Kalezuloren etorkizuna epailearen esku dago

Iker Rincon Moreno 2016ko ots. 15a, 20:50
Epaitegian egindako elkarretaratzea.

Erandioko Kalezulo gaztetxearen etorkizuna epailearen esku dago, daborduko. Gaur goizean, Bilboko epaitegiek hartu dute 3608/2015 auzia, Erandioko gazte biren aurkako bista, balizko usurpazio delituagatik. Lekukoak entzunda, defentsak absoluzioa eskatu du, auziperatuen aurkako frogarik ez dagoelakoan. Fiskaltzak eta akusazio partikularrak, ordea, eraikina utzaraztea eta isun bana eskatu dute, 120na eurokoa kasu batean eta 1.800na, bestean. Erandioko Gazte Asanbladak lotsagarritzat jo du magistratuaren jarrera, bista "hasi aurretik, epaileak erabakia hartuta zuela esan" duelakoan.

Gaurko bistan deklaratu dute Ereaga Gestion kitatze bidean dagoen enpresaren auzi-administratzaile salatzaileak (gaztetxea dagoen eraikinaren jabea da Eraga Gestion SL), auziperatu biek, ertzain batek eta hiru udaltzainek.

Erandioko Udaltzaingoaren 3 zenbakiko agentea izan da akusaturen bateri Kalezulo gaztetxean erantzukizunen bat izatea leporatu dion lekuko bakarra. Bere berben arabera, 2015eko maiatzaren gau batean, 23:00ak aldera, gaztetxera joan ziren bera eta beste agente bat, zarata kontu batengatik: "barrutik irten zen pertsona batek esan zuen bera zela arduraduna". Akusazioak galdetu dionean ea pertsona hori Imanol Eguskiza auziperata den, baietz erantzun du udaltzainak, bizkarra eman dien akusatuak begiratzeko buelta eman barik. Gerora zehaztu duenez, Eguzkiza "kontzertuaren arduraduna" ei zen.

Udaltzainen arteko kontraesanak

3. agenteagaz batera zihoan 20 zenbakiko udaltzainak, ordea, bestelako kontakizuna eman du: eurak biak eta Ertzaintzaren patruila bat hara joan ziren gau hartan, "Udalaren arduradun politikoek baimena ez zuten jarduerak egongo zirela ohartarazi zigutelako" eta "auzokideek zaraten berri eman zutelako". Poliziak ez ziren gaztetxera sartu eta irten zen bigarren pertsona identifikatu zuten, "lehenengoak ez zuelako dokumentazioa soinean". Udaltzain horren aburuz, Eguskiza ez zen arduradun gisa identifikatu baina kontzertuan jotzen zuten hiru musika-taldeetako kideren bateko laguna zen; luze mintzatu zen eurekaz eta "bitartekaritza lanak" egiteko prest agertu zen, musikaren bolumena jaits zezaten. Halere, "kasu handirik ez" ziotela egin azaldu zien beranduago akusatuak. Udaltzain berak beste bitan izan zen Kalezulon, epaileari azaldu dionez: 2015eko martxoan, 20 pertsona topatu zituzten eraikinean baina ez zuten bat ere identifikatu, "denak arduradun zirela esan zigutelako, dena asanbladan erabakitzen zutela". Azkenik, apirilean neska bat identifikatu zuten.

Erandioko 69. udaltzainak argi utzi du Oier Torre ez zela Kalezulo gaztetxearen arduradun gisa aurkeztu 2015eko azaroaren 13an, polizia udal dekretu baten berri zentro sozialera sartu zenean. "Oier izeneko bat eta Josu izeneko bat" zeuden barruan eta identifikatu nituen; "biek ala biek esan zidaten ez zirela bertako arduradunak, baina gutuna arduradunei helarazteko konpromisoa hartu zuten". Informazio-panelean iltzatu zuela zehaztu du Torrek. Poliziak azaldu duenez, udal dekretua ekitaldiren bat egiteko baimena ukatzen zion gaztetxeari.

Udaltzainek gaztetxearen barruan edo inguruetan 2015ean ikusitako 25 lagun horietatik bi besterik ez daude auziperatuta. Ereaga Gestion enpresaren auzi-administratzailearen salaketa kudeatu duen ertzainak azaldu duenez, "salaketa jarri zenean egiaztapenak egin genituen, arduradunak topatzeko, baina negatiboak izan ziren". Horregatik, Erandioko Udaltzaingora helarazi zioten prozedura: "Udaltzaingoak egin zuen arduradunak identifikatzeko kudeaketa". Berak inoiz ez zituen ikusi eta Erandiotik helarazitako izenak kopiatu besterik ez zuela egin aitortu du.

Zortzi urteko utzikeria

Ereaga Gestion SL hartzekodunen esku-hartzean sartu zen 2007ko abenduan, Susaeta familiaren Ereaga talde osoagaz batera, 168 milioi euroko zorraren eraginez. 19 enpresetatik zazpik egin zuten aurrera egin 2010ean, tartean Ereaga Gestion SL, egoitza Areetan zuena. Halere, gaur auzi-administratzaileak azaldu duenez, "enpresa ezin izan dute hondotik atera eta 2015ean likidazioa eman zen". Pasa den uztailean merkataritza-auzitegiak likidatzaile bi izendatu zituen. Horiek zorrak kitatzeko ondareen zerrenda egin eta egoera aztertzeari ekin zioten. Oporrak pasatuta, irailaren bukaeran Erandioko Udalak okupazioaren berri eman zien, likidatzailearen berbetan. Izan ere, udal arkitektoak txostena bidali zien, Udaltzaingoak Goyoaga kaleko lokaletara sartu ezinik zebilela esan zien, eta Udalak "arriskua zegoela" eta "salaketa jartzera bultzatu gintuen", aitortu du gaur auzi-administratzaileak. Bide beretik jakin zuen Erandioko Kalezulo gaztetxeak lokalak erabiltzen zituela. Urriaren 2an, auzi-administratzaileetako bat bertaratu zuen eta egiaztatu zuen ezin zuela sartu jasotako giltzakaz.

Likidatzaileak argi utzi du eraikinerako duen asmoa: "saldu behar dugu". Izan ere, hori eta Ereaga Gestionen beste ondasun denak saldu gura du, zorrak kitatzeko: "Hura erosi gura dezakeen edonork afera konpondu arte itxarongo luke". Hala, azaroaren 18an, salaketa jarri zuten, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren esku utzita nor leporatu behar zen. Ildo horretan, ez dakite noiz aldatu den sarraila, gaztetxe legez eraikina 2011tik aurrera erabiltzen delako, baina aurretik ere utzita egon zelako. Nork egin zuen ere ez dakite.

Azaroan edo abenduan Kalezulo gaztetxearen asanbladak posta elektroniko mezu bat igorri zien, bilera batera deitzeko. Batzar hori urtarrilean izan zuten administratzaileek auziperatu bategaz eta asanbladako kide batzuakaz. Ordura arte ez zen inolako komunikaziorik egon aldeen artean, onartu dutenez. Egun hartan, lokala uzteko eskatu zieten gazteei, lehenengo aldiz.

Auziperatu bien aldetik biek onartu dute gaztetxearen lantzean behingo erabiltzaileak izatea, baina bertako okupazioan edo antolakuntzan ardurarik izan barik. Giltzak ere inoiz ez dituztela izan argitu dute. Imanol Eguskizaren kasuan, kontzertu eta ekimen batzuetan izan zela onartu du. Oier Torreren kasuan, azken urte biotan eskalada-murrua erabili izan du, maiz, bestela hurbilena Bilbon dagoelako. Biek ala biek kontziente dira Kalezulo gaztetxeari buruzko epaiketa egin zela 2011n eta orduan auzia artxibatu egin zela, hortaz haietako bat ere ez zuen uste deliturik egiten zuenik. Gaineratu duenez, poliziek inoiz ez diete lokaletik ateratzea agindu.

Elkartasuna, ustezko delitu-froga

Auziperatuen, salatzailearen eta lekukoen deklarazioez gainera, akusazio partikularreko abokatuak ustezko froga bi aurkeztu zituen: Erandioko Gazte Asanbladaren blogetik kopiatutako argazki-multzo bat eta Imanol Eguskizak "Bizkaiko Hitza" astekariari emandako elkarrizketa. Bertan, salatu zuen auziperatuak "Kalezulo bi baino gehiago gara" onartzen zuela. Harro erantzun zion Eguskizak: "jakina, salatu gintuztenetik jende askok eta askok babestu gaitu, horregatik ez gara bi bakarrik sentitzen: oso pozik nago".

Hala, lekukotasun denak entzun ostean, defentsaren abokatuak nabarmendu du ezin dela Kode Penalaren 245. artikulua aplikatu kalezuloren auzian, ez delako jakin zeintzuk diren gaztetxearen arduradunak. Era berean, gogoratu du auzia 2011n bertan epaitu zela eta orduan epaileak ez zuela deliturik ikusi. Gainera, jabeak ez du jakinarazi eraikina berreskuratu gura zuela okupazioa gertatu eta lau urte beranduagora arte eta beti salaketaren ostean. Horregatik, auziperatuen abokatuaren ustez gaurko bistan mahai gainean zegoen kontu bakarra zen Sonora diskotekak jarritako salaketa, gai administratibo eta zibila, baina ez penala.

Gaurko bistaren aurretik, elkarretaratzea egin du dozena bat gaztek epaitegiaren aurrean. Hiru ertzainek hiru lagun identifikatu dituzte, nahiz eta kontzentrazioak 20 laguneko kopurura ez heldu. Poliziek ez dute argitu identifikazio horiek isuna ekarriko duten.

Gaztetxea ala funts putreen etekina

Erandioko Gazte Asanbladak azaldu duenez epaiketa juridikoki "irabazi" egin du gaur, inor arduradun izendatzeko frogarik ez dagoelakoan. Hori barik, ezin liteke eraikina hutsarazi. Halere, bistaren aurretik epaileak ustez egindako adierazpenak dela-eta, ezkorra da epaiari begira eta Kalezulo hutsarazte arriskuan dagoela nabarmendu du.

EGAk gaztetxearen "espazio feminista, integratzaile, euskaldun eta parte-hartzailea" babestera deitu du, "aisialdi alternatiboa" eskaini eta "gazteria kritikoa hezi" duena. Era berean, kolektibo horrek kritikatu du Udalak "presionatu" dituela auzi-administratzaileak salaketa jar zezaten eta "errepresioagaz" jarraitzen duela. Horren adibidetzat ipini dute "inauterien jaialdiaren harira gazte-asanbladako hainbat kidek udaltzainen bisita jaso dutela, nork bere etxean". Horregatik, Udal Gobernuari "beldurraren politika" erabiltzea leporatu diote.

EGAko kideen ustez, eraikinak "irtenbide bi ditu: lursail huts bat bihurtzea, urrutiko funts putre batek espekulazioaren bidez etekina noiz ateratzea itxaroten egoteko, edo gazteen aisialdirako espazio libre eta erreferente izaten jarraitzea, Kalezulo gaztetxea izaten jarraitzea". Pasa den zapatuan, 170 pertsonek baino gehiago babestu zituen auziperatuak eta gaztetxe-proiektua, Altzagatik manifestazioa eginez.

Erlazionatuak

"Kalezulo aurrera" manifestazioa

Iker Rincon Moreno 2016 ots 15 Erandio

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun