Berangoko Udalak aurrera pauso bat eman gura du, zaborraren kudeaketaren harira. Izan ere, egunotan hondakin organikoak aprobetxatzeko hainbat jarduera antolatzen dabil, Bizkaiko Foru Aldundiagaz elkarlanean. Hala, joan den hilaren 20an egin legez, maiatzaren 27an eta 28an ere, landare-jatorria duten hondakinak batzeko edukiontzi marroiaren inguruan informazioa emateko hainbat gune ipiniko ditu Udalak.
Barikuan, 10:00etatik 14:00etara Sabino Arana kalean egongo da horietako bat, eta 16:00etatik 20:00etara Berangoetako plazan beste bat; zapatuan, berriz, Santa Anan, Berango Antzokiko plazan egongo dira, 16:00etatik 20:00etara. Hondakin organikoak batzeko kitak banatuko dituzte, doan. Horrez gainera, ortua edo lorategia dutenei zuzenduta, konpostatzen ikasteko ikastaroak ere antolatu ditu Udalak. Ikastaroan, konposta egiteko edukiontziak banatuko dituzte, doan. Saioak hilaren 28an eta ekainaren 2an izango dira, Santa Ana kultur etxean, 11:00etatik 12:30era eta 19:00etatik 20:30era, hurrenez hurren.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.