Ekologistak Martxan taldeak Asua ibaiaren kutsadura salatu du Uraren Munduko Egunean

Erredakzioa 2021ko mar. 25a, 13:45
Asua ibaiaren kutsadura salatu dute, Sondikako Sangroniz auzoan. © EKOLOGISTAK MARTXAN

Asua ibaiaren kutsadura-kimikoa salatu dute Ekologistak Martxan taldeko ekintzaileek, "Ura hartzeak bizia ematen digu, kontzientzia hartzeak ura ekarriko digu" leloagaz. Ohartarazi dute Asua Productos S.A. enpresaren zabortegiak isurketak egin dituela kontrolik gabe.

Ekologistak Martxan taldeko ekintzaileek salaketa publikoa egin zuten astelehenean, martxoaren 22an, Sondikako Sangroniz industrialdean, Asua ibaiaren kutsadura salatzeko. Bertan, Asua Products S.A. enpresa kimikoaren industria-hondakinen zabortegi zahar batek modu askean eta kontrolik gabe isuriak egiten dituela deitoratu zuten. Besteak beste, zehaztu zuten cotrell hautsak, artsenikoak, berunak eta kadmioak daudela bertan.

Zabortegia duela 15 urte ezarri zen bertan, eta ordutik ez zaiola inolako jarraipenik eta segurtasun- edo kontrol-neurririk egin salatu dute ekologistek, izan ditzakeen ingurumen-eraginak eragozteko edo murrizteko. Gaineratu zuten lixibiatuak –materialak, metalak normalean, produktu kimikoakaz garbitzeko prozesua– kontrolik gabe egiten direla eta eremuak ez duela inolako itxidura perimetralik, ezta hondakinen isolamendurik ere.

Ikerketa-espedientea egingo dute

Talde ekologistako ekintzaileek ingurua ikuskatu zuten, lixibiatuen fluxuak identifikatu eta ura zein lurraren laginak batu zituzten. Gunearen arriskuaz ohartarazteko ekintzan, hondakinak seinaleztatu eta 112 larrialdi telefonora deitu zuten kutsadura-fokuaren berri emateko.

Egindako deiaren ondorioz bertaratu zen Ura Euskal Agentziako teknikari batek adierazi zien salatutako gertakariaren inguruko ikerketa-espediente bat irekiko zuela. Bestalde, Ekologistak Martxan taldeak aurreratu du beste helegite batzuk aurkeztuko dituela Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzan, Uraren Euskal Agentzian eta Sondikako Udalean. 

Bizkaiko ibairik kutsatuenetakoa

Asua ibaia Bizkaiko kutsatuenetako bat dela azpimarratu dute ekologistek. Fenomeno hori batez ere bere behe-arroan ematen da, eta salatu dute karga kutsatzaile horregaz asko kaltetzen duela Nerbioi-Ibaizabal itsasadarraren ingurumena. Ohartarazi dute kutsatzaile arriskutsuak, hala nola, zianuroa, artsenikoa eta HCH-lindanoa, etengabe agertu direla azken hamarkadetan, "eta egoerak ez du hobera egiteko itxurarik".

Zehaztu dute kutsadura horren jatorrian daudela bere arro hidrografikoan inolako segurtasun- eta kontrol-neurririk gabe utzitako zabortegi zaharrak; adibidez, oraingoan Sangronizen ezagutarazitakoa, edo ekologistek identifikatutako beste batzuk: Enekuri eta Santo Domingokoak, esaterako. Horrez gain, hainbat enpresek substantzia arriskutsuen isurketak egiten dituztela jakinarazi dute, batez ere, sektore kimikokoak, ibaiertzetako industrialdeetan instalatuta daudenak.

Ekologistak Martxan taldeko ekintzaileek salatu dutenez, enpresa horrek eta beste batzuek ibaiaren zati horretan jabari publiko hidraulikoa modu irregularrean okupatu dute. Ibaiertzak okupatzeak eta enpresen arteko kanalizatzeak eragotzi egiten du ibaiertzetako ingurumena berez lehengoratzea, eta ibaiertzetatik igarotzeko nahitaezko zortasunak errespetatzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun