Zapatuan herri-txangoa egingo dute Berangon, Osasunaren Eguna ospatzeko

Iker Rincon Moreno 2017ko api. 7a, 09:00

Berangoko nagusien etxetik irtengo da txangoa.

Gaur, apirilak 7, Osasunaren Nazioarteko Eguna izango da. Hala, horren inguruan jarduera asko antolatu dituzte Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak, eskualdean. Hurrengoa bihar izango da, zapatuan, Berangon. Goizeko 10:30ean herri-txangoa izango da, nagusien etxetik irtenda. 3,6 kilometroko ibilbidea osatuta, leku berera helduko dira parte-hartzaileak.

Antolatzaileek azaldu dutenez, ibilbidea "zailtasun baxukoa" izango da. Martxaren helburuak dira jarduera fisikoa, bizitza era osasungarriagoa eta aisialdi aktiboagoa sustatzea, herritar denen artean. Horrez gainera, Udala eta Nagusien Etxea lanean dabiltza, adineko biztanleek zahartze aktiboagoa bat izan dezaten, bizimodu sedentarioa saihestuz.

Ibilbidearen mapa

Uribe Kostako bosgarren Osasun Jaiaren egitaraua

Munduko Osasun Erakundea 1948ko apirilaren 7an eratu zen. Horregatik apirilaren 7a da Osasunaren Nazioarteko Eguna. Nazio Batuen Erakundearen osasun-agentzia horren kide dira 192 estatu gaur egun. Erakundearen helburuak nazioartean osasun-baldintzak hobetzea eta eritasunen kontra borrokatzea dira. Horretarako, ikerketak, garatu gabeko herrialdeetako gaixotasun endemikoen kontrako kanpainak eta sendagaien hedapena bultzatzen ditu, besteak beste. Genevan (Suitza) dauka egoitza.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun