien aztarnak aurkitu dituzte Getxoko Zientoetxe eta Leioako Kurkudi aztarnategietan, besteak beste, baina arrasto isolatuak dira. Ostera, gurean oso aberatsa da Erdi Paleolitoa, Neandertaleko gizakiaren garaia, alegia. Horien aztarna ugari dago inguruotan, haitzuloetan zein aire zabalean, Mousteriar kulturakoak. Hala ere, Goi Paleolitoko aztarnak dira nagusi Euskal Herrian, lehenengo gizaki modernoarenak, berbarako Aurignac eta Gravettiar kulturakoak.

Iñaki Libano aditu barrikoztarrak gogorarazi duenez, historiaurreko 65 aztarnategitik gora daude katalogatuta Uribe Kostan, eta horietan Behe Paleolitotik erromatarren garaira arteko aztarnak aurki daitezke. Denen artean, nabarmentzekoa da Barrikako Aranbaltzakoa. Bertan orain deela 120.000 urteko aztarnak aurkitu dituzte, Erdi Paleolitoko Mousteriar kulturakoak. Eskualdeko aztarnategi horietan askotariko lanabesak aurkitu dituzte, silexean landutakoak. Horren harira, Libanok uste du emakumeek ere parte hartu zutela horien lanketan: «Ezinezkoa da jakitea nork egin zuen lanabes bat edo bestea, baina garai horietan denek parte hartu behar zuten erreminta horien produkzioan. Momentuan landu behar zituzten eta denen laguntza ezinbestekoa zen».

Arteari dagokionez, aztarnarik ez dago Uribe Kostan, baina bai Bizkaian. Europa mendebaldeko arte-korrontea zegoen hemen, eta animalien irudiak ziren nagusi; hala ere, garai zehatzetan emakumeen irudikapenak nagusitzen ziren beste denen gainetik. «Goi Paleolitoko Gravettiar eta Magdaleniar kulturetan emakumezkoaren presentzia nabarmena da Europa osoan, baita Euskal Herrian ere. Horrek esan gura du une horietan emakumearen papera oso garrantzitsua izan zela gizarte horietan, gizataldeen gakoa ziren», azaldu du Olivia Riverok.

Bizkaian, emakumearen irudikapenik ikonografikoena eta esanguratsuena Arlanpeko Dama da. Lemoako Arlanpeko kobazuloan aurkitu zuten, 2011n, Joseba Rios Garaizar arkeologo algortarraren zuzendaritzapean. Emakume-itxurako grabatuak dira, harri handi batean egindakoak, orain dela 17.500 urte inguru, eta horietako bat osorik dago. Grabatu horiek oso eskematikoak dira, eta arrokaren alde bietan agertzen dira. Irudietako bitan lehen marrak bakarrik ikusten badira ere, beste bat oso-osorik dago. Enborra, besoak, hankak eta burua ditu, eta estiloak bat egiten du Europaren erdialdean eta Frantzian aurkitutako antzeko beste hainbat grabatugaz, eta horrek batasun kulturala adieraziko lukeela ondorioztatu dute irudi hori aurkitu zuten adituek.

Grabatuen funtzioa edo esangura ez da argia. Arkeologoen arabera, ustez ehiza-lekua zen leku batean grabatutako arroka bat egotea ez da azaltzeko erraza, baina baliteke errituak egiteko gune bat sortu gura izateagaz lotuta egotea. Azalpen hori bera proposatu dute Kantauriko beste leku batzuetarako ere.

 Paleolito garaiko emakumearen irudiak eta artelanak

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa