Hiru gazte atxilotu dituzte Barrikako hainbat etxebizitzatan lapurreta egiten ahalegintzea leporatuta

Iker Rincon Moreno 2017ko mar. 22a, 17:17

Getxoko ertzain-etxea. © EUSKO JAURLARITZA

Joan den bariku gauean, Ertzaintzak hiru gazte atxilotu zituen, Barrikako eta Sopelako etxebizitzetan lapurtzen ahalegintzea leporatuta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Zerbitzuz kanpo zegoen agente batek ohartarazi zituen lankideak atxilotuen jarrera "susmagarriaz" ohartuta.

Gaueko 20:45ean, zerbitzuz kanpo zegoen ertzain batek hiru gizonezko ikusi zituen Barrikako Arriaga auzoko familia bakarreko etxebizitzen inguruan. Handik gutxira, perimetroko hesia gainetik pasa eta etxebizitza batera sartzen ahalegintzen ari zirela ikusi zuen, polizia iturrien arabera. Ertzainak oihu egin zien eta gizonek ihes egin zuten. Horren aurrean, lankideei deitu eta etxebizitzatik 200 metrora atzeman zituzten bi. Susmagarriek ez zuten identifikatzeko dokumentaziorik eta eskularruak ei zituzten poltsikoetan. Hala, biak atxilotu zituzten ondarearen aurkako delitu-saiakera egotzita.

Hirugarren susmagarria handik ordu erdira atzeman zuten Sopelako metro-geltokian; hura ere atxilotu zuten, aurrekoen delitu bera egotzita.

Atxilotutako hiru gizonezkoak 20 eta 22 urte artekoak dira, eta epailearen esku utzi dituzte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun