Otxandategiko joaldunek zintzarriak joko dituzte Sevillan Athletic animatzeko

Ander Zarraga 2024ko api. 4a, 14:50
Otxandategi Dantza Taldeko 10 joaldun Sevillara joango dira Errege Kopako finalean Athletic animatzera. © OTXANDATEGI DANTZA TADEA

Berangoko Otxandategi Dantza Taldeko 10 joaldun Sevillara bidean doaz Kopako finalean Athletic animatzera. Joaldunek kalejira egingo dute zapatu goizean eta Sevillako kaleetatik.

Ez da lehen aldia Otxandategi Dantza Taldeko kideak Athletic animatzera doazena; izan ere, Urko Herrera berangoztarrak kontatu duenez, beraiek Liejan, Vienan, Lyonen, Bartzelonan eta beste hainbat hiritan egon dira Athletic animatzen, "eta aurreko Bartzelonaren aurkako finalean ere han izan ginen". Kontatu du Otxandategiko 10 zanpantzar joango direla eta beren kabuz egiten duten gauza bat dela, Athletic animatzeko eta euskal kulturari ere ikusgarritasuna emateko. 

"Zapatu goizean, Sevillako alde zaharretik, Athletic hiritik eta toki guztietatik arituko gara zintzarriak jotzen, 14:00etara arte gutxi gorabehera, eta gero partidua ikustera joango gara Athletic Hirira, sarrera barik goazelako", kontatu du Herrerak.

Aurretik bidaia luzea duten arren, Herrerak azaldu du daborduko badituztela han edo bidetik dauden lagunak, beraz, heltzeko irrikan daude. "Otxandategitik 10 joango gara, baina final guztietan egiten dugun bezala, lagun guztiok geratuko gara bazkaltzeko eta zapatuan 45 pertsona inguru batuko gara", aurreratu du berangoztarrak.


Otxandategiko joaldunek beren zintzarriak joko dituzte Sevillan. © OTXANDATEGI DANTZA TALDEA

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun