Otsailaren 15era arte atzeratu egin dute Kalezuloren inguruko epaiketa

Iker Rincon Moreno 2016ko urt. 18a, 16:10

Altzagako Jado eta Ibarra kaleetako kantoian argazkirako hitzordua jarrita, dozenaka lagunek adierazi zieten elkartasuna atzo, akusatutako gazteei. © ERANDIOKO GAZTE ASANBLADA

Gaur, urtarrilak 18, epaitu behar zituzten Erandioko gazte bi, Bilboko Buenos Aires kaleko auzitegian, usurpazio-delitua egotzita. Epaileak, ordea, judizioa atzeratzea erabaki du; izan ere, akusazioak gaur bertan aurkeztu du froga legez, Erandioko Udaltzaingoak igorritako atestatu bat. Polizia-txosten horren arabera, Kalezulo gaztetxean identifikatu zituzten mutil biak, euren aurkako salaketa aurkeztu baino egun batzuk lehenago. Gauzak horrela, eginbideak burutu zituzten udaltzainak eta atestatua bideratzearen ardura hartu zuen Ertzaintzako instrukzio-agentea deklaratzera deitzeko eskatu du fiskalak. Hala, Bilboko Instrukzioko 7. zenbakiko epaitegiko magistratuak epaiketa otsailaren 15ra (10:10ean) atzeratzea erabaki du, aipatutako polizia-agenteak deitu ahal izateko.

Bitartean, Bilboko Instrukzioko 1. zenbakiko epaileak emandako ebazpena aintzat hartzeko eta, horretan oinarrituta, gazte biak absolbitzeko eskatu du Iñaki Carro gazteen abokatuak; orain ia bost urte, epaileak arrazoia eman zien Kalezuloko gazteei, beste auzi batean. "Testuingurua berbera da", adierazi du defentsako letraduak. Oraingo honetan, 300 eurotik gorako isun bana jarri gura diete akusatuei. Carrok, ordea, epaiketa berri hau "Kalezulo gaztetxearen hustea eta itxiera agintzeko aitzakia" izan daitekeela uste du. Gune autogestionatua hartzen duen eraikina lehiaketara aterata dago; prozedura horren administratzaileak aurkeztu zuen gazte bien aurkako salaketa.

Erandioko Gazte Asanbladak Udal Gobernuari leporatu zion urtarrilaren 10ean herriko gazte biren aurkako auziaren eta Kalezulo gaztetxea ixteko saiakera baten atzean egotea. Egun bi beranduago, EAJk eta PSE-EEk osatzen duten Udal Gobernuak gezurtatu zituen adierazpen horiek. HIRUKAri igorritako bost puntutako komunikatu labur batez, Udalak adierazi zuen ez diola "inoren eta ezeren aurkako neurririk hartzeari ekin. Lokal-lursail-eraikinaren jabea izan da egin duena". Gaur aurkeztutako polizia-atestatua, ordea, Erandioko Udaltzaingoak helarazi diola adierazi du fiskalak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun