Koronabirusa Uribe Kostan

Online bidezko irakaskuntza baloratu dute EHUko ikasleek

Iker Rincon Moreno 2020ko api. 1a, 11:55
EHUko Leioako campuseko Irakasleen Unibertsitate Eskola. © EHU

EHUko eragile denak online bidezko irakaskuntzara nola egokitu diren aztertzeko ikerketa egin dute Nor ikerketa-taldeko Bea Narbaizak eta Edorta Aranak, Ikusiker Panelaren bidez. Denera, ikasleek osatutako 650 inkestatik gora jaso dituzte, martxoaren 25ean eta 26an; hau da, etxealdia hasi eta hamar egunetara.

Ikusiker ikerketa-taldeak galdetegi zabal bat egin die ikasleei irakaskuntza birtualari buruzko datuak jasotzeko. Inkesta joan den martxoaren 25ean eta 26an egin zuten eta, denera, EHUko hogei bat graduko 650 ikaslek erantzun zuten.

Lehenik eta behin, online bidez ikasten ari diren galdetu zaie ikasleei. Erantzuna, argia eta irmoa izan da: "ikasleen %93 birtualki ikasten ari dela baieztatu da, eta gutxi batzuk dira egiten ari ez direla adierazten dutenak, %7".

Datuek diotenez, ikasle gehienek uste dute online bidezko irakaskuntza "erabilgarria" egiten ari zaiela: "%58 nahiko ados eta oso ados aukeren alde egin dute, %24 bat tartean kokatzen da eta oso gutxi dira ados ez daudenak guztira %18".

Ikasketakaz aurrera egiten laguntzen ote dieten galdetzerakoan, ikerketa-taldekoek zehaztu dute datuak "apur bat aldatu" egiten direla; hala, ados ez daudenen kopurua %27ra igotzen da. "Ez ados aukera %25ean mantentzen da eta Ikasleen erdiak baino apur bat gehiagok (%48) ikasketekin aurrera egiten laguntzen diela aitortzen dute".

Irakasgaiak eta irakasleak egoera berri horri aurre egiteko prestatuta ote dauden galdetuta, ikasleen iritziak "kezkagarriak" izan daitezkeela baloratu dute ikerlariek: "%2 ez dago batere ados, %15 ez dago ados, %31 ez ados ezta ados ere, %34 nahiko ados eta %18 oso ados".

Eguna antolatzeko balio dien galdetzerakoan, ikasleek modu berean baloratzen dute baiezkoan eta ezezkoan, baita erdian kokatzen direnak ere. Hala ere, esperientzia "polita" kontsideratzen ote duten galdetuta, gehiengoak dio ezetz (%49); %33 erdian kokatzen da eta %18k uste du polita izaten ari dela egoera.

Gogoratu beharra dago, galdeketa berrogeialdia hasi eta hamar egunera egin zela; hala, datuok eta iritziok alda daitezke egunotan. Izan ere, EHUkoek azaldu dutenez, unibertsitatea osatzen duten eragile denak egokitze-prozesua bizi izan dute azken egunetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun