HIRUKA babesteko deia egin dute

Iker Rincon Moreno 2019ko urt. 28a, 09:22
Argazkia: HODEI TORRES

Zapatu goizean eman genion amaiera "Zu zara giltza!" HIRUKAren aldeko kanpainari, ekitaldi xume baten bidez. 50 bat lagun elkartu ziren Algortako Portu Zaharrean, komunikazio-proiektu honi babesa adierazteko asmoz, guretzat "hil ala bizikoa" izango den urte honetan. 

Galder Bilbao Txapi ALBEko kideak pare bat bertso kantatu ostean, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak eta Ninbe Landa HIRUKAko kide ohiak agiri bat irakurri zuten. "Uribe Kostako euskaldunok izan gara eta izango gara HIRUKAk irauteko giltza, eta hori aldarrikatzeko batu gara gaur hemen", esan zuten. Haien aurretik, Irantzu Sagarminaga HIRUKA kooperatibako lehendakariordeak gogorarazi egin zuen azaro erdialdean abiatutako "Zu zara giltza!" kanpainak ez duela hasierako helburua (333 Hirukalagun lortzea) guztiz bete. Horregatik, "euskaraz bizi eta pentsatu" gura duten uribekostarrak HIRUKA babestera gonbidatu zituzten.

Era berean, proiektuarentzat aro berria hasi dela azpimarratu zuten. Egoera ekonomikoak hainbat neurri hartzera behartu du HIRUKA ("batzuk oso mingarriak"); besteak beste, astean behinekoa izateari utziko dio papereko edizioak. Hala, aste honen amaieran kalean egongo den aldizkaria 48 orrialdeko hilabetekaria izango da. Dena dela, webgunearen bitartez eskualdeko informazioa minutuz minutu emateko konpromisoari eutsiko diogu, eta eskualdeko kultur ekitaldien agenda eskaintzen segituko dugu gailu mugikorretarako HIRUKA aplikazioan.

Paul Bilbaok eta Ninbe Landak irakurritako agiriaren testu osoa:

GU GARA GILTZA!

Badira hilabete batzuk HIRUKA komunikazio-taldeak goiburu bat erantsi ziola bere izenari. “Prentsa euskaraz, pentsa euskaraz”, dio goiburu horrek. Hizkuntza-ohiturak aldatzeko erronka bota zigun Euskaraldiak udagoienaren hondarrean. Ariketa horri esker, Uribe Kostako euskaldun asko jabetu ahal izan ginen euskararekiko asmo onak gauzatzea zer zaila izaten den, are gehiago erdara aspalditik hain harro dabilen eskualde honetan.

Euskaraz pentsatu gura duen herriak euskarazko prentsa behar du eta. Ezinbestean. Baina erdaratik euskararako saltoa egitean, hedabideen kontsumoari dagokiona da euskaldunok ganditzeko daukagun oztoporik handienetakoa. Hala ere, hamarkada bi baino gehiago da Uribe Kostan euskarazko tokiko hedabideak daudela, baita duintasunez lan egin ere.

Tradizio horren oinordekoa da gaur hemen batzera dei egin digun HIRUKA komunikazio-taldea. Kinka larrian dago proiektua, baina ez gogo edo ideia faltagatik. Uribe Kostan posible da kalitatezko euskal tokiko hedabide bat izatea, behar duen laguntza emanez gero. Orain arteko bidea egin bada, hamaika euskaltzalek emandako babesari esker izan da. Eta hala izango da aurrerantzean ere. Horixe gogorazi digu HIRUKAk azken hilabete bietan, “Zu zara giltza!” kanpainaren bitartez.

Uribe Kostako euskaldunok izan gara eta izango gara HIRUKAk irauteko giltza, eta hori aldarrikatzeko batu gara gaur hemen. Proiektuarentzat hil ala bizikoa izango den urte honetan, geure babesa berretsi, eta euskaraz pentsatu eta bizi gura duten uribekostar denak bide beretik abiatzera gonbidatzen ditugu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun