Makilak, mozorroak eta tostadak, egunotan Barrikan

Iker Rincon Moreno 2016ko ots. 5a, 14:39
Barrikako inauteriak, artxiboko irudian

Agate Deuna, inauteriak eta tostada-lehiaketa egingo dituzte hilaren 6an, 13an eta 15ean, hurrenez hurren. Izan ere, ohi legez, Agate Deuna martiriari gorazarre egiteko eguna atzeratuko dute barrikoztarrek, hilaren 6ra arte, hain zuzen ere. Hala, zapatu horretan, makilak eskuan, lurra kolpatuko dute lozorrotik esnatzeko, eta koplak kantatuko dituzte Agate Deunari gorazarre egiteko. Goizeko 09:00etan ekingo diote bideari, udaletxeko plazatik abiatuta, 15:00era bitartean, 30 txokotatik igaro eta Agate Deuna kanta-ibilaldia osatuko dute. Ostean, herri-bazkaria egingo dute Batzoki tabernan, 15 euroan.

Astebete beranduago, makilak alde batera utzi, eta mozorroak jantziko dituzte barrikoztarrek. Otsailaren 13an, zapatuan, ospatuko dituzte aratusteak Barrikako frontoian. Festa arrastiko 04:00etan hasiko da, eta iluntzeko 08:00ak arte iraungo du. Tarte horretan, musika-jartzailea, adin arteari begiratuz banatutako hiru mozorro-lehiaketa, makillaje-tailerra eta txokolate-banaketa egongo dira, bertaratzen diren guztien gozamenerako. Eguraldi oso txarra eginez gero, jaia Jubilatuen Etxean egingo dute.

Mozorroen ajea kendu baino lehenago, gainera, ohikoa den eta ospe handia duen tostada-lehiaketa egingo dute Barrikan. Hilaren 15ean egingo dute norgehiagoka gastronomikoa, udaletxeko beheko solairuan (liburutegi zaharra). Horretan parte hartu gura dutenek hilaren 13ko 14:00ak arte izango dute aukera, kultur etxean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun