Barrikako Udalbatzaren adierazpena, osorik:
Historian zehar, gure ordezkariek Euskal Herriaren burujabetza eskubidearen defentsa egin dute. Batzuetan herri maila eta beste batzuetan garai garaiko erakundeen esku egon da defentsa lan hori.
Horren adibide bat 1931eko apirilean dugu. Orduan Uribe Kostako hainbat udalek adierazpen bat onartu zuten autodeterminazio eskubidea errespeta zedin eskatuz. Sopela, Urduliz eta Lemoizko orduko akta liburuetan jasota geratu zenez, Uribe Kostako udalek bat egin zuten Bizkaiko alkateek Batzar Nagusietan hitzartutako adierazpenarekin, non Euskal Errepublika eratzea eta aldarrikatzea eskatu zen.
Hona hemen, 1931ko maiatzaren 11n Sopelako udalaren akta liburuan jasotako testua:
"…Ondoren, Getxoko, Mundakako eta Bermeoko Alkateek sinatutako idazkiaren berri eman da. Idazki horretan gizon horiek azaldutako irrikekin aho batez bat eginik, honako hau adosten da: irakurritako idazkiaren edukia aintzat hartzea eta bat egitea, determinazio osoz, euskal udalek Herri honi kendu zitzaizkion askatasun eta eskubide sakratuen alde hasitako kanpainarekin. Horrez gain, idazki ofizial bidez Getxoko Alkateari adierazpen honen berri ematea, jakinaren gain egon dadin".
Laurogeita sei urte beranduago Barrikako Alkate eta Zinegotziok, gure aurrekoek egin bezala eta pentsaera eta izaera desberdinetako barrikoztarrek egindako bideari jarraipena emanez, Euskal Herritarren erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu hots handiz.
Egindako aldarrikapena honako arrazoietan oinarritzen dugu:
- Herri bat gara.
- Euskal herritarrok gure etorkizun politikoa erabaki nahi dugu.
- Demokrazian bizi nahi dugu eta demokrazian sakondu nahi dugu.
Azkenik, Maiatzaren 7an Barrikan egingo den herri galdeketarekin bat egiten dugula adierazten dugu.