Iritzia  Uribe Kosta 2019-06-10 13:27

Irabazi bai, baina zertarako?

Zelai Nikolas Ezkurdia

Hauteskundearen biharamuneko alderdien adierazpenen arabera, den-denek irabazi dute. EAJ-PNVk nagusitasuna du EAEko erakundeetan. EH Bildu bigarren indar politiko nagusia da Hego Euskal Herrian. Elkarrekin-Podemosek ezkerreko alderdi gisa bere oinarrizko zorua aurkitu omen du eta hainbat udaletan gakoa izan daiteke EH Bildurekin batera gobernua lortzeko. PSE-EEk bere ohiko udaletan lortu du gobernatzen jarraitzea eta EAJ-PNVri behar duen kasuetan gehiengo instituzionala eskaintzeko moduan dago. PPren emaitzak txarrak izan dira. Nafarroan aukera dago azken lau urteetako aldaketa egonkortzeko, PSN ez bada eskumarekin lerratzen. Zalantzarik gabe, agertoki politiko berri batean gaude Euskal Herrian.

Baina, alderdiek zertarako erabiliko dituzte irabazitako posizio politikoak eta botere-esparruak? Ba al dugu herri gisa, erabakitzen duen komunitate politiko gisa alegia (horretarako baititugu gure erakundeak) proiekturik, edo bakoitzak ordezkatzen dituen interesak kudeatzea izango dute xede? Prest gaude lortutako botere esparru horretatik proiektu partekatu bat lantzeko, gizarte-kohesioan sakonduko duena, abiadura biziko mundu honetan nor izateko aukera eskainiko diguna?

Eskoziak eta Kataluniak, erreferendum bidez, munduari esan diote beren etorkizuna demokratikoki erabaki nahi dutela, eta bigarren erreferenduma egiteko aukera lantzen ari dira. Erabakitzen dakiten herrien estatusa irabazten ari dira. Euskadik, País Vascok, Pays Basquek, Basque Countryk, Euskal Herriak, euskal izaera aldarrikatzen du estatuen aurrean eta munduan, baina gure estatus politikoa erreferendum bidez erabakitzeko gaitasuna ere behar dugu, eta hori izango da Gure Eskuren erronka berria hemendik aurrera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa