Euskara  Getxo  Uribe Kosta 2018-11-26 08:28

Josu Amezaga Albizu: "Euskaraz ez dakitenengana ere heldu behar dugu"

Iker Rincon Moreno

Josu Amezaga soziologian doktorea da, eta EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio eta Publizitate Saileko zuzendaria. Euskarak komunikabideetan duen paperaz berba egin dugu.

Josu Amezaga Albizu: "Euskaraz ez dakitenengana ere heldu behar dugu"
EHUko irakaslearen ustez, euskarazko komunikabideen kontsumo txikia ez dago hizkuntzari lotuta, edukiei baino. | Ikusi handiago | Argazki originala

Siadeco Taldearen ikerketa baten arabera, euskaldunek gehiago kontsumitzen dituzte erdarazko kultur produktuak euskarazkoak baino. Zergatik?

Hainbat arrazoi dagoela esango nuke. Alde batetik, pentsatu ohi da zailtasunak daudela euskarazko produktuak kontsumitzeko, publikoa txikiagoa delako eta ezagutza maila ezberdina delako, besteak beste. Batzuetan pentsatu ohi dugu euskara denez zailagoa izango dela eta, ondorioz, emaitza ona ez bada (banaketa eta audientzia), hizkuntzari egozten diogu nolabaiteko ardura edo errua. Baina nik beste gauza batzuei erreparatu behar zaiela uste dut. Adibidez, euskarazko liburuak garestiagoak izaten dira eta telebistako euskarazko programazioa pobreagoa izaten da, eta horrek denak eragina izaten du kontsumoan. Ondo begiratu behar dugu nondik datorren zailtasuna, eta nire ustez, ez dator hizkuntzatik.

Zelako eraginak izan ditu euskal kulturaren kontsumoan sareen digitalizazioak eta munduaren globalizazioak?

Eraginak askotarikoak dira, eta batzuetan kontrajarriak ere. Digitalizazioak gaztelaniazko komunikabideen sarrera oso handia ekarri du gurean. Orokorrean, komunikabide denek egin dute gora, baita euskarazkoak ere, baina gehien puztu direnak Madrilen publikatzen direnak dira. Globalizazioak, aldiz, kanpoko kultura askoren sarrera eragin du, hainbat euskarritan, eta hori erabat negatiboa izan daiteke. Hala ere, zenbait ideia ere ekarri ditu, eta horietako bat da aniztasunarena. Hizkuntzei dagokienez, hamarkada askoan pentsatu da hizkuntza bakarrarekin bizi gintezkeela. Baina globalizazioarekin ikusten ari gara egunero gutxienez nozio txiki batzuk behar ditugula bestelako hizkuntza batzuetan. Ideia hori baliatu behar dugu jendea euskarara erakartzeko, bigarren hizkuntza horretara.

Zelan egin daiteke hori?

Elebakartasunaren eredua puskatu beharra dagoela uste dut. Hizkuntza batean murgiltzeko modu asko dago, ez duzu zertan erabateko ezagutza eduki hizkuntza batean aritzeko. Adibidez, Euskaraldia kanpainak oso ondo planteatzen du hori, Belarriprest rolarekin. Ideia hori telebista batera eramanda, eduki bat kontsumitu daiteke hizkuntza hori menderatu barik; ulertu dezakezu eta are gehiago azpidatzien laguntzarekin. Hizkuntzen arteko mugak lausotu egin dira, eta horretaz baliatu behar gara euskararen alde egiteko.

Euskaraz ulertu, berba egin, irakurri eta idazteko ahalmena dutenen kopurua asko hazi da. Hala ere, euskara eskolan ikasi dutenen artean erabilera mugatua izan ohi da. Zer egin daiteke hizkuntza hori kalera ateratzeko eta sozializatzeko?

Fenomenoa ondo aztertu beharra dago. Egia da euskararen ezagutza asko hazi dela eskolari esker. Sistema jendearen beharrari erantzuteko gai izan da; gurasoek seme-alabak eskolaratzeko A, B eta D ereduen artean aukeratu behar izan dute, eta aurrera egin duena azkena da. Argi dago euskarak duen indarrik handiena gizartea bera dela. Beste arlo batzuetan, aldiz, hutsuneak daude. Kasu askotan euskara eskolari lotuta gelditzen da, eta ez da egiten etxean ezta kalean ere; sozializazio-arazo bat dago.

Sozializazioa da izaki bat pertsona bihurtzen den prozesua. Kultura barneratzeko prozesu bat da, eta hori barneratuz pertsona bilakatzen gara. Prozesu horretan hizkuntza oso garrantzitsua da, horren bitartez jasotzen dugulako kulturaren zatirik handiena. Hortaz, sozializaziorako eragile handienak beti izan dira familia, lagunartea, eskola eta, orain gero eta gehiago, komunikabideak. Lagunartean eragitea oso zaila da, baina komunikabideak baliatu ditzakegu horretan eragin ahal izateko. Uste dut agente garrantzitsu bat direla euskara ikasi duten horiek euskal mundura erakartzeko. Horretarako, estrategia sendo bat garatu behar dugu. Ez bakarrik euskaldunentzako komunikabide modura planteatuta, baizik eta ahalik eta jende gehien euskarara erakartzeko: euskaldun osoak, euskaldun berriak eta oraindik euskaldunak ez direnak ere.

Euskaraldia ekimena euskara sozializatzeko baliagarria da?

Bai, itzela iruditzen zait. Euskararen indargunean oinarritzen da hori, hau da, gizartean. Funtsean bilatzen dena da jendearen eta gizartearen inplikazioa euskararen erabileran. Epe ertain-luzera eragina izan dezake horrek. Lortzen badugu hamaika egunean ohiturak aldatzea, agian emaitza etorkizunari begirakoa izango da. Bestalde, horrek agerian utz dezake euskaraz hitz egiteko gai garenak asko garela, eta euskaraz ulertzeko gai direnak are gehiago direla. Esan bezala, belarriprest rola oso inportantea iruditzen zait, alegia, nabarmen uztea, nahiz eta ondokoa erabat euskalduna ez izan, posiblea dela elkarrekin euskaraz hitz egitea, elkar ulertzeko gai direlako. Horrek ideia bat hausten du: bi mintzakideak euskaldun
osoak izan behar direla euskarazko elkarrizketa bat mantentzeko.

Euskaldunek prentsa eta komunikabide asko kontsumitzen duten arren, horien % 14k baino ez dute gehien irakurtzen duten egunkari bien artean euskarazko bat. Aukera gutxi dago?

Telebistaren kasuan, nabarmena da euskarazko eskaintza txikia eta, oro har, pobreagoa dela. Orain telesailak daude modan, eta ez dago euskarazko horrelakorik. Hortaz, euskaldunok eskura daukaguna kontsumitzen dugu. Prentsaren kasuan, epe ertain-luzeko ohiturek eragin handia dute. Egunkari bat erostera ohituta dagoen pertsona batek ez du hain erraz aldatuko, ez da zapping egitea bezala. Dena dela, prentsan eskaintzak desorekatua izaten jarraitzen du oraindik ere. Funtsean, ohituraz gainera, arrazoia eskaintzaren parekotasun falta da.

Aspaldi, euskaldunok euskarazko komunikabideak kontsumitzen genituen, militantziagatik edo. Orain hori ez da horrenbeste ematen...

Euskaldunari ezin zaio exijitu militantzia hori. Hizkuntza bi menperatzen ditugun heinean, nahi duguna kontsumitu dezakegu; edukia da inportanteena, ez hizkuntza. Lehen, nortasuna eta hizkuntza oso lotuta zeuden, baita lurraldea ere. Orain, hizkuntzak aurrera egin du, eta lurralde eta ingurune gehiagotara sartu denez, ez daude horren lotuta. Gaur egun, euskarak ez du berezko balio berezirik askorentzat. Ondorioz, hizkuntza eta nortasuna bereizi dira sektore batzuetan.

Jendeak interesgarritzat dituen edukiak kontsumitzen ditu interneten, hizkuntzari erreparatu barik...

Bai, eta horrekin jokatu behar dugu. Hizkuntza tresna bat da, bigarren mailako elementu bat. Hala ere, pentsatu behar dugu euskarak besteek ez daukaten erakargarritasun bat izan dezakeela. Beharko genukeena da eduki berbera bi hizkuntzatan egonik, euskaldunak euskarazkoa aukeratzea. Horrek behartzen gaitu euskarazko eskaintza handitzera, besteen pare egon ahal izateko. Orduan ikusiko dugu ea euskaldunek euskarazkoa aukeratzen duten.

Euskarazko eta gaztelerazko edukiak parean egon, ala gailendu?

Telebistaren kasuan, nik planteatuko nukeena da gaur egun edukiak parekoak ez izatea. Telebistak euskarazkoa izan behar du, gaztelaniari eta beste hizkuntza batzuei lekua ere eginda. Gaur egun, medio honetan hizkuntzak sartzeko modu asko dago, hala nola bigarren audio kanalak sartuta eta azpitituluak jarrita. Uste dut gaur egun EITBren ereduak (kanal bana, euskaraz eta gazteleraz) talka egiten duela eta beti nagusitzen dela gaztelania. Telebistarako ez nuke eredu hori erabiliko, gaztelaniaren presentzia dagoeneko bermatuta dagoelako medio horretan. Espainiako kateak hor daude, beraz, ez dezagun guk gehiago ipini.

Eta prentsan, zelan egin genezake hori?

Prentsaren kasuan, nik uste dut hedabideek bere edukien zati bat euskaraz ateratzen badute ondo dagoela, aurrerapausoa da. Hala ere, aurrera egin behar dela esango nuke, egoera soziolinguistikoa asko aldatu delako. Dena dela, ez dut posible ikusten telebistarako planteatzen dudana egitea gaur egun prentsarekin. Baina, urratsak eman daitezke.

Nolakoak?

Ez dakit... Ezberdina da papera eta online izatearen kasuetan. Egunkari bat digitalean ateratzean hizkuntzarekin modu batean edo bestean joka daiteke. Paperean, aldiz, beste modu batean jokatu beharra dago. Adibidez, Katalunian gaztelania hutsean argitaratzen zuen egunkari batek (El Periodico) katalanezko edizioa ere kaleratzen hasi zen. Itzulpen sistema nahiko automatizatua zuten, kazetari bakoitzak bere edukiak hizkuntza bietan atera behar zituen eta, hala, goizero bi adizio egoten ziren kioskoetan, berdinak, baina bata gazteleraz eta bestea katalanez. Arrakasta itzela izan zuen erabaki horrek eta sekulako indarra hartzen hasi zen. Aurrerapauso handi bat izan zen hori. Baina horrelakoak ez dira hala-moduz egiten. Horren atzean planteamendu estrategiko bat egon da, laguntza politiko bat. Euskal Herrian, aldiz, ez dugu horrelakorik egin, eta bada garaia euskarazko komunikazioa indartzeko. Euskarazko komunikaziorako plan bat egin behar dugu, eta horretan komunikabide guztiak sartu, bakoitzak zer egin beharko lukeena definitu eta urratsak emateko. Prentsak berak ez ditu bere kabuz aurrerapauso horiek emango, laguntza edo inpultso bat behar du, laguntzak eta planak. Hor gogoeta estrategiko baten beharrean gaude.

Nortzuk dira euskarazko komunikabideen kontsumitzaile potentzialak?

Euskal Herriko biztanleria osoa hartu behar da. Euskaldun osoek ez dute arazorik izango; euskara ulertzen dutenek, aldiz, batzuetan arazoak izango dituzte, eta horiei lagundu beharko zaie. Euskara ulertzen ez dutenengana ere iritsi behar gara. Nola? Eduki bereziak eta erakargarriak produzituz, beste inon aurkituko ez luketenak. Eskozian, Galesen eta Finlandian mota horretako estrategiak garatu dituzte eta arrakasta itzela lortu dute. Kanal bat hartu dute, hizkuntza gutxituan bada ere, horretan oinarritu dute programazioa eta estrategia bat garatu dute populazio osoarengana heltzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa