Emakume Langileen Nazioarteko Eguna 2021

Historiako emakume esanguratsuak gogoan izango dituzte egunotan Berangon

Erredakzioa 2021ko mar. 5a, 14:16

© BERANGOKO UDALA

Historiako emakume esanguratsuen argazkiez bete dute Berango udalerria egunotan, martxoaren 8a dela eta. Arduradunek azaldu dutenez, helburua da herritarrak irudiok bilatzea, horiek dituzten mezuak irakurri eta gehien inspiratzen duten emakumeagaz argazki bat egitea.

Udal-arduradunek azaldu dutenez, aurtengo martxoaren 8rako, "emakume ausart, paregabe eta aitzindariz" bete dute Berango. "Emakume horiek ez zuten beldurrik izan, sinesten zutenaren alde borrokatzeko, beren ametsak betetzeko".

Argazkiak udalerrian sakabanatuta jartzeaz gainera, Udalak desafioa egin die herritarrei: "Emakume horiek aurkitu eta zuretzat dituzten mezuak ikus itzazu, eta gonbidatzen zaitugu gehien inspiratzen zaituen emakumearekin argazki bat egitera, eta guri bidaltzera, WhatsApp bidez, Ludotekara, 688 63 08 30 telefonoaren bidez". Ondoren, batutako argazki guztiak Berango Berdintasunak martxoaren 8rako prestatu duen Facebookeko orrira igoko dituzte.

Erronka martxoaren 14ra arte egongo da indarrean, eta, parte hartzaileen artean, hurrengo egunean, Neskato Errebeldeentzako Neska Onen ipuinak liburuaren ale batzuk zozketatuko dituzte.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun