Euskarari, atera kontuk!

Hizkuntzaren barrunbeak

Joanes Atxa Olaiz 2021ko urr. 4a, 12:38
Mendebaldeko euskararen banaketa, Koldo Zuazok egindako maparen arabera.

Gure hizkerak badu bere tokia mendebaldeko euskalkiaren barruan. Nola jakin zer nolako harremanak dituen euskalki bereko beste hizkerekin? Hizkuntzak ematen dizkigun hainbat ezaugarri aztertuz, mendebaldeko dialektoaren barne antolakuntzaz arituko gara.

Gure hizkerari buruz ari garenean, ezaugarri exotiko eta bitxiak datozkigu burura gehienetan. Herrien arteko hizkuntza-aldakortasun txikiez aritu gara sarri, eta gure eskualdeko zenbait hitz edo esamolde berezi ere ikasi ditugu. Baina, gurea bezalako hizkera zehatz bat aztertzerakoan, ezaugarri bereizleak ez dira kontuan hartu beharreko bakarrak. Ikerlariek dialektoak sailkatzerakoan, hizkerak multzokatu edo bereizteko baliagarriak diren ezaugarriak arakatzen dituzte, harakinek idi osoa piezaz pieza zatitzeko duten trebetasun berdintsuagaz.

Erraz antzeman dezakegu Uribe Kostako hizkera "mendebalekoa" deitzen diogun dialektoaren barnean kokatzen dela, zehazki, ipar-mendebaldeko ertzean. Mendebaleko euskalkiaren eremu honek Bizkaiko lurralde zabalak hartzeaz gain, Gipuzkoako Deba eta Arabako Aramaio ibarrak ere hartzen ditu. Hara! Honek esan nahi al du, Barrikan eta Oñatin hizkera berbera erabiltzen dela? Inondik inora. Hizkera erabat ezberdina darabilten arren, Sopelako eta Oñatiko bizilagunek elkarbanatzen dutena dialektoa da.

Bada mendebaldeko dialektoan orokorra eta nabaria den ezaugarri bat: -gaz soziatiboa deritzoguna. Harakin batek bere auzoko gizona ikusi duela adierazteko, "gizonagaz topo egin dot" esango liguke mendebalde osoan zehar, Sopelatik Oñatira. Beraz, ezaugarri honek dialekto handi bat sailkatzeko balio digu, mendebaldeko hizkera guztiak bateratzen dituen ezaugarria delako.

Ezaugarri orokor hau, ordea, nahaspilatu egiten zaigu harakinak bost gizon ikusten baldin baditu. Uribe Kostatik Busturialdera, harakinak berdin esango digu "gizonakaz topo egin dot". Durangaldetik Deba ibarrera, ordea, bestelako zerbait entzungo dugu: "gizonakin topo egin dot". Hala, ezaugarri bateratzaile genuen hori, bereizle bihurtu zaigu bat-batean.

Funtzio biak betetzen ditu gure ezaugarri honek: batetik, mendebalde osoan entzungo dugu -gaz marka singularrean, mendebaldeko dialektoaz ari garela antzemateko balioko diguna; bestetik, -gaz eta -kin ditugu lehian pluralean, mendebaldeko dialektoa osatzen duen pieza handi hori bitan banatuz.

Azken batean, harakinak idiaren barrunbeetan barrena haragirik preziatuenak ateratzen dituen bezala, hizkuntzak bere barrunbeetatik gure hizkera sailkatzen laguntzeko ezaugarri preziatuenak erakutsi dizkigu. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun