Politika  Berango 2017-02-24 12:39

Herritarren iritziak bildu gura ditu Berangoko Udalak, auzoak hobetzeko

Berangoko auzoek zer-zelako hobekuntzak behar dituzten jakiteko prozesua martxan ipini du Udalak. Horretarako, auzokideen iritziak jaso gura ditu, Auzoak Hobetuz parte-hartzerako ekimenaren bitartez. Kontuak hala, lehenengo ahaleginean, Axgane eta Basotxu auzoetan buzoi bana ipini zituzten, joan den otsailaren 21ean, eta hilaren 28ra arte egongo dira bertan.

Herritarren iritziak bildu gura ditu Berangoko Udalak, auzoak hobetzeko
Berangoko erdigunea. | Ikusi handiago | Argazki originala

Horietan, auzo horietan egin beharreko hobekuntzak proposatu ahal izango dituzte inguruetan bizi diren gizon-emakumeek; «obra txikietarako aurrekontuaren bidez gauzatu ahal diren proposamenak», zehaztu dute arduradunek. Izan ere, honako proposamenak ez dituzte aintzat hartuko: zenbait kale, parke edo auzo guztiz berrurbanizatzea; ekipamendu handiak eraiki edo handitzea; teknika zein ekonomia aldetik bideragarriak ez diren proposamenak; eta udal-eskumenekoak ez diren jarduerak.

Jasotako iradokizun guztiak kuantifikatu, aztertu eta teknikaren aldetik balioetsi egingo ditu Udalak, horietatik zeintzuk egingo dituen ala ez adosteko helburuagaz. Horren ostean, emaitzak udal-webgunean argitaratuko dituzte, eta kultur etxean herri-bilera egingo dute, jasotako proposamen eta iradokizun «guztiei» erantzuna emateko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa