Herri-kontsultak Uribe Kostan

Erabakitzeko eskubidearen aldeko bilera egingo dute barikuan, Berangon

Iker Rincon Moreno 2017ko api. 5a, 10:49

Uribe Kostako gainontzeko udalerriei jarraituz, Berangok ere erabakitzeko eskubidearen aldeko bideari ekingo dio laster; izan ere, apirilaren 7an, barikuan, Gure Esku Dago taldea osatzeko eta herri-galdeketa egin behar den edo ez erabakitzeko bilera irekia egingo dute. Arrastiko 07:30ean ipini dute hitzordua, Berangoeta kultur etxean.

Berangoztarrek gogoratu dutenez, daborduko Euskal Herriko 73 herritan egin dira herri galdeketak; aurten, gainera, ehun herri baino gehiagotan egitea aurreikusita dago. "Denerako, 600.000 herritar baino gehiago bizi den eremuetara iritsiko dira galdeketak", azaldu dute. Gurean, gainera, herri askotan egingo dute kontsulta; lehenengoak Barrika, Gorliz, Plentzia, Sopela eta Urduliz izango dira, maiatzaren 7an egingo baitute herri-galdeketa. Azaroan ere bigarren olatu bat aurreikusten dela ohartarazi dute berangoztarrek.

Deitzaileek jakinarazi dutenez, galdeketa egin duten herri bateko kide bat gerturatuko da bilerara, bere esperientzia kontatzera. Ondoren, berangoztarrek euren asmoa zein den azalduko diete auzokideei. "Talde sustatzailearen proposamena begi onez ikusiz gero, argazki bat egin eta lanean hasiko gara", azaldu dute.

Berangok 560 sinadura behar ditu herri-galdeketa egin ahal izateko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun